Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Gaixotasun kardiobaskularrengatiko heriotza tasa estatuko batez bestekoa baino bi puntu txikiagoa da Euskadin

13.03.2018

Gaixotasun kardiobaskularrengatiko heriotza tasa estatuko batez bestekoa baino bi puntu txikiagoa da Euskadin

Gaixotasun kardiobaskularrengatiko emakumezkoen batez besteko heriotza-tasa % 31,98koa da Espainian eta Euskadin, berriz, % 28,77koa.

Infartua duten emakumeengan, “atipikoa” izaten da mina, eta horrek diagnostikoari kalte egiten dio.

Infartu baten sintomak badaude, “ez da ospitalera oinez autoz edo taxiz joan behar, zeren eta lehenengo bi orduetan arritmia gaiztoak (bentrikuluko fibrilazioa) izateko arriskua handiagoa baita. Heriotza-tasa gizonengan % 40koa da eta emakumeengan, % 52koa”.

Gaixotasun kardiobaskularrak heriotza-kausa nagusia dira oraindik Espainian (% 29,17), minbiziaren aurretik (% 27,50) eta arnas sistemako gaixotasunen aurretik (% 11,4).

Martxoaren 14a arrisku kardiobaskularra prebenitzeko Europako eguna ospatzen denez, Mateo Calvo San Juan IMQ-ko kardiologoak, bi hamarkadez baino gehiagoz arrisku kardiobaskularra prebenitzen diharduenak, hauxe adierazi du: gaur egun, Euskadi da kausa horrengatiko heriotza-tasarik txikiena duen autonomia-erkidegoetako bat, estatuko batez bestekoarekin alderatuz.

“Izan ere, egiaztatu dugu” –adierazi du Calvo doktoreak-, prebentzioan egindako ahaleginei esker heriotza-tasa nabarmen txikiagotu dela azken hamarkadetan: EAEko gaixotasun kardiobaskularrengatiko heriotza-tasa % 26,98koa da, eta Espainiako batez bestekoa, aldiz, % 29,17koa”. Euskadiko kopuruak baino txikiagoak dituzten autonomia-erkidegoak hauek dira: Madril (% 25,39), Nafarroa (% 26,38), Katalunia (% 26,71), Kantabria (% 26,72), Ceuta (% 27,36), Gaztela-Mantxa (% 27,37), Melilla (% 27,57), Kanariar Uharteak (% 28,21) eta Balear Uharteak (% 28,88).

Tipologiaren arabera, hauek dira kausa nagusiak: lehena, gaixotasun zerebrobaskularra (11.556 heriotza, gizonen artean eta 15.556, emakumeen artean); bigarrena, “bihotzeko beste gaixotasun batzuk” (10.372 heriotza, gizonen artean eta 12.886, emakumeen artean); hirugarrena, gaixotasun iskemikoak, 10.062 heriotza, gizonen artean eta 11.279, emakumeen artean, bihotzeko gutxiegitasunaren ondorioz.

Sexuaren arabera, “Gizon baino emakume gehiago (9.000 gehiago) hiltzen dira gaixotasun kardiobaskularren ondorioz Espainian (64.417 emakume eta 55.307 gizon). Espainiako batezbestekoa % 31,98koa da. Euskadikoa, berriz, % 28,77koa”, IMQ-ko kardiologoak adierazi duenez.

Arrisku-faktoreak

Gaixotasun kardiobaskularrak bihotzetako eta odol-hodietako ondoezak dira, hainbat patologia barne hartzen dituztenak, hala nola, “kardiopatia iskemiko aterosklerosoak eta endekanpenezkoak, gaixotasun zerebrobaskularrak, arteriopatiak aterosklerosoak, tronbosiak eta enboliak ”.

