Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Zorrotzaurrek krioablazio ekogidatua sartu du bularreko minbiziari aurre egiteko

29.10.2026

IMQ Zorrotzaurrek krioablazio ekogidatua sartu du bularreko minbiziari aurre egiteko
  • IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitaleak hobekuntza handiak egin ditu Irudi bidezko Diagnostikoaren zerbitzuan. Hobekuntza horien ondorioz, besteak beste, prestazio berritzaileak sartu dira zerbitzu-zorroan, hala nola krioablazioa (tenperatura oso baxuak kontrolatuta aplikatzea, kontrol ekografikoaren bidez, tumore-ehuna suntsitzeko).

  • Unitateak instalazioak ere hobetu ditu; izan ere, talde medikoa handitu du eta ekipamendu teknologikoa berritu du. Nabarmentzekoa da hauek sartu izana: goi-eremuko hirugarren erresonantzia magnetiko bat (1,5 tesla), Bularreko Unitaterako prestazio handiko hirugarren ekografo bat eta dentsitometro berri bat, Kirol Medikuntzarako, Onkologiarako eta Endokrinologia eta Nutriziorako aukera berriak dakartzana.

  • IMQ Zorrotzaurreko Irudi bidezko Diagnostiko zerbitzuak erradiologia konbentzional digitaleko 65.000 miaketa baino gehiago, 20.000 ekografia baino gehiago, ordenagailu bidezko 17.000 tomografia inguru, 14.000 erresonantzia magnetiko, tomosintesidun 4.000 mamografia digital inguru eta gutxi gorabehera 2.500 hezur-dentsitometria egin zituen 2025ean.

IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitaleak egin berri duen handitze-prozesuaren barruan, Erradiodiagnostikoko Unitateari emandako bultzada nabarmentzen da. Unitate horrek «instalazioak, ekipamendua eta langileak berritu ditu, diagnostiko-gaitasuna ospitaleko jardueraren hazkundera eta asistentzia-premia berrietara egokitzeko, eta, aldi berean, asistentziaren kalitate- eta segurtasun-estandarrak hobetzeko», azaldu du zentroko Irudi bidezko Diagnostiko zerbitzuko buru Gonzalo Solís doktoreak.

Gainera, erradiodiagnostikoko mediku espezialista bat eta teknikari entzutetsuak sartu dira zerbitzua indartzeko, eta pazienteei arreta ematen dieten langileen hornidura osatzeko.

Ekipamenduari dagokionez, hainbat berrikuntza gailentzen dira, hala nola goi-eremuko hirugarren erresonantzia magnetiko bat, (1,5 tesla), irudiak berritzeko teknologia aurreratuaz eta adimen artifizialaz hornitua, irudiaren kalitatea hobetzea eta miaketa denborak murriztea ahalbidetzen duena, pazientearentzat esperientzia erosoagoa izan dadin. «Prestazio handiko hirugarren ekografo bat ere sartzen ari gara, bereziki Bularreko Unitatearentzat eta ekografia bidez gidatutako prozedura interbentzionistetara bideratua», adierazi du espezialistak.

Aurreko guztiez gain, dentsitometroa berritu egingo da, hezurren osasuna eta gorputzaren osaera ebaluatzeko aukerak ugaritzeko, eta hainbat espezialitatetan, hala nola Endokrinologian, Onkologian eta Kirol Medikuntzan aplikazio interesgarriak aplikatzeko. Ekipamendu berriak abangoardiako emaitzak eskainiko ditu hezurren dentsitate minerala ebaluatzeko, osteoporosiaren diagnostikoak errazteko; halaber, aldakaren eta zalantzazko kasuen ebaluazio aurreratua ahalbidetuko du. Aldi berean, gihar-ehun eta ehun adiposoaren masaren neurketa doitua emango du, gorputzaren osaera ebaluatzeko eta arrisku metabolikoa ulertzen laguntzeko.

