Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Dementzia izateko arriskua % 45eraino prebenitu edo atzeratu liteke faktore aldagarrien gainean jokatzen

18.09.2026

Dementzia izateko arriskua % 45eraino prebenitu edo atzeratu liteke faktore aldagarrien gainean jokatzen
  • Euskadin, 43.000 pertsona baino gehiagok dituzte alzheimerra eta beste dementzia batzuk.

  • Prebentzioak eta diagnostiko goiztiarrak funtsezko elementuak izaten jarraitzen dute, diagnostiko molekularrean eta tratamendu berrietan aurrera egiten den bitartean.

Urtero, irailaren 21ean, Alzheimerraren Munduko Egunean gogora ekartzen da dementzia-modu ohikoena den gaixotasun horren eragin pertsonala, familiarra, sanitarioa eta soziala. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) esanetan, 57 milioi pertsona inguruk dituzte dementziekin lotutako patologiak, eta urtero 10 milioi kasu berri agertzen dira. Alzheimerra patologia horien % 60-% 70en atzean dago.

Euskadin, Alzheimerra duten Gaixoen eta horien Senideen Elkarteak jakinarazi du 43.000 pertsona ingururi –erdia Bizkaian dago– diagnostikatu zaiela gaixotasuna, eta kasuen % 45ean arriskua prebenitu edo atzeratu daitekeela, bizitzan zehar alda daitezkeen faktoreen gainean jokatzen bada, OMEren arabera.

IMQ-k, ‘Lehenengoa, prebenitzea’ proiektuaren bidez, osasunaren hainbat arlotan bultzatzen duen prebentzioaren aldeko apustuan, gaixotasun horretan jarri nahi izan du arreta, eta, horretarako, AcceXible startupak bultzatzen duen narriadura kognitiboa goiz detektatzeko munduko kanpainarekin bat egin du.

Irailaren 17tik urriaren 18ra arte, IMQ-k online test diagnostiko bat egiteko aukera eskainiko die bezero guztiei; test horren bidez, ahotsa eta hizkuntza batera aztertuta, narriadura kognitiboa izateko arriskuari buruzko informazioa emango da % 90etik gorako fidagarritasunarekin. Hainbat saiakuntza klinikotan oinarrituta AcceXible-k garatu duen azterketa-eredu bat du oinarri testak, eta osasun-produktuaren CE markaren bermea du.

Dementzien agerpenean eragina duten faktore batzuk –hala nola herentzia genetikoa (kasu jakin batzuetan), sexua (badirudi emakumeek gizonek baino joera handiagoa dutela) eta, batez ere, adina (zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta arrisku handiagoa)– prebenitu ezin diren arren, IMQ-k gogorarazi du alzheimerra ez dela zahartzearen ondorio natural bat, gaixotasun bat baizik.

Alzheimerra prebenitzen laguntzen duten faktoreak

Hori dela eta, osasun-aseguratzaileak dementziak izateko arriskuan eragin egiaztatua duten faktore prebenigarrien gainean jokatzearen garrantzia nabarmendu du: gainpisua, hipertentsio arteriala, gluzemia edo kolesterol kopuru handiak, istripu zerebrobaskularrak, tabakoa eta garuneko traumatismoak, besteak beste.

Horri dagokionez, elikadura osasungarria izatea gomendatzen du, gantz-azido monoasegabeak, “onak” (intxaurrak, kakahueteak, arbendolak, pistatxoak, ahuakateak, kanela edo olibak), gantz-azido poliasegabeak (omega 3 eta hosto berdeko elikagaiak) eta beste mantenugai batzuk (hala nola E bitamina edo B9 bitamina) dituzten elikagai gehiago kontsumituta. Aldi berean, haragi gorrien, elikagai finduen, gurinen eta esnekietatik eratorritako koipeen kontsumoa murriztu egin behar da, baina balio biologiko handiko proteinak eta elikadura-zuntza behar bezala hartu behar dira.

Elikadura egokiaz gain, IMQ-k ariketa fisikoa egitearen garrantzia gehitu du. Mugikortasuna entrenatzeak erorikoen ehuneko handi bat saihesten du eta bizkortasuna handitzen du, eta horrela, muskuluak eta artikulazioak atrofiatzea prebenitzen du. Hainbat ikerketak egiaztatu dute, halaber, lotura zuzena dagoela ariketa fisikoaren eta errendimendu kognitiboaren hobekuntzaren artean. Era berean, garunaren funtzioak eta oroimena entrenatu daitezke hizkuntzak ikasten, maiz irakurtzen, bizitza sozial aktiboa izaten eta joko intelektualak egiten, hala nola xakea edo gurutzegramak.

Diagnostikoa: zenbat eta lehenago, hobe

Detekzio goiztiarrak arrisku-faktore aldagarri batzuetan eragitea errazten du, eta, ondorioz, patologiaren progresioa moteltzea. Gainera, hasierako faseetan arreta aldez aurretik planifikatzeko aukera ematen du, eta, horri esker, gaixoek erabakiak hartzeko prozesuan parte har dezakete, ondoren egoki artatu daitezen. Era berean, murriztu egiten du zaintzaileek une nekezetan, hots, gaixotasunak aurrera egin duenean, erabaki zailak hartu behar izateko probabilitatea.

Diagnostiko goiztiarrari dagokionez, bestalde, analisi molekular eta genetikoetan oinarritutako proba diagnostikoak garatzen ari dira gaur egun; horiei esker, arlo horretan etapa berri bat iragartzen ari da, nahiz eta oraindik ez diren jardunbide klinikoan modu orokorrean integratu.

NeuronUP Challenge: oroitzapenak konektatzen

IMQ Igurcok, irailaren 21ean, jarduera bat egingo du Bilbozar egoitzan Alzheimerraren Munduko Eguna dela eta: NeuronUP Challenge: Oroitzapenak konektatzen.

Zentroen arteko lehiaketa bat da, NeuronUP plataforman oinarritua, eta hartan erabiltzaileek, senideek eta profesionalek parte hartuko dute, taldetan antolatuta. Proba kognitibo egokituen bidez, jardunaldian estimulazio kognitiboa, talde-lana eta familiaren parte hartzea uztartuko dira, telebistako lehiaketetan oinarritutako formatu dinamiko baten eskutik.

Helburu hauek ditu lehiaketak: estimulazio kognitiboaren garrantzia ikusaraztea, erabiltzaileen, familien eta profesionalen arteko elkarrekintza bultzatzea eta alzheimerraren errealitateaz sentsibilizatzea gaitasunetan eta parte-hartzean oinarritutako ikuspegi batetik.