Calvo doktoreak adierazi duenez, “gaixotasun kardiobaskularren bat izateko probabilitate handiago batekin lotzen diren arrisku baskularreko faktoreak eta markatzaileak honela sailkatzen dira: alde batetik, aldatzen ez direnak (arraza, sexua, adina, herentzia) eta, bestetik, aldatzen direnak, hala nola, kolesterol altua, hipertentsio arteriala, diabetesa eta tabakismoa; eta, horiekin lotuta, egoneko bizitza, obesitatea, alkohola, elikatzeko modu kaskarra, estresa, drogak, arrisku psikosozialeko faktoreak edo langabezia, besteak beste”.

Nola ohartarazten du?

Arrisku kardiobaskularreko faktoreak egon ala ez, “susmatu egin behar da, bularralde erdiko bihotz aurreko min handia, ez zorrotza, gero eta handiagoa (lauza batek bularra estutuko balu bezala) 10 edo 15 minutuz baino gehiagoz sentitzen bada, hain zuzen, ezkerreko besora, lepora, bi sorbaldetara, besaurrera eta eskumuturrera, barnealdetik, zabaltzen bada —kanpoaldetik zabaltzen diren min osteo-erradikularrak ez bezala—. Ondoren, sintoma hauek agertuko dira: gehiegizko izerditzea eta hozkirria, arnas nekeza, zurbiltasuna eta goragalea edo goitika eta zorabioa”. Horiek dira adituek “tipiko” deitzen dioten minaren sintomak.

Eta emakumeengan?

Emakumeengan mina “atipikoa” izaten da, batez ere, menopausia aurrekoengan. “Kasu horietan, gizonen bularraldeko min tipikoa emakumeena baino espezifikoagoa da eta emakumeengan, ehuneko handi bat gaixotasun koronario ez-buxatzailea izaten da. Mina ez da han tipikoa, bizkar erdian eta masailezurrean, eta goragalea, goitika  eta indigestioa maizago izaten ditu. Menopausia osteko emakumeengan, atipikoak dira sintoma horiek, eta adineko emakumeengan, disnea edo arnasestua ekar ditzakete supituan”, azpimarratu du IMQ-ko kardiologoak.

Sintomak ezagutzea zaila denez, beranduago iristen da ospitalera eta, ondorioz, hiltzeko arriskua handiagoa da (% 52koa, emakumeen artean; % 42koa, gizonen artean). “Pronostikoa txarragoa da ospitaleratu ondoren ere, infartua urte gehiagorekin izaten dutelako, gutxi gorabehera, gizonek baino 10 urte gehiagorekin, eta, hortaz, komorbilitate gehiago izaten dute (giltzurruneko gaixotasuna, osteoartikularra, anemia …)”, adierazi du IMQ-ko adituak. Halaber, “emakumeek gizonek baino beranduago kontsultatzen dituzte sintomak, beraz, beranduago diagnostikatzen dira, batzuetan sintoma atipikoak dituztelako eta, ikerketa batzuen arabera, gizonek tratamendu erasokorragoak jasotzen dituzte”. Bestetik, ospitaleratuta dauden bitartean, “konplikazio gehiago izaten dituzte, esate baterako, bihotzeko gutxiegitasuna, iktusa edo transfusioak egin behar izatea”.

Nola jokatu behar da?

“Bihotz-gelditzerik gertatuz gero, presako arreta medikoa eskatu behar da, 112 zenbakian.  Pazientea lasaitu egin behar da, tratamenduan badago kafinitrina hartu behar du, eta etzan egin behar da. Elektrokardiograma batek baieztatuko du infartua gertatu den, eta pazientea ahal den azkarren eramango da ospitalera. Ez da oinez, autoz edo taxiz joan behar, zeren eta lehenengo bi orduetan arritmia gaiztoak (bentrikuluko fibrilazioa) izateko arriskua handiagoa baita, eta heriotza-tasa gizonengan % 40koa da eta emakumeengan,% 52koa. Kasu horietan, bihotza gelditu eta konortea galtzen da”, azaldu du Calvo doktoreak.

