Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Osasun orokorraren funtsezko adierazle bat da aho-hortzen osasuna

17.03.2023

Osasun orokorraren funtsezko adierazle bat da aho-hortzen osasuna
  • Aho-hortzen osasun kaskarrak hainbat patologiatan izan ditzake ondorioak, hala nola biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoan (BGBK), arteria koronarioetako gaixotasunean, iktusean, Alzheimer-en gaixotasunean, giltzurruneko gaixotasun kronikoan edo diabetesean.

Aho-hortzen gaixotasunek bi pertsonatatik ia bati eragiten diote munduan. Hainbesterainokoa da, ezen Nazioarteko Hortz Federazioak uste duen 3.500 milioi pertsona inguruk dituztela aho-hortzen osasuneko arazoak, eta, hortaz, patologia-multzo hori gaixotasun ez-transmitigarri prebalenteena da mundu guztian. 

Martxoaren 20a Aho-hortzen Osasunaren Munduko Eguna  dela eta,  Antonio Sáez de Bergia sendagileak, Donostiako IMQ Zurriola Hortz Klinikako koordintzaileak, aho-hortzen osasunaren funtsezko alderdietako batean jarri du arreta: gorputzaren gainerako atalen osasunarekin duen zerikusia.

Medikuak adierazi duenez, «aho-hortzen osasuna funtsezko adierazlea izan daiteke osasun-egoera orokorraz. Eta, era berean, aho-hortzen osasun kaskarrak gorputzaren gainerako ataletan gaixotasunak izateko arriskua areagotu dezake».

Aho-hortzen osasun kaskarra eta aho-hortzetako gaixotasun ez-tratatuak «osasun-arazo ugarirekin lotzen dira, gaixotasun kardiobaskularrekin ere, eta istripu zerebrobaskularra eta diabetes izateko arrisku handiagoarekin, horiek noranzko biko lotura baitute gaixotasun periodontalarekin, eta horietako bakoitzak besteari eragin eta okerrera egin diezaioke».

IMQ Zurriola Hortz Klinikako koordinatzaileak azaldu duenez, «aho-barrunbean bakterio piloa dago, eta horiek gaixotasun multisistemiko ugari eragin ditzakete. Dentista batek behar bezala ebaluatzen badu, esandako patologiak ez ezik, ahoko minbizia, txantxarra, gaixotasun periodontala, hortzen absentzia, aho-hortzetako traumatismoak eta hortzen gainjarpenak ere prebenituko dira, besteak beste. Horregatik gomendatzen da dentistarengana gutxienez urtean behin joatea, hortzak egunean bitan garbitzea (eta hortzarteko eskuila erabiltzea), jan-neurri osasungarria eta askotarikoa izatea, ez erretzea eta edari alkoholdun ahal den gutxien edatea eta azukre sinple gutxien hartzea».

Aho-hortzen osasunaren eta osasun orokorraren arteko lotura

Nazioarteko Hortz Federazioak, Aho-hortzen Osasunaren Munduko Egunaren sustatzaileak, ebidentzia zientifikora jota, aho-hortzen osasunaren eta gorputzaren osasun sistemikoaren arteko noranzko biko loturaren garrantzia nabarmendu du oraindik orain, eta horren azterketa hainbat patologiatan eta organotan ardaztu.

Bihotza. Ebidentzia sendoa dago periodontitisa dela arrisku-faktore handia eta independentea gaixotasun kardiobasular aterogenikorako (arteria koronarioen gaixotasuna eta iktusa). Tratamendu periodontal arrakastatsuak funtzio baskularraren neurriak hobetzen ditu.

Garuna. Periodontitisa narriadura kognitiboarekin eta Alzheimer-en gaixotasunarekin  lotuta dago. Kausazko erlaziorik dagoen zehaztu ez bada ere, periodontitisa arrisku-faktore aldagarri gisa tratatu behar da narriadura kognitibodun pazienteengan. Halaber, osasun mentaleko arazoak –esaterako, depresioa– dituztenek aukera gehiago dute aho-osasun kaskarra izateko.

Birikak. Ikerketek erakutsi dute aho-osasun txarra eta gaixotasun periodontalak biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren (BGBK) exazerbazioekin lotuta daudela. Gainera, ahoko bakterioak arrisku-faktorea dira xurgapen-pneumonian adinekoengan. Era berean, agerian jarri da lotura handia dagoela ahoaren osasun txarraren eta COVID-19 larriaren artean. Periodontitisa eta listuaren birus-karga handia arrisku-faktore independenteak dira pronostiko okerrago baterako.

Pankrea. Periodontitisa arrisku-faktore handia da 2 motako mellitus diabetesaren intzidentziarako, gaixotasunaren garapenerako eta haren kontrol okerragorako. Tratamendu periodontal arrakastatsuak diabetesaren kontrola hobetzen du.

Giltzurrunak. Beste behin, periodontitisa arrisku-faktore independentea da giltzurrun-funtzio urrigorako, eta kausazko erlazioa du giltzurruneko gaixotasun kronikoarekin.

Hesteak. Ebidentzia sendo batek hau indartu du: hesteetako gaixotasun inflamatoriak –hala nola Crohn-en gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna– dituzten pertsonek periodontitisa izateko arrisku handiagoa dute.

Giltzadurak. Ikerketa berri batzuek diotenez, tratamendu periodontalak artritis erreumatoidea hobe dezake epe laburrean.

Haurduntza. Zientziaren arabera, nolabaiteko lotura dago haurduntzako gaixotasun periodontalaren eta arazo jakin batzuen artean –jaioberriaren pisu txikia, erditze goiztiarra eta preeklanpsia, besteak beste.

Minbizia. Periodontitisa eta hortzen galera minbizi-mota batzuekin lotu dira, ebidentzia zientifikoko hainbat mailen arabera.

Obesitatea. Azterketek erakutsi dute lotura positiboa dagoela obesitatearen eta gaixotasun periodontalen artean.

Hauskortasuna. Ahoaren osasuna zahartzaroko hauskortasunaren iragarle gisa erabil daiteke. Periodontitisa, hortzeriaren galera, ahoko funtzio murriztua eta aho lehorra hauskortasun handiagoarekin lotuta daude.