Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Euskadiko bost herritarretik batek sorbaldako nahasmendu muskuloeskeletiko bat izango du bizitzan zehar

23.09.2026

Euskadiko bost herritarretik batek sorbaldako nahasmendu muskuloeskeletiko bat izango du bizitzan zehar
  • Sorbaldako giltzadura giza gorputzeko higigarriena da. Hala, higigarritasunak ohiko nahasmenduetan eragiten du, hala nola errotatzaileen zorroaren arazoetan, sorbaldaren ezegonkortasun ez-espezifikoan, lokaduretan, tendinitisean, endekapen-nahasmenduetan edo ‘sorbalda izoztua' delakoan.

  • Besteak beste, ezegonkortasun, traumatismo, tendinitis, burtsitis, gehiegizko erabilera edo artrosiaren ondoriozko sorbalda mindua da Euskadiko lehen mailako arretako kontsulta medikoen arrazoi nagusietako bat.

  • Ariketa erraz batzuk egiteak –profesional batek ikuskatuta eta kasu bakoitzera egokituta– arazo horien agerpena prebenitzen, progresioa moteltzen edo mina arintzen lagun dezake.

Zein da higigarritasun-mailarik handiena duen giza gorputzeko giltzadura? Sorbalda. Hala ere, sorbaldaren abantaila hori alde ahula ere bada: giltzadura hori ez da oso egonkorra, hori osatzen duten hezurren (besahezurraren burua eta sorbalda-hezurra edo omoplatoa eta toraxeko pareta) konfigurazio anatomikoagatik eta kapsularen laxotasun handiagatik.

Emaitza? Sorbalda mindua da bertoko lehen mailako arretako kontsulta medikoen arrazoi nagusietako bat. Izan ere, haren prebalentzia hain da handia, ezen ikerketa zientifikoen arabera errentarik handiena duten herrialdeetako pertsonen % 20k duela sorbaldako nahasmendu muskuloeskeletikoren bat bizitzako uneren batean. Eta kasu horietatik % 40-50ek mina dakarte.

Giltzadura horretan ager daitezkeen arazoen tartea haren mugikortasuna bezain zabala da. «Alde batetik, sorbaldaren ezegonkortasuna dago, eta horrek, kalkuluen arabera, biztanleriaren % 2ri eragiten dio», azaldu du Xabier Goikoetxea Uriarte sendagileak, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologiako espezialistak.

«Lokadura gehienak sorbaldan gertatzen dira –izan ere, giltzaduren lokadura guztien erdia baino gehiago–, eta kausa nagusia traumatismoak dira, batez ere, giltzadura-elastikotasuna edota hiperlaxotasuna dituzten pertsonengan. Gainera, horrelako lokaduren % 20 hogei urtetik beherakoen artean gertatzen dira. Izan ere, lehen lokadura gertatu ondoren, sorbalda ez da hain egonkorra izango, eta, ondorioz, lokadura gehiago izango dira kasuen % 39an, eta horrek pazientearen funtzionaltasunari eta bizi-kalitateari ondorio txarrak ekarriko dizkio».

Sorbaldaren nahasmendu posibleak

Sorbaldaren ohiko beste arazo batzuk hauek dira: burtsitisa (giltzadura-likidoaren burtsa subakromialaren hantura), tendinitisa, tendinosiak (tendoien endekapena), askotan, errotatzaileen zorroa (sorbalda mugitzea ahalbidetzen duten lau tendoiez osaturiko egitura) haustera eboluzionatzen dutenak, hausturak (ohikoagoak, adinduengan edo osteoporosia dutenengan), artritisa, artrosia (kartilagoen higadura degeneratiboa, giltzadura akromioklabikularraren edo glenohumeralaren higaduran gertatzen den bezala), kaltzifikazioak (kaltzioaren metaketak tendoietan, mina eragiten dutenak), sorbalda izoztua (min eta gelditasuneko koadro konplexua) eta beste tendoi-haustura batzuk (bizepsarena edo bular-muskulu nagusiarena, adibidez) eta lotailu-hausturak eta  sorbaldako ezpain glenoideoarenak, besteak beste, zehaztu du IMQ-ko espezialistak.