Zirkulazioa eten egiten denean, oxigenoa eta mantenugaiak ez dira organoetara iristen, eta, ondorioz, berehala hasten dira sufritzen. “Garrantzi handia du jakiteak organo zaurgarriena garuna dela. Bihotza 4 minutuz baino gehiagoz gelditzen bada, garunean lesio larriak gerta daitezke; izan ere, lesio horiek dira suspertzen diren pazienteek ohi dituzten arrasto nagusiak”, zehaztu du IMQ-ko adituak. “Berehala egiaztatu behar da pazienteak arnasa hartzen duen eta pultsua duen. Horretarako, sorbaldatik hartuta mugitu behar da, erantzunik duen ikusteko. Arnasa hartzen duen ere egiaztatu behar da”, adierazi du IMQ-ko kardiologoak.

Pazienteak arnasa hartzen ez badu, bihotz-biriketako bizkortzeari (BBB) ekin behar zaio berehala: “bularraldea estutzean, odola garunera iritsiko da  eta garunean lesioak gertatzeko arriskua txikiagotuko da. Ahoz ahoko arnasketa ez da beharrezkoa eta ez da eraginkorra, zeren eta benetan axola duena bularraldea behar bezala estutzea baita”. “Bularrezurra beherantz, lauzpabost zentimetro estutu behar da, 100 aldiz minutuko”, eta motu erritmiko eta erregularrean, ahal den gutxien eteten. “Biktimak konortea berreskuratu arte edo arreta medikoa iritsi arte egin beharko da”, azaldu du Calvo doktoreak.

 

BEDERATZI AHOLKU ARRISKU KARDIOBASKULARRA TXIKIAGOTZEKO

 

1. Arrisku-faktoreak kontrolatzea: kolesterola (<200mg/dl), glukosa (< 110 mg/dl), tentsio arteriala (<(140/90 mmHG).

2. Tabakoa. Guztiz kentzea, zeren eta, lehenago edo beranduago, ondorioak izango baititu erretzeak. Nerabeek kirola egin behar dute, erretzeari ekin ez diezaioten eta bizi-aztura osasungarriak izan ditzaten.

3. Bihotzarentzat osasungarria den elikadura: dieta mediterraneoa. Frutak, barazkiak, ortuariak (5 pieza egunero). Arrainak eta oliba-olioa. Haragi gihartsuak, zerealak eta esneki gaingabetuak. Azukre, gatz eta alkohol gutxiago. Gantz aseak, elikagai prozesatuak eta opil industrialak saihestea, janari izoztuei gatzik ez gehitzea.

4. Jarduera fisikoa. Maiz, gutxienez 150 minutuz astean, 45 minutuko segidetan. Azkar ibiltzea, dantzatzea, korrika egitea, igeri egitea … kolesterola, pisua, diabetesa eta  tentsio arteriala kontrolatzen, tabakoa erretzeari uzten eta egoera emozionala hobetzen laguntzeko.

5. Pisua. Pisua kontrolatzea, adinaren arabera. Gorputz-masaren indize egokia: 20-25 Kg/m2. Obesitatea: >30 mg/m2.

6.  Kontuz, sabelaldean pilatutako gantzarekin. Arriskutsua da bihotzarentzat. Neurtu, zilborraren parean, sabelaldearen perimetroa: emakumeek 88 cm baino gutxiago izan behar dute eta gizonek, 102 cm baino gutxiago.

7. Nork bere arrisku kardiobaskularra kalkulatzea. Joan familia-medikuarengana osasun-azterketa egiteko eta familiako aurrekari posibleak aztertzeko. Eskatu aholkua: dieta, ariketak, faktore kaltegarriak.

8. Familiaren aisia naturan egitea sustatzea. Joan naturara: ibilaldiak mendira, aire zabalean jolastu … Gutxitu gailu elektronikoak haurrengan. “Osasuna ez dago platerean, oinetakoan baizik”.

9. Estresa eta antsietatea kontrolatzea. Estresak, kalean eta etxean, bihotzarentzat osasungarria den bizitza izatea eragozten du. “Irribarre egin”.