Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

27 milioitik gora pertsonak behar dituzte urtero larrialdietako zerbitzuak

26.05.2022

27 milioitik gora pertsonak behar dituzte urtero larrialdietako zerbitzuak
  • Larrialdietako zerbitzuek 27 milioitik gora pertsonari ematen diete arreta urtero Espainian. 774.000 pertsonari, EAEko Osasun Sistemaren bidez, eta 111.457 pertsonari, IMQ-ko klinika eta polikontsultategien bidez, eta IMQ Zorrotzaurre da Euskadiko medikuntza pribatuko ospitale-larrialdietako asistentziaren erreferentzia-zentroa.

  • Estatuan, larrialdietako zerbitzuek arreta gehiago ez ezik, aintzatespen eta lan-baldintza hobeak eta prestakuntza arautua ere eskatzen dituzte, herritarrei arreta egokia eta hobea eskaini ahal izateko.

Urtero, 27 milioitik gora pertsona igarotzen dira Larrialdietako Zerbitzuetatik Espainian; Euskadin, aldiz, 774.000 pertsona baino gehiago. Maiatzaren 27a Larrialdietako Medikuntzako Nazioarteko Eguna da, munduan European Society for Emergency Medicine-k (EUSEM) eta Estatuan SEMESek (Larrialdietako Medikuntzako Espainiako Sozietatea) sustatuta. Egun horren xedea da erakunde ofizialek nahiz herritarrek arreta urgentearen garrantziaz gogoeta egin dezaten. IMQ-ko kliniketako Larrialdietako nagusi Fidel Fuentesek adierazi duenez, “Larrialdietako sistema mediko ongi garatu, prestatu eta antolatuak eduki behar dira, pazienteen biziraupena luzatzeko eta egoera larri baten ondoriozko desagaitasuna murrizteko”.

Aurtengo leloa “Nosotros cuidamos de ti, por favor cuídanos” (Guk zaintzen zaitugu; mesedez, zuk zaindu gaitzazu) da, eta, SEMESen web-orri ofizialak adierazi duenez, larrialdietako medikuntzaren izaera dela eta, horretan lan egiten dutenek beti daude estresaren eraginpean. Eta estresa nabarmen areagotu da pandemian, profesionalek nekea, akidura eta depresioa izan baitituzte. Profesional-kopuru beharrezkoa ez ezik, arreta, aintzatespena, indargarria eta lan-baldintza egokiak ere behar ditu ezinbestez larrialdietako medikuntzak. Estatuko larrialdietako zerbitzuek beste herrialde batzuetan badagoen prestakuntza arautua ere eskatzen dute.

“Larrialdietako profesionalok, beti prest gaudenok, dena eman dugu pandemian, eta hortaz, zerbitzurako bokazioa, buru-belarri aritzeko gogoa eta erresilientzia itzela erakutsi ditugu, beti eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan pazienteen eskura egon baikara, baita baliabide materialak eta giza baliabideak urriak zirenean ere. Zerbaitegatik dira larrialdietako zerbitzuak, lehen mailako arretarekin batera, osasun-sistemari eusten dion euskarri nagusia, baita patologia larriak edo ospitaleratze urgenteak, medikoak eta kirurgikoak sartzeko ate nagusia ere”, adierazi du Fuentes sendagileak.

IMQ, medikuntza pribatuko ospitale-arreta urgentearen erreferentzia

IMQren larrialdietan 77.125 larrialdiri eman zitzaien arreta ospitale-eremuan eta 34.332 larrialdiri, eremu anbulatorioan 2021ean; zerbitzu horien lehentasunezko helburua da larriak izan daitezkeen patologiak dituzten pazienteei arreta azkarra eta eraginkorra ematea, eta kliniketan, berariazko zainketak ematea jarduera mediko-kirurgikoetan, traumatologikoetan eta suspertzeko eta egoera larriak egonkortzeko zainketetan. Horretarako, azpiegitura eta tresna egokiak dituzte, baita kualifikazio handiko profesionalak ere.

“Larrialdietako zerbitzuetako arreta pazientea hartzen denean hasten da, horren konplexutasun- edo larritasun-maila ebaluatzen zaionean, alegia, eta, ondoren, lehentasun-maila ematen zaio. Eta egoera larriena duten pazienteei azkarren eman ohi zaie arreta. Jardunbide horri esker, gure jardueren plangintza egokia egin dezakegu eta talde-lana behar bezala antolatu, ondo zehaztu eta partekatutako helburuen bidez eta profesionalen inplikazio handiaren eskutik, pazientea argi eta garbi orientatzeko. Halaber, gure inguruko medikuntza pribatuko ospitaleko larrialdietako asistentziaren erreferentzia-zentro gisa dugun kokapena sendotu egin dugu”, azaldu du Fuentes doktoreak.

Osasun-sistemari eragiten dioten egiturazko problematikak gorabehera, hala nola profesional falta eta erretiro masiboak, belaunaldi arteko erreleboa zailtzen dutenak, “gure Larrialdietako Unitatean etengabe lan egiten dugu etengabe hobetzeko planak garatzeko. Pazientearen asistentziaren kalitatearekin eta segurtasunarekin dugun konpromiso irmoa agerian uzten duten ekintzen artean, aipatu beharra dago, esaterako, IMQ Zorrotzaurre klnikak Joint Commission Internationalen ziurtagiria lortu duela, baita hainbat ziurtagiri  ere, esate baterako, Kalitatearen Kudeaketaren Sistemaren Ziurtagiria (ISO-9001), pazientearen segurtasunaren ziurtagiria (UNE 179.003) eta gure Larrialdietako Zerbitzua Best in Class sari nazionaletan ohorezko aipamendun finalista izana. IMQ Zorrotzaurre klinikak unibertsitate-ospitale gisa bereizgarri duen irakaskuntzarekiko konpromisoa ahaztu gabe; esaterako, gure Larrialdietako zerbitzuan UPV/EHUko Medikuntzako hirugarren mailako 200 ikasle inguru eta Deustuko Unibertsitateko Medikuntzako lehenengo eta bigarren mailako 70 ikasle inguru tutorizatzen dira”.

Azkenik, Fidel Fuentes medikuak, “zerbitzu  horiek zentzuz erabiltzea” komeni dela adierazi du. “Ez da larrialdietako zerbitzuetara jo behar arazoak beste osasun-maila batzuetan, esaterako, lehen mailako arretan edo etengabeko arretako zentroetan, konpondu ahal badira, larrialdietako zerbitzuetan gehiegizko eskaera pila ez dadin, zerbitzu horiek larrialdiei arreta ematea baitute xede”.