Krioablazio gidatua ekografia bidez bularreko minbiziari aurre egiteko

Zerbitzu-zorroari beste berritasun bat gehitu zaio, krioablazioa, hots, tumore-ehuna suntsitzea ahalbidetzen duen teknika, bularreko minbiziari ekiteko erabiltzen dena. Tenperatura oso baxuen aplikazio kontrolatua da, kontrol ekografikoaren bidez egin ohi dena. Teknika hori alternatiba terapeutikoa izan daiteke paziente jakin batzuentzat, batez ere kirurgiarako egoki ez direnentzat, tratamendu kirurgikoa baztertzen dutenentzat edo testuinguru kliniko espezifikoetan daudenentzat. Abantaila ugari ditu, esaterako zauri txikiko teknika da, modu anbulatorioan egiteko aukera ematen du, horri esker pazienteak azkar sendatzen dira eta emaitza estetiko onak dakartza.

«Teknika hori aplikatzeko funtsezko elementua pazienteak behar bezala hautatzea da. Ezinbestekoa da diziplina anitzeko ikuspegia izatea, tumorearen tamaina, haren azpimota biologikoa, lotutako gaixotasunak eta paziente bakoitzaren lehentasunak kontuan hartzeko. Horren harira, erabaki klinikoko algoritmoak proposatu ditugu, tumore txikiak eta arrisku biologiko txikikoak lehenesten dituztenak, batez ere kirurgiarako hautagai ez diren pazienteetan. Indikazioa kontu handiz banakatu behar da», azaldu du IMQ-ko erradiologoak.

Hamarnaka mila proba diagnostiko urtero

Unitateak zeharkako arreta ematen du eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, eta arreta hori funtsezkoa da zentroaren funtzionamendurako eta erabaki klinikoak hartzeko. «Larrialdien, ospitaleratzeen, ebakuntza-gelen eta kontsulta anbulatorioen beharrei erantzuten diegu, bai ohiko miaketetan, bai konplexutasun handiagoko prozeduretan», xehatu du Solís doktoreak.

2025eko datuek ondo baino hobeto islatzen dute erantzukizun asistentzial hori. Zerbitzuak erradiologia konbentzional digitaleko 65.000 miaketa baino gehiago, 20.000 ekografia baino gehiago, ordenagailu bidezko 17.000 tomografia inguru, 14.000 erresonantzia magnetiko, tomosintesidun 4.000 mamografia digital inguru eta gutxi gorabehera 2.500 hezur-dentsitometria egin zituen 2025ean.

Horri prozedura interbentzionistak, beste zerbitzu batzuekiko lankidetza eta diziplina anitzeko batzordeetan parte hartzea gehitu behar zaizkio, besteak beste.

Deustuko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza graduetako ikasleen prestakuntzan ere parte hartzen du zentroak. Halaber, jardunbide egiaztatua du kalitatearen kudeaketan, berrikuntzan eta asistentziaren bikaintasunean. Adibide gisa, ziurtagiri hauek ditu: Kalitatea Kudeatzeko UNE-EN ISO 9001:2015 Ziurtagiria; I+G+b kudeatzeko sistemaren Ziurtagiria, UNE 56.001: 2024 arauaren araberakoa, zeinak zaintza teknologikoaren arloan, ikerketa eta berrikuntza proiektuen diseinuan eta inplementazioan eta ezagutzaren hedapenean egindako ibilbidea aitortzen baitu; Pazientearen Segurtasunerako Arriskuak Kudeatzeko UNE-ISO 179003:2013 Ziurtagiria; Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko ISO 45001:2018 Ziurtagiria; Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren UNE-EN-ISO 14001:2015 Ziurtagiria; eta Energia Kudeatzeko Sistemaren ISO 50001:2018 Ziurtagiria. 2027an Joint Commission International-en ereduaren araberako akreditazioa berritzeko prozesuan dago, zeina 2013an lortu zen lehen aldiz. Azken hori munduko zorrotzena da.