Iradokizunak
13.07.2026
Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldeko jokalariek 2026-27 denboraldia hasi aurreko azterketa medikoak egin dituzte Lezamako instalazioetan. Aste honen hasieran, lehoi emeek beren sasoia ebaluatzeko eta denboraldiaurreko berariazko lanari buruzko erreferentzia bat ezartzeko programatutako proba medikoak eta fisikoak egin dituzte.
Atal medikoaren nobedabe nagusia izan da Josean Lekue, orain arte gizonezko taldeko sendagilea izandakoa, emakumezkoen taldekoa izango dela aurrerantzean.
IMQ-ko Kirol Medikuntza Unitateko profesionalen taldeak koordinatu ditu proba horiek, Athletic Clubeko zerbitzu medikoekin batera. Ebaluazioei esker, jokalari bakoitzaren egoera fisikoa eta medikoa banan-banan aztertu ahal izan dira, jarduera lehiakorrari berriro ekin aurretik.
Hala, protokoloak proba hauek barne hartu ditu: balorazio mediko orokorra, miaketa kardiobaskularrak, elektrokardiograma basala, tentsio arterialaren kontrolak eta esfortzu proba maximoak, monitorizazio kardiakoa eta laktatoen analisia barne. Era berean, indarrari, giltzaduren mugikortasunari eta giharren balorazioari buruzko hainbat proba funtzional egin dituzte futbolariek, datozen asteetan lanaren plangintza optimizatzeko.
IMQ-ko Kirol Medikuntza Unitateko arduradun Markel Pérez doktoreak denboraldi bakoitzaren hasieran horrelako azterketek duten garrantzia azpimarratu du:
“Gure ustez, azterketa horiek berebiziko garrantzia dute edozein anomalia detektatzeko, gertakari kardiologiko kaltegarriak prebenitzeko eta errendimendua prestatu eta optimizatzeko datu erabilgarri ugari lortzeko”, adierazi du Pérez doktoreak.
Lortutako emaitzek, gainera, denboraldiaurrean entrenamendu kargak modu pertsonalizatuan diseinatu eta doitzeko balio izango dute, funtsezko aldia baita Athletic Clubek 2026-27 kanpainan izango dituen kirol erronkak prestatzeko.
Azterketa mediko horiek egin ondoren, jokalari zuri-gorriek prestatzeko programarekin jarraituko dute Lezaman, kanpainako lehen lagunarteko partidak jokatu eta F Ligaren hasierari ekin aurretik. Asteazkenean, hilak 15, lehen entrenamendua izango da Lezaman, Victor Martin taldeko teknikari berriaren aginduetara.
Athletic Clubeko kategoria guztien aseguratzaile mediko ofiziala izaten jarraitzen du IMQ-k, eta lankidetza estrategiko horri esker, klubak erreferentziazko profesionalak, teknologia eta osasun-zentroak ditu kirolarien osasuna guztiz zaintzeko.
Aliantza horri esker, Athleticeko jokalariek kirol-medikuntzako zerbitzu espezializatuak, proba diagnostikoak, kontsulta medikoak eta tratamendu aurreratuak dituzte eskura, eliteko futbolean jokatzeko egoerarik onenak bermatzeko.
Las leonas pasan el reconocimiento previo al inicio de la pretemporada en IMQ Zorrotzaurre
Las leonas revisan su salud con la ayuda de IMQ de cara al inicio de la temporada
Las jugadoras del primer equipo del Athletic Club pasan los reconocimientos médicos en Lezama