Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Alzheimer-ek ehun mila Euskal Herritar inguru jo litzake 2050ean

19.09.2022

Alzheimer-ek ehun mila Euskal Herritar inguru jo litzake 2050ean
  • Euskadin 36.000 kasu inguru daude egun, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi duenez, kopuru hori hirukoiztu egin daiteke munduan 2050ean. Sendabiderik ez duen gaixotasun neurologikoa denez, Alzheimer-en Munduko aurtengo Egunaren goiburua hau da: ‘InvestigAcción’ (ikerketa + ekintza).
  • Alzheimer-en gaixotasunaren intzidentzia ezohikoa da 65 urte bete baino lehen; hortik aurrera, haren prebalentzia bost urtero bikoizten da. Hortaz, profesional soziosanitarioek adineko pertsonengan kasu horiek egoki maneiatzea ezinbestekoa da arreta ezin hobea emateko.

Irailaren 21a Alzheimer-en Munduko Eguna da, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) ekimenez. Alzheimer-en Espainiako Konfederazioak “InvestigAcción” (ikerketa + ekintza) goiburua sortu du egun horretarako, gaixotasunaz gehiago jakiteko, emaitzak lortzeko eta arreta ezin hobea emateko ikerketak duen garrantzia azpimarratzeko. 

«Alzheimer-en gaixotasuna  patologia neurodegeneratiboa da, eta oraindik ez dira horren kausak ezagutzen. Halaber, gaur egun ez dago gaixotasunak aurrera egitea baratzeko tratamendurik. Hortaz, ikerketa da Alzehimer geldiarazteko modu bakarra», adierazi du Elia Hernándezek, IMQ Igurco Araba Gasteizko egoitzako sendagileak.

Euskadin 36.000 kasu inguru daude  egun, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi duenez, kopuru hori hirukoiztu egin daiteke munduan 2050ean. «Gaixotasuna aurrera egitea baratzen edo mugatzen duen tratamendu bat lortzen ez bada, datu horren arabera, ehun mila euskal herritar inguruk patologia hori izango lukete hogeita hamar urte baino lehenago».

Adituak azaldu duenez, «adina da gaixotasunaren arrisku-faktoreetako bat. Zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta arrisku handiagoa edukiko da». Halaber, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Neurologia espezialista Alfredo Rodríguez-Antigüedadek hau gogorarazi du: «Alzheimerra ez da zahartzearen ondorio naturala, gaixotasun suntsitzailea baizik gaixoentzat eta horien senide eta zaintzaile informalentzat, eta aurrera egiten du ezinbestean, eta gaur arte ezin dugu horren bilakaera eten. Dementzia da zahartzaroko desgaitasun-kausa handienetako bat, eta haren gizarte-arreta egokirako kostu ekonomikoak oso handiak dira».

Faseak

Elia Hernández doktoreak, bestetik, gaixotasun horrek jotzen dituen pertsonek hiru fase igarotzen dituztela esan du. «Lehenik eta behin, hasierako fasean, sintomak oroimena galtzea eta denbora- eta espazio-desorientazioa dira. Bigarren fasean, gaixoek hizkuntzaren erabileran arintasuna galtzen dutela, nekez janzten direla eta beti eguneroko jarduerak egiteko laguntza behar dutela egiaztatu da. Azkenik, fase aurreratuan, ezintasuna larria da, gaixoak ezin du bere kabuz baliatu, gernu-ihesa eta uzki-esfinterreko ihesa agertzen dira, eta muskulu-zurruntasuna areagotu egiten da eta, ondorioz, pazienteak gurpil-aulki bat beharko du, eta, ondoren, ohatuko da».

Ikerketaren egungo egoera

Rodríguez-Antigüedad doktoreak azaldu duenez, «ez dago argitzerik zergatik gertatzen den Alzheimer-en neuronen heriotza progresiboa. Duela gutxi arte, ikerketen ardatza zen garunean beta-amiloide izeneko proteina gordetzen zela eta horrek neuronetan izan zezakeen eragin toxikoa. Baina proteina hori tratamendu esperimental batzuen bidez ezabatu izanak ez du gaixotasuna sendatzea lortu».

Porrot horiek direla eta, ikerketa-ildo berriak berriz bideratu eta garatu dira. «Neuronek garuna osatzen duten bestelako zelulak, gliako zelulak, behar dituzte bizirauteko eta behar bezala funtzionatzeko. Uste da gliaren disfuntzioak direla protagonista Alzheimer-en. Era berean, gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio immunitate-sistemaren zereginari eta tau izeneko proteinen metaketari. Ikerketa-ildo berri eta etorkizun handiko horiei esker, aurrerapen garrantzitsuak aurreikusten dira Alzheimer-en gaixotasuna hobeto ezagutu eta tratatzeko».

Gaixotasun aurreratuta duen adineko pazientearen maneiua

Aurrekoaz gain, Naiara Fernández doktoreak, Geriatrían espezialista eta IMQ Igurco talde soziosanitarioko Asistentzia zuzendariak hau adierazi du: «askotan, adineko pazienteek, gaixoaldian, beste tratamendu batzuk behar izaten dituzte gehiegizko urduritasuna eta asaldura kontrolatzeko edo loa erregulatzeko. Sintoma psikologiko eta jokabide-sintoma horiek askotan oso disruptiboak dira dementzia duen pertsonaren familia-ingurunean, eta, beraz, behar bezala jorratzeak erraztu egiten du senideek etxean zainketak ematea, eta gaixoa instituzionalizatzeko beharra atzeratzen du».

Azaldu duenez, «gaixoa instituzionalizatu, edo egoitza batean sartzea, zainketen teknifikazio handia behar duten pazienteentzako baliabidea da, besteak beste, honako faktore hauek badaude: gernu-ihesa eta uzki-esfinterreko ihesa, presio-ultzerak, disfagia, nutrizio-defizit posibleak, mugikortasunaren erabateko mugaketa, kontrolatzeko zaila den jokabidearen nahasmendua edo behin eta berriro gertatzen diren erorikoak, besteak beste».

Alzheimer-en gaixotasunak aurrera egin ahala narriadura kognitiboa duen pertsonak zaintzeko nahiak eta lehentasunak kontuan hartzeak «lehentasuna izan behar du profesionalentzat; beraz, gaixotasunaren bilakaeran alderdi horiek aztertzeak bermatu egiten du pertsona bere nahien eta igurikimenen arabera tratatuko dela, baita bere nahiak ahoz adierazi ezin dituenean ere eta erabakiak hartzeko ordezkari bat –inoiz ez, ordezkoa– eduki behar denean», adierazi du Fernández doktoreak, eta «pertsona xede duen arreta» azpimarratu du.