Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Zorrotzaurrek Joint Commission-en hirugarren berregiaztapena lortu du

03.02.2020

IMQ Zorrotzaurrek Joint Commission-en hirugarren berregiaztapena lortu du

Clínica IMQ Zorrotzaurre klinikak Joint Commission International-en hirugarren berregiaztapena lortu du oraintsu, hots, asistentziaren gainean ospitale batek lortu ahal duen munduko kalitate- eta segurtasun-egiaztapenik bikainena eta zorrotzena. Horren eskutik, bikaintasuna aintzat hartu zaio klinikari, egiaztapenak barne hartzen dituen estandar ugaritan. Era berean, Euskadin hura lortu zuen lehena izan zen. Gaur egun, EAEn, Deba Garaiko ospitaleak bakarrik du egiaztagiri hori; hortaz, IMQ Zorrotzaurre ospitalerik onenetakoa da, pazienteen onerako kalitate- eta segurtasun-neurriei dagokienez.

Joint Commission erakundeak esperientziarik ugariena du munduan osasun-egiaztapenak egiten, eta arlo horretan erakunde entzutetsuenetako bat da. Espainian hamalau ospitalek bakarrik dute egiaztagiri hori eta, nazioarte mailan, izen handiko zentroek lortu dute erakunde haren betekizunak betetzea, hala nola, Clínica Mayo, Mount Sinaí edo Houstongo MD Anderson zentroek.

Egiaztapena berritzeko auditoretza –hiru urtez behin egiten dena– bost egun jarraiez egin da IMQ Zorrotzaurre klinikan, egun osoa iraun du, eta bi hamarkadatik gorako esperientziadun hiru kanpo-ebaluatzaile aritu izan dira horretan, hots, 1.400 estandar ingururi jarraipena egiten. Egun horietan, agiri asko aztertu eta ospitaleko instalazio guztiak ikuskatu dira, esatarako, multzo kirurgikoa, obstetrikoa, jaioberrien unitatea, farmazia, hemodinamika-arloa, eguneko ospitalea, suspertze-unitatea, zainketa intentsiboak, ospitaleratze-aldea, prebentzio-sistemak, kontrola eta mantentzea, sukaldea, erradioterapia eta medikuntza nuklearra eta hornikuntza- eta erosketa-katea, besteak beste.

Halaber, zentroa berriro egiaztatzeko, ospitaleratutako paziente batzuen historia klinikoa zehatz aztertu da eta hainbat asistentzia-protoloko bete dira. Hori guztia burutzeko, zentroko 150etik gorako profesionalen laguntza eta konpromisoa funtsezkoak izan dira, auditoretzan eta jarritako helburuekin bat etortzen parte hartu baitute.

Joint-ek pazientea du prozesuaren xede, eta kudeaketaren, kalitatearen, arretaren eta segurtasunaren alderdi guztiak ebaluatzen ditu, pazientea zentrora iristen denetik alta  ematen zaion arte. IMQ kliniketako zuzendari Nicolás Guerra doktoreak adierazi duenez, “zerbitzuen eta asistentziaren kudeaketa ez ezik, beste alde batzuk ere neurtzen dira, hala nola, pazienteak zuzen identifikatzea, profesionalen komunikazioaren eraginkortasuna, arrisku handiko medikazioaren segurtasuna, osasun-arretarekin loturiko infekzioen arriskua txikiagotzea edo erorikoek eragindako lesioak murriztea, horiek guztiak, pazientearen segurtasuneko nazioarteko helburuak, eta IMQ kliniketan ezinbestekoak direnak”.

Bestetik, Isabel Urrutiak, IMQ kliniketako Kalitate eta Pazientearen Segurtasun arduradunak, hauxe azpimarratu du Joint Commission International-en kalitate-estandarren gainean: “pazientea xede duten helburuei dagokienez, hainbat alderdi ebaluatzen ditu, esaterako, arreta eskuratu eta horren jarraipena, ebaluazio eta arretaren eskubideak, anestesia eta arreta kirurgikoa, botiken maneiua eta erabilera eta heziketa. Azken alderdi horrek pazienteak nahiz horien senideak barne hartzen ditu, eta IMQn lan egiten dugunok garrantzi handia ematen diogu horri, horretatik ondorioztatzen den prebentzio-indize handia dela eta”.

IMQ Zorrotzaurre klinikako taldea 2010ean hasi zen lan egiten Joint Commission Internacional-en (JCI) kalitate-estandarren helburua lortzeko, oraindik garai bateko Vicente San Sebastián klinikan zegoenean, eta oraingo egiaztapen hau hirugarrena izan da.