Iradokizunak
16.12.2021
«Azken 30 urteotan garatutako ikerketa itzelaren ondorioz, esklerosi anizkoitzari aurre egiteko aurrerapen terapeutikoak izugarriak dira. 1995. urtea baino lehen ez genuen botikarik gaixotasunaren bilakaera aldatzeko eta, gaur egun, hamalau baino gehiago daude merkatuan, hamar ekintza-mekanismo ezberdinekin. Botika horietako batek ere gaixotasuna sendatzen ez badu ere, uneotan oso modu eraginkorrean prebenitu ditzakegu agerraldiak eta atzeratu edo prebenitu bilakaera progresiboa eta, hortaz, desgaitasuna». Hori da, hain zuzen, esklerosi anizkoitzaren tratamenduaren egungo egoera, Alfredo Rodríguez-Antigüedad doktoreak, IMQ-ko neurologoak, nabarmendu duena, azaroaren 18a, hots, Esklerosi Anizkoitzaren Egun Nazionala dela eta.
Esklerosi Anizkoitzaren Espainiako Elkarteak (AEDEM-COCEMFE) eta horri atxikitako 46 elkarteek deitu duten egun horretan, hainbat jarduera egiten dira herritarrak gaixotasun horrekin bizi direnen egoeraz jabearazteko eta horrekiko sentikor bihurtzeko.
Esklerosi Anizkoitzak banaketa geografiko desberdina du, eta ez da hain ohikoa ekuatorean, eta haren maiztasuna handitu egiten da ekuatoretik urrundu ahala. «Esklerosi anizkoitzaren kausa oraindik ezezaguna bada ere, jakina da gaixotasuna ingurumen-faktoreren baten interakzioaren eta norbanakoaren aurretiko jarreraren ondorioz gertatzen dela. Euskadi arrisku ertaineko/handiko eremu batean dago, eta bertoko prebalentzia 110 kasukoa da 100.000 biztanleko; hortaz, 2.200 pertsonak baino gehiagok omen dute gaitza».
Neurologoak agerian jarri duenez, «Euskadin esklerosi anizkoitza duten pazienteei ematen zaien osasun-arretaren maila eta kalitatea bikainak dira, eta, hari esker, goiz diagnostikatu eta tratatu daiteke. Ondorioz, Euskadin gaixotasun hori dutenen bizi-kalitatea eta pronostikoa hobetzen ari dira».
Euskadin patologia horri buruzko ikerketaren gainean Rodríguez-Antigüedad sendagileak adierazi duenez, «gaixotasun horri buruzko ikerketa eta hori kontrolatzeko aurrepenak azkar garatzen ari dira, Euskadin ere, eta, ondorioz, gero eta eraginkorragoak izango gara gaixotasunaren bilakaera eta ondorioak kontrolatzeko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko».
Esklerosi anizkoitza nerbio-sistema zentraleko hanturazko eta neuroendekapenezko gaixotasuna da; ezin da prebenitu eta oraindik ez dago hori sendatzeko tratamendurik. Ugaltzeko adinean (20-40 urterekin) agertu ohi da, eta askoz ohikoagoa da emakumeengan (3 emakume gizon bakoitzeko).
Esklerosi anizkoitza da gaixotasunagatiko desgaitasun-kasua nagusia gazteen artean, «adierazpen hori gaixotasunaren bilakaera geldiarazteko botikarik ez zegoen garaikoa bada ere».
Ikuspegi klinikotik, esklerosi anizkoitzak hau du ezaugarri nagusi: «garunean eta hezur-muinean) hanturazko lesioak (“plakak”) agertzen dira, eta horiek sendatu egiten dira, baina orbaina uzten dute. Nerbio-sistema zentraleko zona kritiko batean plaka bat agertu izanak gaixotasun horren bereizgarri diren sintoma azpiakutuak, “agerraldiak edo errezidibak” izenekoak, eragiten ditu. Agerraldiak aldez aurretik abisatu gabe agertzen dira, prebenitu daitezkeen faktore abiarazlerik gabe», adierazi du Rodríguez-Antigüedad sendagileak.
Agerraldi batean, sintomek orduak edo egunak iraun dezakete; esaterako, «pertsonak sentimena edo indarra galtzen du gorputz-adar batean edo gehiagotan, edo ikusmena galtzen du begi batean edo ikusmen bikoitza du, edo mugimenduetan ez du koordinaziorik, esaterako». Egun edo aste batzuk igaro ondoren, sintomak guztiz arintzen dira ala arrastoren bat uzten dute.
Badaude beste sintoma batzuk ere, «hain ageriko ez direnak, baina ohikoak direnak, hala nola, nekea eta zailtasun kognitibo subjektiboak, pazienteen bizi-kalitatea nabarmen okertzen dutenak».
IMQ-ko neurologoak xehatu duenez, «plakak etengabe eta ausaz agertzen dira garuneko eta hezur-muineko edozein lekutan, eta, horregatik, gaixotasun horren sintomen errepertorioa oso handia da. Plaka asko garuneko eta hezur-muineko zona mutuetan agertu ohi dira, eta ez dute adierazpen klinikorik».
Denboraren poderioz, «15 urte baino gehiago igaro ondoren, eskuarki, pazienteak errezidibak eta erremisioak dituen bilakaera izatetik, egoera neurologikoaren narriadura maltzur eta progresiboa izatera igarotzen dira. Fase neurodegeneratibo horretan, desgaitasuna etengabe areagotzen doa», amaitu du azaltzen Rodríguez-Antigüedad sendagileak.
Los biomarcadores facilitarán una medicina de precisión en casos de esclerosis múltiple