Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Koronabirusak bihotzeko arazoak sor ditzake, bihotzari edo birikei zuzenean eragin diezaielako eta, gainera, lehendik badauden bihotzeko patologiak desoreka ditzake

20.05.2020

Koronabirusak bihotzeko arazoak sor ditzake, bihotzari edo birikei zuzenean eragin diezaielako eta, gainera, lehendik badauden bihotzeko patologiak desoreka ditzake

 

COVID-19ak eragindako infekzioak bihotzeko arazoak sor ditzake, bihotzari edo birikei zuzenean eragin diezaielako eta, gainera, aurretiko bihotzeko patologiak desoreka ditzake. Halaber, pandemiak bihotzeko gaixotasun askoren maneiuari eta jarraipen klinikoari eragin die, programatutako kontsultak itxi egin direlako edo paziente-kopuru zehaztugabea kutsatzeko beldurragatik ez delako osasun-zentroerara joan, bihotzeko sintomatologia bazuten ere.

Kardiologiako Espainiako Sozietateak (SEC), Osasun Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Igualatorio Médico Quirúrgicoarekin (IMQ)  batera, hainbat gomendio jakinarazi ditu. IMQ-ko kardiogolo Ignacio Díezen hitzetan, “bihotzeko gaixotasun bat izateak berak ez du kutsatzea errazten; badakiguna da bihotzeko gaixotasunak dituztenen pronostikoa okerragoa izan daitekeela. COVID-19aren hilkortasun-tasa handiagoko pazienteek maizago zituzten hainbat patologia, esaterako, hipertentsio arteriala, diabetes mellitus, kardiopatia iskemikoa eta adin gehiago”.

Edozein infekziok, koronabirusak eragindakoak ere, gainkarga dakarkio bihotzari. “Hortaz, paziente batek lehendik gaixotasunen bat badu, esaterako, bihotzeko gutxiegitasuna, bihotzaren funtzionamenduak okerrera egingo du eta biriketako kongestioa gertatuko edo biriketan likidoa pilatuko da; horrek arnasketa konplikatuko du eta biziari arriskua areagotuko dio”.

Bihotza gainkargatzeaz gain, “gauza jakina da COVID-19agatiko infekzioak kalte zuzena, infekziosoa eta inflamatorioa eragin dezakeela bihotz-muskuluan, hots, miokarditisa bezala ezagutzen dena. Erasanaren arabera, bihotzeko ponparen funtzioak aldi baterako edo betiko okerrera egin dezake, eta larritasuna era askotakoa izan daiteke”, azaldu du IMQ-ko kardiologoak.

Konfinamendutik ondorioztatutako arazoak

Ignacio Díez kardiologoak adierazi duenez, “egunotan badago arazo larria, hots, paziente batzuen gaitasun funtzionala txikiagotu egin dela, konfinamenduko asteetan entrenamendu fisikoa txikitu egin delako eta dietan aldaketak izan direlako. Hortaz, pazienteen arrisku kardiobaskularra birbalioztatu beharra dago, hau da, odoleko azukre-mailak, gehiegizko pisua eta hipertentsio arteriala  ebaluatu, batez ere, tratamendu medikoa doitu beharrik balego”.

Arreta berezia, adineko pazienteei

Egiaztatu denez, COVID-19ak maizago jotzen ditu adineko pazienteak. “Adina dela eta, inmunodeprimituago daude, eta horrez gain, lehendik bihotzeko gaixotasun kronikoa badute, bihotzeko konplikazioak izateko arrisku handiagoa izango dute, hala nola, neumonia sinplea edo aldebiko neumonia, eta, hortaz, arnas distress delakoagatik hiltzeko arriskua handiagoa izango da. Testuinguru horretan, gogorarazi beharra dago paziente horiek tratamendu medikoa zorrotz bete behar dutela eta ez dutela likido gehiagi hartu behar, likidoen erretentziorik gerta ez dadin eta ezegonkor ez daitezen”, adierazi du  IMQ-ko kardiologoak.

