Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Emakumeek gizonek baino pixka bat gehiago, 10-20 minutu, lo egiteko beharra dute

18.03.2022

Emakumeek gizonek baino pixka bat gehiago, 10-20 minutu, lo egiteko beharra dute
  • Adituen hipotesien arabera, behar horrek hainbat faktorerekin du zerikusia, hala nola aldaketa hormonalekin edo iratzarri-egoeran edo esnaldian multiataza (‘multitasking’, ingelesez) prozesamenduan garuna gehiago erabili izanarekin.
  • Hainbat azterlanen arabera, zenbaitetan, bikotekideek hobeto lo egiten dute bakoitzak bere ohean. Esparru anglosaxoian egoera horri ‘sleep divorce’ edo ‘logelako dibortzioa’ esaten zaio.

Hainbat azterlanen arabera, egiaztatu omen da emakumeek gizonek baino pixka bat gehiago, 10-20 minutu, lo egiteko beharra dutela. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerlan batek ondorioztatu du 11 minutu gehiago lo egin behar dutela; Erresuma Batuan egindako baten arabera, berriz, 20 minutu gehiago.

«Efektu hori azaltzen duten arrazoiak ez daude oso argi, baina badirudi emakumezkoen hormona jakin batzuekin lotuta dagoela. Menarkian, hots, hilekoaren hasieran, eta menopausian hormona horietan aldaketa  nabarmenak gertatzen dira, eta horiek loaldiaren zikloei eragin diezaiekete», adierazi du IMQ Virgen Blanca Klinikaren Loaren Unitateko arduradun Rafael Téllezek, martxoaren 18a Loaren Munduko Eguna dela bide. Egun horren harira, Loaren Medikuntzaren Munduko Elkarteak urtero gogora dakarkigu gauez egoki atseden hartzeak duen garrantzia. Aurtengo goiburua hau da: ‘Loaldi ona, buru osasuntsua, mundu zoriontsua’ .

Izan ere, hilerokoan emakumeen herenak lo egiteko arazoak ditu, karrapak, buruko minak eta hantura dituztelako, eta, hortaz, egunez, logura, akidura eta nekea handiagoak. Menopausian emakumeen % 85ek beroaldiak izaten dituzte. Gauez gertatzen direnean, emakumeak izerditan esnatzen dira, eta horrek loa eteten die eta atsedenaren kalitatea hondatu.

Aurreko faktorei espezialisten hipotesi bat gehitu die Téllez doktoreak, «esnaldian gehien aktibatzen diren garunek gehiago behar dute loaren atseden indarberritzailea orekatzeko. Eta badirudi emakumea gehiago egoten dela egunez multiataza moduan gizonak baino. Egiaztatuta dago, halaber, emakumeak ahulagoak direla loaren nahasmenduen aurrean gizonak baino».

Aurrekoarekin lotuta, egiaztatu da emakumeek gizonek baino ehuneko 40 probabilitate gehiago dutela insomnioa izateko, eta ia bikoitza, antsietatea eta depresioa izateko, nahasmendu horiek insomnioarekin hertsiki lotuta baitaude.

‘Sleep divorce’ edo ‘logelako dibortzioa’

Bikotekidearekin ohe berean eta koltxoi berean lo egitea guztiz ohikoa da gaur egungo gizartean; hala ere, litekeena da, kasu batzuetan, gauez egokien atseden hartzeko ohiturarik osasungarriena ez izatea.

«Erakunde batzuek, hala nola Better Sleep Councilek, azterlan batean adierazi dute lau bikoteren artean batek aukeratu duela bakoitzak bere ohean lo egitea. Esparru anglosaxoian egoera horri ‘sleep divorce’ edo ‘logelako dibortzioa’ esaten zaio; hots, logela berean bakoitzak bere ohean ala logela bereizietan lo egitea, batzuetan zurrungak baitira arazoa», azpimarratu du Téllez sendagileak.

Ildo horren arabera, Nurembergeko (Alemania) Paracelsus Unibertsitate Mediko Pribatuak 2016an egin zuen ikerlan batek aurkitu zuen lo egiteko eta harreman-arazoak aldi berean gertatu ohi direla.

IMQ-ko loaren adituak aholkatu duenez, «ohe bereizietan lo egitea ez da gauza berria, eta garai eta kultura ezberdinetan gertatu da. Bikotekideei hobekuntza ekar diezaieke gaueko atsedenaldian, baita bizitza sentimentaleko beste arlo batzuetan ere. Hala ere, beste batzuetan, nahi ez diren ondorioak izan ditzake; beraz, funtsezkoa da horrelako erabaki bat hartu aurretik bikotekide biek horri buruz hitz egitea, ohe bereizietan lo egiteko erabakia biek har dezaten, batek inposatu ez dezan».

Zurrungak

«Zurrungak ohikoak badira, arazoa mediku bati kontsultatu beharko zaio, diagnostiko zehatza eman dezan, gerta daitekeelako loaldiko buxatze-apnea edo beste osasun-arazoren bat egotea», azpimarratu du Téllez doktoreak. «Haatik, noizean behin zurrunga egiten duten pertsonei aholku batzuk eman dakizkieke; adibidez, bizkarraren gainean lo egin beharrean, alde baten gainean egiten saiatzea; lo egin aurretik sudur-hobiak eraginkortasunez garbitzea edo eztarria hidratatzea gaueko atsedenaren aurretik».

Loa aldatuta duten haurtxoak

Guraso askorentzat, umetxoaren lo aldatuak eragin negatiboa izan du haren atseden-kalitatean. Egoera horietan, haurtxoak lo asko egiten du egunez, baina gauez negar egiten du eta ez du lo hartzen, eta horrek nahasmendua eragiten die gurasoei.

«Gurasoek ezer ez egitea erabaki dezakete, eta naturari bere lana egiten utzi, ingurumen-estimuluei esker (iluntasuna, lasaitasuna eta isiltasuna) eta esnaldia eta loaldia bereizten dituzten hormona-aldaketei esker, umetxoaren lo-ordutegiak normalizatuz», adierazi du IMQ-ko espezialistak.

Halaber, beste aholku hau eman du: «haurtxoaren eguneko loa etetea, bi ordu baino gehiago lotan daramanean. Horren arrazoia da jaioberriek egunean hiru orduko loaldi-ziklo bakarra dutela. Egunez lo egiten badu, ez du gauez egingo, eta, beraz, horrela, umetxoa ohitzen saiatzen da loaren ziklo luzea gauez egin dezan».