Iradokizunak
30.09.2024
2023-2024 ikasturtean, Deustuko Unibertsitateko Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapia graduetako 253 ikaslek IMQn egin zituzten praktikak, aspalditik indarrean dagoen eta aurtengo uztailean berritu zen erakunde biren arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Deustuko Unibertsitateko Medikuntza graduko bigarren mailako ikasleek 2024-2025 ikasturtean IMQn praktikak hasi berri dituztela aprobetxatuta jakinarazi dira datu horiek.
Iazko ikasturtean, Deustuko Unibertsitateko Medikuntza graduko 98 ikaslek egin zituzten praktikak IMQn, hain zuzen, lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailetakoek. Era berean, Erizaintza graduko lehen eta bigarren mailetako 136 ikaslek egin zituzten praktikak IMQn. Eta Fisioterapia graduko bigarren eta hirugarren mailetako 19 ikaslek.
Aurten, IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitaleko instalazioetan oraintsu egin zaie harrera 2024-2025 ikasturterako Medikuntza graduko praktiketako ikasleei, ekitaldi baten eskutik, zeinera bigarren mailako 25 ikasle bertaratu diren. Lehen mailakoek urtarriletik ekainera egingo dituzte praktikak; hirugarren mailakoek azaroan hasiko dituzte; laugarren mailakoek, martxoan; eta, azkenik, bosgarren mailako ikasleak urtarrilean hasiko dira praktikak egiten IMQn. Halaber, aurtengo ikasturtean IMQn Deustuko Unibertsitateko Medikuntza graduko praktikak hasiko direla ospatzeko egin den argazkian Erizaintzako graduko praktiketako ikasleak ere agertu dira.
IMQ kliniken Kalitatearen eta Pazienteen Segurtasunaren zuzendari Isabel Urrutiak hau gogorarazi du ekitaldian: «Deustuko Unibertsitateko Erizaintzako gainerako graduetako promozioak pixkanaka sartzeak ekarriko du 2025-2026 ikasturterako 350 ikasle izango direla urtean IMQ Zorrotzaurre prestatzen. Hortaz, Euskadiko osasun pribatuko unibertsitate-irakaskuntzan erreferente bilakatu gara».
Halaber, azpimarratu du zeinen garrantzitsua den IMQ Taldeko zentroetako profesionalen lana praktika horietan, «ikasleak hartzen, asistentziaren gaineko ikaskuntza-prozesuan laguntzen, hainbat aukera eta etorkizun profesional aztertzen laguntzen, eta asistentziaren humanizazioan eta pazienteekiko tratu etikoan oinarritutako balioak ematen. Hori guztia, etengabeko abantzuko ikuspegi pertsonalizatu batetik, mailaz mailako eta graduz graduko ikaskuntzaren arabera».
Ikasleek zentro hauetan egin ohi dituzten praktikak: IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitalea eta IMQ Colón (Bilbo), Zurriola (Donostia) eta Amárica (Vitoria-Gasteiz) unibertsitate-zentroak. Zentro hauetan ere txandakatzen dira ikasleak: IMQ Virgen Blanca Klinika eta IMQ Taldeko hainbat zentro, hala nola polikontsultorioak (Abendaño, Barakaldo) eta IMQ Igurcoko adinekoentzako arretarako zentroak (Unbe eta Zorrozgoiti) eta IMQ Amsako psikologia- eta psikiatria-zentroak.
IMQ eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena berritu izanari esker, sendotu egin da bi erakundeen arteko harreman akademikoa eta asistentziala, eta aukera ematen zaie osasun-arloko etorkizuneko profesionalei ikasketa-plan ofizialean eskatzen diren prestakuntza osatzeko eta gaitasunak berenganatzeko. Halaber, aukera ematen du Deustuko Unibertsitatearen eta IMQ Taldeko zentroen artean ezagutzak trukatzeko eta irakaskuntza-jardueretan eta ikerketa-proiektuetan elkarlanean aritzeko.
Deustuko Unibertsitateak eta IMQ-k elkarrekin egiten duten prestakuntza naroaz gain, Euskadiko aseguratzaileak Estatuko eta nazioarteko beste unibertsitate batzuekin ere baditu irakaskuntzako hitzarmenak.
Eta, graduko prestakuntzaz gain, IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitalean beste osasun-titulu batzuetako ikasleek ere egiten dituzte praktikak, hala nola: Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako Teknikaria, Farmaziako eta Parafarmaziako Teknikaria, Erradioterapia eta Dosimetriako Goi-mailako Teknikaria, Diagnostikorako Irudiko eta Medikuntza Nuklearreko Goi-mailako Teknikaria, Anatomia Patologikoko Goi-mailako Teknikaria eta Laborategi Kliniko eta Biomedikoko Goi-mailako Teknikaria. Eta Euskadiko ospitale horretako irakaskuntzari buruzko alderdiak, graduondoko hainbat ikasketatako ikasleen harrerarekin osatzen dira.
La primera promoción de Enfermería de la Universidad de Deusto inicia sus prácticas en las clínicas y centros sociosanitarios IMQ
Deusto e IMQ renuevan el convenio para las prácticas clínicas en centros del Grupo IMQ del alumnado de Medicina, Enfermería y Fisioterapia
La Clínica IMQ Zorrotzaurre ha formado en 2023 a cerca de 300 estudiantes de ciencias de la salud