Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Virgen Blanca klinika: 50 urte igaro dira 25 sendagileren akordio hartatik

28.06.2019

IMQ Virgen Blanca klinika: 50 urte igaro dira 25 sendagileren akordio hartatik

IMQ Virgen Blanca klinikak 50. urteurrena ospatu berri du ateak itxita, ekitaldi hunkigarri baten eskutik. Ekitaldi horretara Euskal Herriko medikuntza-zientzietako lehengo eta oraingo pertsona gailenak bertaratu dira, baita IMQko kargu nabarmenak ere, hala nola, Pedro Ensunza, presidentea, Miguel Ángel Lujua, kontseilari zuzendari nagusia, eta Nicolás Guerra, IMQko kliniketako zuzendaria.

Ekitaldi horretan, garai bateko irudiak eta klinikaren kudeaketan nahiz bilakaeran parte hartu duten hainbat kargudunen lekukotzak bildu dituen bideo bat ikuskatu da. Adibide gisa, Fernando Muñoz eta Pedro Lombana ginekologoek, Santa Marta klinika ixtear zegoela, oso kezkatuta, antzeko klinika bat abiaraztea proposatu ziotela kontatzen du bideoan José María Domingok, klinikaren bazkide sortzaileak. Horretarako, garai hartako klinika batzuk aztertu zituzten, esaterako, suitzar bat eta katalan bat, eta, duela 50 urte, suitzarra oinarri hartu zuten –Bernako Ospitale Kantonala- Virgen Blanca klinika sortzeko.

Gaur egun, Virgen Blanca klinika, IMQ Zorrotzaurre klinikarekin batera, Euskadiko osasun-azpiegitura pribatu nagusia da, eta kalitate eta segurtasun klinikoari buruzko estandar zorrotzenen arabera kudeatzen da, asistentzia-prestazio bikaina ematearren.

Lau urte lehenago medikuntzako hogeita bost bazkideren eratze-akordio baten ondorioz 1969an eratutako Sociedad Clínica Virgen Blanca sozietate haren berezko bilakaera da gaur egungoa.

Klinikaren eraikuntza-proiektua Pascual Perea arkitektoak zuzendu zuen, eta hasieran zazpi solairu eta teilapeko solairu bat zituen, zerbitzu hauekin: 151 ohe, lau ebakuntza-gela, zerbitzu erantsiekin, eta erradiologia-gelak, laborategiak, erditze-gelak eta habiak.

80ko hamarkadan, finantza-ahalegin handia eginez, gelak moldatu eta merkatuaren bilakaerak eskatzen zituen beharrez hornitu ziren, eta 90eko hamarkadaren erdialdean, medikuntzaren eta diagnostiko- eta kirurgia-tekniken eboluzioa zela eta, klinikaren egitura moldatu egin zen eta kirurgia-teknika, botika eta tratamendu berriak sartu ziren, baita ekipamendu eta goi-teknologia ere, garai berrietara egokitutako medikuntza modernoa eta bikaina eskaintzeko.

Klinika modernizatzeko prozesua 2008an biribildu zen, Virgen Blanca klinika Estatuko osasun pribatuko zentro aintzindari bezala sendotu zenean, hain zuzen, “Da Vinci” kirurgia robotikoa ezarri zenean.

Virgen Blanca klinikaren bazkide nagusia IMQ zen 2001ean, eta 2011ko abenduaren 20an bi klinikek bat egin zuten. Harrezkeroztik, elkarrekin ibiltzen hasi ziren biak, eta antolamendua berregituratu zen eta gaur egungo bi asistentzia-zentroak sortu ziren: IMQ Zorrotzaurre eta IMQ Virgen Blanca.

Gaur egun, IMQ Virgen Blanca klinikak  IMQ Zorrotzaurre  klinikaren zeregina osatzen du, eta IMQk bezeroei eskaintzen dien asistentzia-proiektu bera osatzen dute biek.

Hiru asistentzia-unitate ditu IMQ Virgen Blanca klinikak: Hemodialisi Unitatea, Errehabilitazio Unitatea eta Endoskopia Unitatea. Hirurak azken belaunaldiko teknologiaz daude hornituta eta goi-mailako prestakuntzako profesionalek zuzentzen dituzte, erabakitasun handiko zerbitzuen eskutik.

Halaber, pazientearen zerbitzura hainbat espezialitate ditu, ospitaleratze eta kontsultetan: traumatologia eta ortopedia, otorrinolaringologia, endoskopia, ginekologia eta obstetrizia, kirurgia plastikoa, eta ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgia.

Eta, gainera, osasun-erreferentea da, zeren eta asistentzia-kalitate eta segurtasun klinikoari buruzko eredu europarra, DIAS, egiaztatu zitzaion Estatuko lehenego klinika baita.

Klinika, kopurutan

2018an, IMQ Virgen Blanca klinikak 5.834 ospitaleratze eta 12.540 egonaldi erregistratu zituen. Eguneko Ospitaleak, bestetik, 7.863 egonaldi. 6.225 ebakuntza kirurgiko programatu ziren, presako 26 ebakuntza eta 2.722 ebakuntza anbulatorio egin ziren eta 13.539 larrialdiri eman zitzaien arreta.