«Ohikoena da pertsona batek mina izatea edo nolabaiteko mugatze funtzionala izatea. Giltzadura horren anatomia konplexua denez eta horretan arazo ugari gerta daitekeenez, ezinbestekoa da diagnostiko mediko zehatza egitea eta paziente bakoitzaren baldintzetara egokitutako tratamendua jartzea. Tratamendua kontserbatzailea ala kirurgikoa izan daiteke, medikazioaren laguntzarekin ala botikarik erabili gabe. Egoera klinikoa behar bezala ulertzeak, pazientearen helburuek eta haren sendatzeko motibazioak ere eragina izango dute pazientearen tratamenduan eta errehabilitazioan», azaldu du Xabier Goikoetxea doktoreak.

Diagnostikoa egiteko, historia kliniko osoaz eta miaketa fisikoaz ez ezik, irudi bidezko hainbat teknikaz baliatzen dira espezialistak arazoak ikusteko, haien motaren arabera. Hala, erradiografia, ekografia, erresonantzia magnetikoa, artroerresonantzia (sorbaldan zuzenean kontraste bat injektatzean datza) eta ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA, edo eskanerra) erabiltzen dituzte.

Halaber, sorbaldako arazoak dituen pertsona batek hainbat osasun-profesionalekin egongo omen da harremanetan bere asistentzia-ibilbidean. Hasieran, lehen mailako arretako mediku batek artatuko du, eta horrek, ondoren, traumatologo batengana bideratuko du, diagnostikoa egin eta tratamendua jar diezazion; eta, behar izanez gero, sorbaldaren funtzioa mediku errehabilitatzaile batekin berreskuratuko du. Artritis kasuetan, adibidez, erreumatologo batek ikusiko du pazientea. Errehabilitazio-prozesuetan, fisioterapeuta funtsezkoa izango da, baita erizaina ere, prozesuaren hainbat fasetan (kontsultak, ebakuntza eta ospitaleratzea).

Prebentziorako laguntzak

Ikus daitekeenez, prebentzioa da pertsona batek sorbaldako osasunaren alde egin dezakeen lehen gauza eta garrantzitsuena, bai etxean, bai kirolean edo lanean, non giltzadura horren patologiak ohikoak diren. Prebentzio-neurri batzuek pazientearekin berarekin dute zerikusia: ariketa gidatuak egitea, ariketak egin aurretik berotzea, karga oso astunak behin eta berriz edo jarrera behartuetan ez jasotzea (bereziki, pisuak sorbaldaren gainetik edo enborretik oso urrun jasotzera behartzen dutenak).

Aurrekoaz gain, IMQ prebentzio muskuloeskeletikoari buruzko proiektu mamitsu bat bultzatzen ari da, zeina hezkuntzan, detekzio goiztiarrean, errehabilitazioan eta IMQren App bidezko etengabeko laguntzan oinarrituta dagoen, lehen minak agertu aurretik sorbaldaren osasuna zaintzen laguntzeko.

Prebentzioan fisioterapia digitalak funtsezko zeregina du; izan ere, edonoiz eta edonon errazteko sortu da: hasierako ebaluazio pertsonalizatua egiten hasten da fisioterapia digitala, non fisioterapeuta batek kasu eta behar bakoitza app-aren bidez baloratzen

duen. Ondoren, egoera bakoitzera egokitutako ariketa gidatu batzuk gomendatzen dira. Profesionalak progresioaren arabera egokitzen ditu ariketak, modu seguruan hobetzen laguntzeko, eta prozesuaren jarraipena eta kontrola egiten du. Hori guztia, joan-etorririk gabe, prebentzioa eguneroko bizitzan txertatuta, eta behar den guztietan eskuragarri izanda.

"LEHENENGOA, PREBENITZEA"

Ekimen hori “Lehenengoa, prebenitzea” izeneko prebentzio-proiektu integral baten parte da. Proiektu hori IMQ-k, Euskadiko osasun-aseguratzaile nagusiak, bultzatzen du, kontzientziazioaren eta laguntza profesionalaren bidez, kontzientziazioa, autozaintza eta bizi-kalitatearen hobekuntza sustatzeko.

Nahasmendu muskuloeskeletikoak hizpide dituen multzoaren barruan, ekimenak, Canal Salud kanalaren bidez, konpainiako osasun-espezialistek ziurtatutako edukiak garatu eta zabaltzen ditu, hala nola gomendioak eta baliabideak gaitzik ez izateko eta detekzio goiztiarra nahiz gaitz ohikoenei ekiteko. IMQren app-aren bidez eskuragarri dauden fisioterapia digital pertsonalizatuko zerbitzuekin osatzen da.