Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Tximeleta Proiektua: familien mina arintzea jaiotza inguruko doluan

30.04.2024

Tximeleta Proiektua: familien mina arintzea jaiotza inguruko doluan
  • IMQ Zorrotzaurre Klinikaren ekimenik adierazgarriena Tximeleta Kutxak dira: gurasoei jaio ez denaren edo jaioberriaren oroitzapen esanguratsuenak ematen zaizkie, jaiotza inguruko dolu mingarria arintzeko ahaleginean.

  • IMQ Igurco Orue egoitzako adinekoek eta profesionalek dena eman dute ekimenarekin, eta, besteak beste, Kutxak diseinatzen eta apaintzen lagundu dute.

Seme edo alaba bat galtzea bizitzako esperientziarik mingarrienetako bat da. Eta jaiotza inguruan gertatzen bada, heriotzaren eragina sakona eta luzea izango da; hortaz, IMQ Zorrotzaurre Klinika egoera latz hori arintzen saiatu da, doluaren hasierako etapan familien ondoan egoten, berariazko protokoloen bidez ez ezik, jaiotza inguruko doluaren ikur ofiziala diren Tximeleta Kutxak ekimenaren bidez ere.

2021eko martxoan, Klinikak Tximeleta Batzordea edo lantaldea sortu zuen, profesional hauekin: pediatra bat, ginekologo bat, emagin bat, laguntzaile bat eta paziente-profesional bat —paziente obstetrikoen ikuspegiaren erreferente gisa—, Kalitate eta Pazientearen Segurtasuneko Unitateak koordinatuta.

Batzorde horren lanetatik hainbat helburu sortu ziren: profesionalek laguntza bigundua eta kalitatezkoa ematea jaiotza inguruko heriotza bizi izaten duten pertsonei; gurasoen eta familien dolua erraztea, osasun-laguntzaren eskutik; dolu-prozesuekin lotutako erabakiak hartzean autonomia indartzeko beharrezko informazioa ematea; egoera latz horietan dauden profesionalei laguntza-tresnak ematea, eta haien eskura jarduera-gida bat jartzea, beren zaintzak eta arreta egoera horretan dagoen pertsona bakoitzaren beharretara bideratzen laguntzeko.

IMQ Kliniken Kalitate eta Segurtasun Klinikoko teknikari Amaia Urangak azaldu duenez, ideia hori honela sortu zen: «klinikako lankide batek bere seme Unaxen heriotza perinatalari aurre egin behar izan zion; hala, berari otu zitzaion prozesu  mingarri hori biguntzea. Semea edo alaba umetoki barnean edo erditze garaian hiltzea esperientzia traumatikoentzat hartu da, eta epe luzera ondorio psikologikoak izan ditzake».

Lantaldetik sortu ziren ekimenetako batzuk hauek izan ziren: Esku Hutsik Elkartearekiko lankidetza, zeinarekin IMQ Zorrotzaurre Klinikak ospitaleratutako pazieteei berehalako laguntza psikologikoa ematea sinatu duen; osasun mentaleko laguntza eta lankidetza IMQ Amsarekin, bai pazienteentzat, bai profesionalentzat; izapide administratiboak egiten laguntzea, eta tximeleta identifikagarriak jartzea amaren eta horren historia klinikoaren gelaren atean.

Tximeleta Kutxak

Haatik, Batzordeak  hartu dituen ekimen ekimenik adierazgarriena Tximeleta Kutxak dira: horietan, izan ezin zen bizitza baten oroitzapenak gordetzen dira. Eta Amorebietako IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitariokoek dena eman dute jarduera horren alde.

Egoitzako zuzendari Mercedes de la Sotak adierazi duenez, «Tximeleta Kutxetan ama eta aita bati kentzen zaion maiteena eta kutunena gordetzen da. Izan ere, oroitzapenez beteta daude, bizirik jaio ezin izan den edo erditu eta gutxira hil den haurtxo baten oroitzapenez. Kaxa horietan gurasoek beren haurtxoa gogoratzeko berezitzat jotzen dituzten gauzak gorde ohi dira: ile-sortatxo bat, txano bat, pintza bat, jaioberriaren eskumuturrekoa, eskuen edo oinen aztarnak, gurasoen eskutitz bat edo argazkiak, besteak beste».

Aurrekoak ez ezik, gauzak hauek ere gordetzen dira Kutxetan: gutun bat, panpina bat, dolua bizi duten amek egindako tximeleta bi eta Esku Hutsik elkartearen liburuxka bat (Euskadiko eta Nafarroako haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaio osteko heriotzen dolu-elkartea).

Bizkaiko egoitza soziosanitario IMQ Igurco Orueko adinekoek IMQ Zorroztaurre Klinikan hogei Tximeleta Kutxa entregatu dituzte oraintsu. Egoitzako adinekoek diseinatu, osatu eta apaindu dituzte Kutxak, zentroko profesionalen laguntzarekin, eta IMQ Zorrotzaurreko Tximeleta Batzordeko profesionalei entregatu dizkiete.

«IMQ Igurco Orue egoitzan dihardugunok arreta handia jarri dugu modu kutunean egin daitezen, ez baitira edonolako kutxa. Egin daitezkeen kaxarik berezienak dira. Maitasunak, ardurak eta zertarako egiten diren ulertzeak, oso objektu esanguratsu bihurtu dituzte. Prozesu osoan parte hartu duten pertsonak partaide bilakatu dira, eta, aldi berean, lagungarri, bizitzak ekar dezakeen kolpe latz itzel hori kudeatzen laguntzeko eta pertsona horiekin enpatizatzeko», azaldu du Mercedes de la Sotak.

Espainian, datuen arabera, jaio eta gutxira haurtxoa galdu duten familien % 30k bakarrik gordetzen du jaioberriaren oroitzapen fisiko bat, eta % 12k bakarrik du argazki bat. Herrialde batzuetan, hala nola Irlandan, Erresuma Batuan, Herbehereetan, Kanadan edo Ameriketako Estatu Batuetan, aldiz, ehunekoa askoz handiagoa da: % 90.