Iradokizunak
06.07.2026
Denboraldi berri baten hasieraren atarian, Athletic Clubeko gizonezkoen taldeak kanpaina hasiera bakoitzeko ohiko osasun- eta kirol-azterketak egingo ditu Lezaman. IMQ Alhóndiga zentro medikoko IMQko Kirol Medikuntzako Unitateko arduradun Markel Pérez eta IMQ Ajuriaguerra errehabilitazio-zentroko IMQko kirol-kardiologo Zigor Madaria doktoreen gainbegirapean, Clubeko zerbitzu medikoekin batera, hain zuzen, zerbitzuburu Josean Lekuerekin eta taldeko mediku Gontzal Díaz-Beitiarekin, futbolariek errendimendua eta segurtasuna bermatzeko proba batzuk egingo dituzte, 2026-27 denboraldia hasi aurretik.
Egun hasieran, odol-analisiak eta ekokardiogramak egingo zaizkie; bigarrena, funtsezkoa, sistema kardiobaskularraren morfologia eta funtzionamendua ebaluatzeko.
Ekokardiograma eta elektrokardiograma batera egiteari esker, kirolariaren bat-bateko heriotzaren sindromearekin lotutako patologiekin zerikusia izan dezaketen kausen % 80-% 85 baztertu daitezke. Horregatik, proba horiek goi-mailako kirol-medikuntzako prebentzio-tresna baliotsuenetakoak dira.
Ebaluazio kardiologikoak egin ondoren, laktato-probak egingo zaizkie. Taldetan antolatuta, jokalariek esfortzu progresiboak egingo dituzte, gorputzak intentsitate handiko egoeretan nola erantzuten duen aztertzeko.
“Oso garrantzitsuak dira guretzat lehenengo bi egunak, jokalarien sasoia lehen unetik azter dezagun. IMQrekin batera egiten ditugun proba horiek ematen diguten laguntza arras interesgarria da”, adierazi du Josean Lekuek.
Korrika egiteko zintan banan-banan egiten diren probek ebaluazio-prozesua biribiltzen dute. Izan ere, gehikuntzazko esfortzuen bidez, futbolari bakoitzaren arnas edukiera, bihotzaren ahalmena eta erresistentzia fisikoa aztertzen dira, parametro horiek ezinbestekoak baitira futbolean jokatzeko, futbolariek partida bakoitzeko hamar kilometro baino gehiago egin ohi dituztelako, ekintza bizkorrak eta leheneratze aktiboko aldiak aldizkatuta.
Hala ere, azterketa horiek datuak eta estatistikak baino askoz gehiago eskaintzen dute. Halaber, aukera ematen dute gorputzak atsedenaldian nola erantzuten duen jakiteko eta lehia-jarduerarako trantsizioa baldintzarik onenetan egiten dela egiaztatzeko.
Athletic Cluben eta duela bi hamarkada baino gehiagotik erakunde zuri-gorriaren aseguratzaile mediko ofiziala den IMQren arteko itunak agerian jarri du erakunde biek badutela konpromiso bera kirolarien osasunarekin, ongizatearekin eta errendimenduarekin. Eta, lankidetza horri esker, denboraldi oro berme zientifiko, mediko eta fisiko handienekin has daiteke.
Izan ere, entrenamendu, ahalegin eta gol bakoitzaren atzean, profesional-talde bat dago garrantzitsuena zaintzeko buru-belarri lanean: kirola ogibide dutenen osasuna.
El dispositivo preventivo sanitario de San Mamés se convierte en un referente para varios clubes de LaLiga y de Europa
Los leones del Athletic superan el examen médico más exigente del año con IMQ en Lezama
IMQ cede al Athletic Club su equipamiento isocinético para favorecer el proceso de rehabilitación de los jugadores y un entrenamiento más efectivo