Kardiologiako kontsultei eta proba diagnostikoei berriro ekin zaie

Gaur egungo egoera dela eta, pixkanaka itzul daiteke Kardiologiako asistentzia-jarduerara, pazienteak eta osasun-langileak babesteko ezarri diren neurriak betetzen. Lehendik bihotzeko kardiologiaren bat zeukaten eta horren tratamendua hartzen zuten pazienteentzat, “garrantzi handi du jarduera fisikoa egiten hasteak, hilabeteotan zuzenean edo telefono bidez egin ez diren jarraipen-kontsultei berriro ekiteak, eta kontsultetan larriak izan litezkeen bihotzeko deskonpentsazioa ekar dezaketen egungo edo aurretiko sintomak gogorarazteak”, adierazi du espezialistak.

Kontsultetan egin diren aldaketa nagusiak, esaterako, itxarongeletan egin dira, horiek garbitzeko eta pazienteen artean tarte egokia jartzeko protokolo berrien eskutik. Hitzorduak egoki bakantzen dira, behar ez den itxaronaldirik egon ez dadin, eta telefono eta bideokontsulta bidezko kontsultak egiten dira posible denean, batez ere, azterketa medikoei eta proben emaitzei dagokienez, pazienteeen lehentasunak kontuan hartuta.

Zuzeneko kontsultak eta proba diagnostikoak (ekografia, esfortzu-proba, Holter-a…) “orain arteko argibide beraien arabera egiten dira”, eta pazienteen eta osasun-langileen arnasbideak babestuta. Maskarak eta babes-mantalak erabiltzen dira, beharrezkoak direnean, materiala eta esku-oheak etengabe garbitzen dira…

Osterantzean, pandemia amaitu arte jarraitu beharreko prebentziozko gomendioak gogorarazten jarraitu beharra dago: eskuak maiz garbitzea eta begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzea; espazio itxietan maskarak erabiltzea; eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoa tolestuta edo erabili eta botatzeko mukizapi batekin estaltzea; etxetik irtetea saihestea eta jarduera soziala mugatzea agintarien unean uneko jarraibideen arabera; eta, bereziki, edozein sintoma izanez gero (sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasuna), edo gaixo diagnostikatu batekin harremanik izanez gero, etxean geratu eta medikuari telefonoz deitzea.

Tentsio eta bihotzeko gutxiegitasunerako botikak

Koronabirusak jotako pertsonengan hipertentsio arteriala eta bihotz-gutxiegitasuna tratatzeko erabiltzen diren farmako jakin batzuek (angiotentsinaren entzima  bihurtzailearen inhibitzaileak (AEBI), eta angiotentsina hartzaileeen blokeatzaileak (AHB)) izan dezaketen efektu kaltegarriari buruzko albisteak zabaldu dira. Hipotesi hori lehengo SARS izurritean egindako behaketetatik dator –COVID-19aren birusa (SARS-CoV-2) ez den beste koronabirus batek eragindakoa. "Europako Kardiologia Elkartearen "Council on Hypertension" erakundeak ohar ofizial batean adierazi duenez, ez dago COVID-19aren agerraldi pandemikoaren testuinguruan AEBI eta AHBen eragin kaltegarria egiaztatzen duen ebidentziarik, ezta horiek etetea gomendatzeko ere; beraz, pazienteek horiek hartzen jarraitu behar dute. Ez dezagun ahaztu AEBIek eta AHBek onura kardiobaskular ugari erakutsi dituztela”, argitu du Ignacio Díez medikuak, IMQ-ko kardiologo denak.

Bihotzeko arazoak COVID-19a tratatzeko erabili diren botikekin: klorokina/hidroxiklorokina

Gaur egun, "kontrolatutako eta aleatorizatutako saiakuntza kliniko bakar batek ere ez du frogatu klorokina eta hidroxiklorokina eraginkorrak direla COVID-19a duten pazienteen tratamendurako". Orain arte, birusen aurkako ekintzari buruzko informazioa in vitro azterlanetatik eta tamaina- eta metodologia-mugak dituzten pazienteen serieetatik dator. Adituak xehatu duenez, "gauza jakina da hidroxiklorokinak elektrokardiogramaren (EKG) QT tartea luza dezakeela, eta horrek arritmia gaiztoak eragiten dituela. Arrisku hori areagotu egingo da dosi altuak hartzen badira eta azitromizina edo QT tarte hori ere luzatzen duten beste botika batzuk aldi berean erabiltzen badira, baita sortzetiko QT luzea duten pazienteengan ere”.