Iradokizunak
01.07.2026
IMQ Zorrotzaurre Klinikan, Euskadiko ospitale pribatu nagusian, EAEko osasun pribatuko toraxeko lehen kirurgia egin da oraintsu. Kirurgia horretan, titanio-aleazio batez egindako 3D protesi malguen belaunaldi berri bat ezarri da, zeinak neurrira diseinatu eta fabrikazio gehigarriaren bidez ekoitzi diren.
Kirurgia horretan profesional hauek parte hartu dute: Unai Jiménez eta Laura Sánchez doktoreak, IMQ Zorrotzaurre Klinikako toraxeko kirurgialariak, eta José Ramón Cano doktorea, Kanaria Handiko Complejo Hospitalario Materno-Insular ospitaletegiko Toraxeko Kirurgiako espezialista, horrelako inplanteak garatzen aitzindaria dena.
Hain zuzen ere, Instituto Tecnológico de Canarias Kanarietako Institutu Teknologikoan diseinatzen eta ekoizten dira 3D inplante pertsonalizatuak, teknika horren bidez deformazioak berreraiki eta birsortzeko. Teknika hori hezurrei eta kartilagoei aplikatzen zaie, baita bularrezurrari eta saihetsei eragiten dieten tumoreei ere, edo saihetsen arteko hernia handiei eta toraxeko traumatismo larriei, besteak beste. Espainiako ospitale publiko gutxi batzuetako Toraxeko Kirurgiako zerbitzuetako profesionalekin batera garatzen ari dira teknologia hori.
«Toraxeko kirurgialariak garen aldetik, ohikoa da paziente jakin batzuei ekitean hainbat muga izatea protesi konbentzionalak erabiltzerakoan. Adibidez, kasu larri batzuetan hezur-materialaren galera hain handia denez, ezin da berreraikuntza bat birpentsatu. Badago beste muga bat ere: protesi konbentzionalak, zurrunak direnez, ez dira egokitzen kutxa torazikoak arnasa hartzeko, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko edo kirola egiteko behar duen malgutasunera. Egoera horrek, pazientearen bizi-kalitatea murrizteaz gain, mina ere eragiten du maiz. Eta azkenik, beste muga bat da protesi estandarizatuak erabiltzea, seriean fabrikatuta daudelako, gorputz-fisiologia jakin baterako, eta ez dira beti bat etortzen. 3D protesien belaunaldi berriak, malguak, erresistenteak eta neurrira diseinatuak eta fabrikatuak, erantzun egokia ematen die erronka horiei», azaldu du Jiménez doktoreak.
Erabili beharreko protesien hiru dimentsioko berreraikuntza pertsonalizatua lortzeko, lehenik eta behin pazientearen kaltetutako aldearen eskaner bat (Ordenagailu bidezko Tomografia Axiala) egiten da. Ondoren, ingeniariek eta zirujauek diziplinarteko lana egiten dute protesi zehatza diseinatzeko, tratatu beharreko patologiaren arabera, baita finkatzeko sistemak –pertsonalizatuak ere– diseinatzeko. Gero, 3D eredu digital bat egiten da, talde kirurgikoari aukera emango diona inplantea baliozkotzeko, azkenik, 3D protesi pertsonalizatua titaniozko aleazio berri batean inprimatzeko, kutxa torazikoaren berezko egiturekin aldera daitekeen malgutasun tarte batekin.
«Gainera, teknologia berri horrek osteointegrazioa ere errazten du, hau da, gorputzaren berezko egiturek protesi berrian integratzeko duten gaitasuna, multzo dinamiko, batu eta erabat funtzionala osatuta, zeina funtsezkoa baita arnas funtzio osoa garatzeko», azpimarratu du Unai Jiménez doktoreak.
Fabrikazio aditiboko teknologiari esker, toraxeko inplante malguen belaunaldi berriari esker, toraxeko kirurgialariek saihetsak eta bularrezurra berreraiki ditzakete, arnas mugimenduak mugatzen ez dituen sistema dinamiko batekin, eta, horri esker, ohiko berreraikuntzarekin operatu ezin ziren tumoreak ere ezabatu daitezke.
Gainera, paziente bakoitzarentzat pertsonalizatzen direnez, ezin hobeto egokitzen dira, eta horrek azkar sendatzen laguntzen du, eta pazienteari ahalik eta torax anatomiko eta fisiologikoena itzultzen diote.
Emaitza on horien ondorioz, lepauztaietarako, bularrezurrarekin duen lotura zentralean (bularrezur-lepauztai giltzadura), giltzaduradun protesi-mota berri bat garatu da, ingurune anatomiko horretan ere eremu terapeutiko berri bat ireki dela.
Teknologia berri hori, orain arte, Estatuko sare publikoko ospitale gutxi batzuetan baino ez da aplikatu. Jiménez doktoreak eta Cano, Trujillo eta Moreno doktoreek –guztiak, toraxeko kirurgialari aitzindariak protesi horietan–, Estatuko eta nazioarteko hainbat biltzarretan aurkeztu dituzte beren emaitzak, hala nola, erakunde hauek antolaturiko biltzarretan: Chest Wall International Group, Sociedad Española de Cirugía Torácica, Asociación Iberoamericana de Cirugía Torácica, Sociedad Europea de Cirugía Torácica. Eta, laster, Asociación Europea de Cirugía Cardio-Torácica elkarteak antolatuko duen kongresuan eta Congreso Ibérico de Cirugía Torácica biltzarrean.
Halaber, emaitzak argitalpen hauetan argitaratu dituzte: JTCVS Techniques aldizkari zientifikoa, Asociación Americana de Cirugía Torácica, elkartearena; Custom-madedynamic 3-dimensional-printed prostheses for chestwall reconstruction: A multicenter study, artikulu zientifikoa, Interneten deskargatu daitekeena. Era berean, sari bat jaso dute Toraxeko Kirurgia espezialitatearen Biltzar Nazionalean.
El Dr. Alberto Jáuregui, una de las referencias mundiales en cirugía de pulmón, visita al equipo de cirugía torácica de la clínica IMQ Zorrotzaurre