Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Bilbao Basketeko zaleak Miribillara itzuliko dira ostegun honetan, saskibaloi estadioa osasun segurtasuna ziurtatu duen Europako lehena izanik

21.09.2021

Bilbao Basketeko zaleak Miribillara itzuliko dira ostegun honetan, saskibaloi estadioa osasun segurtasuna ziurtatu duen Europako lehena izanik

 

Bilbao Arena edo Bilboko Kirol Jauregia (lagunartean, Miribilla), beharbada, gaurtik aurrera, Europako saskibaloi-estadiorik seguruena da. Bilbao Basket taldeko babesle den IMQ-ko Kalitatearen eta Pazientearen Segurtasuneko arloak, saskibaloi-taldearekin batera, egindako lanari esker, Pazientearen Segurtasunaren gaineko UNE 179.003 ziurtagiria lortu da; ondorioz, osasun-segurtasuna ziurtatu duen Europako lehenengo saskibaloi-estadioa da Miribilla, eta hori oso interesgarria da ikusleentzat ez ezik, Klubeko saskibaloilarientzat eta langileentzat ere.

Hain zuzen ere, ostegun honetan, irailaren 23an, ACB ligako bigarren partida jokatuko da Bilbao Arenan: beltzez jantzitako gizonek Zaragozaren kontra jokatuko dute, eta partida hori estadioan etxeko talde bezala jokatuko duen lehena izango da. Inoiz baino seguruago itzuliko dira jokalariak Miribillara.

IMQ-k kalitatearen eta pazientearen segurtasunaren berrikuntzaren alde egindako ekimena 2017an hasi zen, Bilboko San Mames futbol-zelaiarentzat ziurtagiri hori lortu zenean, eta, ondorioz, ziurtagiria lortu zuen Europako lehenengo futbol-estadioa izan zen.

IMQ-ko Kalitatearen eta Pazientearen Segurtasuneko arduradun Isabel Urrutiak adierazi duenez, «ziurtagiri hori lortzeko, DNV firmaren auditoretza zorrotza gainditu behar izan dugu, hots, estamentuen, baliabideen eta talde teknikoen kudeaketa eta koordinazioa eta langileen gaitasuna sakon ikuskatu dira, baita osasun-taldeak Bilbao Basketen partidetan jokalekuan bertan hedatzen dituen jarduera-protokoloak ere. IMQ-k berriro ere erakutsi du zaleen osasunarekin eta euskal kirolarekin hartu duen konpromisoa, eta, aldi berean, gertaera gogoangarria sustatu du osasun-berrikuntzan, kirol-munduan, zehazki, Bilbao Arenak hartzen dituen ekitaldi jendetsuetan eremu klinikoaren lan-protokoloak aplikatzean».

Bilbao Basket Klubeko presidente Isabel Iturbek, bestetik, hau adierazi du: «poz-pozik gaude IMQ bezalako bazkidea izateagatik, pazientearen arretarekiko sentsibilitatea eta bokazioa baitu. Balio horiek gure kalitate-politikarekin bat datoz argi eta garbi. Eta, pozez zoratzen gaude Pazientearen Segurtasunaren gaineko UNE 179.003 ziurtagiria lortu duen Estatuko eta Europako lehenengo taldea izateagatik, talde xumea bagara ere. Pozik egoteko modukoa da, eta opari itzela, gure zaleentzat. Ildo horretan aurrera egiten eta arlo horretan eta beste batzuetan aitzindari izaten jarraitzea espero dugu».

Estadioak hamar milatik gora ikuslerentzako edukiera du, eta partida bakoitzean profesional hauek osaturiko taldea du: bi sendagile, hiru erizain eta osasun-larrialdietako teknikari bat. Estadiko erizaindegia ez ezik, ZIU mugikordun anbulantzia bat ere badago esparruaren barruan, larrialdiren bat gertatuz gero, pertsonak segurtasun-bermerik handienez eta premiaz eramateko.

Ziurtagiri hori lortu izana, 2016. urteaz geroztik IMQ-ko Kirol Arloko Osasun Segurtasuneko Batzordeak –San Mames ziurtatzeko abiarazi zena– egiten duen ahaleginaren emaitza da. Hauek dira, hain zuzen, Batzorde horren kideak: anestesista bat, intentsibista bat, beste bi sendagile, erizaintzako bi profesional, Ekintzetako eta Prestazioetako arduradun bat, kalitate-teknikari bat eta IMQ Taldeko Kalitate eta Segurtasun Klinikako arduraduna.

Batzorde hori AMFE metodologiaz (Akats eta Ondorioen Azterketa Modala) baliatu da, UNE 179.003 ziurtagiria lortzeko, asistentzia-zirkuitu guztian: harmailak jagotea edo, behar izanez gero, gaixoak anbulantzian eramatea, bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egitea edo zauriak jostea, besteak beste. Metodologia hori kalitate-ingeniaritzako tresnarik ohikoenetako bat da zerbitzu bat ematean egon daitezkeen akatsak prebenitzeko. Arriskuak sailkatu eta lehenesteko eta jarduera hobetzeko neurriak ezartzeko lagungarria da.

IMQ, euskal kirolaren alde

IMQ-k eliteko kirol profesionalaren alde nahiz oinarri kirolaren alde jokatu du beti; hortaz, kirol-erakundeek geroko belaunaldien osasuna sustatzeko egiten dituzten jarduera-aukera handiari laguntza ematen dio. Gaur egun, IMQ da Bilbao Basket eta Baskonia taldeen aseguratzaile mediko ofiziala, baita Athletic Club, Real Sociedad, Deportivo Alavés eta SD Eibar taldeena ere, besteak beste.