Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Kale zurruta eta txikiteoa, arriskua euskal herritarren digestio osasunarentzat ere

24.05.2017

Kale zurruta eta txikiteoa, arriskua euskal herritarren digestio osasunarentzat ere
  • Litro bat ardo, 570 kaloriako gehigarria da, inolako nutrizio-baliorik gabe; erraietako gantza handi dezake eta “txikiteoaren sabela” sortu.
  • Gazteek, “garrafoi” iruzurretan, “metanolen eta beste gai toxiko batzuen kantitate txikiak edaten omen dituzte kale-zurrutean”.
  • Ajeak ondoeza, sabeleko mina edo goragalea eragiten ditu, besteak beste, alkoholak digestio-aparatua narritatu egiten duelako, esofagoa eta urdaila handitzen dituelako (esofagitisa eta gastritisa) eta deshidratazioa sortzen duelako.
  • Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, alkohol gehiegi edateak 3,3 milioi heriotza eragiten ditu urtean, eta 200etik gora gaixotasun.

Osasun Sailak 2012an egin zuen “Euskadi eta Drogak” inkestaren datuen arabera, 1.188.00 lagun baino gehiagok, hots, euskal biztanleen % 72,1k, adierazi zuen edalea edo edale soziala dela. Datu horiek, eta 2007an eta 2013an emakumeen alkohol kontsumoa (Osasun Sailaren Osasun Inkesta) adin-tarte guztietan handitu izanak (15 eta 24 urte artekoengan izan ezik), alkoholaren kontsumoak euskal biztanleen artean duen garrantzia agerian jartzen dute.

Maiatzaren 29an Digestio Osasunaren Mundu Eguna ospatzen denez –Gastroenterologia Mundu Erakundeak sustatutako ekimena–, IMQ-ko Digestio Aparatuko espezialista Víctor Orive doktoreak, alkoholaren kontsumoarekin loturiko euskal gizarteko bi ohiturek (kale-zurruta eta txikiteoa) osasunari dakarzkioten ondorio txarrez ohartarazi du.

Adituak azaldu duenez, “Euskadin 27.125 lagunek dute alkohol kontsumo arriskutsua, eta pertsona horiei kontsumo kaltegarria duten beste 23.560 lagun eta alkohol-mendekotasuna duten beste 7.029 lagun gehitu behar zaizkie”. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, alkohol gehiegi hartzeak 3,3 milioi heriotza eragiten ditu urtean, eta 200etik gora gaixotasun, baita galera sozial eta ekonomiko itzelak ere.

Txikiteoa

Txikiteoa, hots, tabernaz taberna lagunartean ardoa edatea, Euskadin sustrai sakonak dituen ohitura da. “Badu alde soziala, bereziki, lagun-taldea elkartzea, baina alkohol gehiegi edaten da batzuetan, eta ez gizabanakoak ez horien senide edo adiskideak ez dira horretaz jabetzen, askotan, tolerantzia handitzean ez direlako mozkorkeriaren sintomak nabaritzen”. Alkohol kontsumo horrek “jarraitutasuna du bereizgarri, hau da, ia egunero edaten da”.

Alkoholaren  kontsumo kronikoak gibelari eta nerbio-sistemari eragiten die bereziki. “Alkohola da gibeleko gaixotasunen kausa nagusia mendebaldeko herrialdeetan:  gibeleko esteatosisa (gantz metaketa), hepatitis alkoholikoa edo gibeleko zirrosia”, adierazi du Víctor Orive medikuak.

Gizon batek 15-20 urtez baino gehiagoz egunero 60 g alkohol baino gehiago hartzen baditu, “hepatopatia larria izan dezake. Kontsumo hori 750 cm3 ardo da”. Emakumeen kasuan, kantitate kaltegarria txikiagoa da,“40 g alkohol/egunean (litro-erdi ardo), seguru asko, gorputzaren gantzaren banaketa desberdina delako”. Egile batzuentzat kantitatea horiek txikiagoak dira: 40 eta 20 g hurrenez hurren.

Nerbio-sistemari dagokionez, alkohola jarraian edaten bada, gaitz hauek sortuko dira: “memoria galtzea, dementzia, B1 bitaminaren mailak txikiagotzea, baita Wernickeren entzefalopatia sindromea eta Korsakoffen sindromea ere: buru-nahasmendua,  muskuluen  koordinazioa galtzea, memoriaren galera larria edo fabulazioa, besteak beste”.

IMQ-ko espezialistaren arabera, “kontuan hartu beharra dago, alkoholak kaloria ugari dituela. Litro bat ardo, 570 kaloriako gehigarria da, inolako nutrizio-baliorik gabe, erraietako gantza handi dezake eta “txikiteoaren sabela” sortu”.

Kale-zurruta

Alkoholaren beste kontsumo soziala kale-zurruta da, 13 eta 26 urte arteko gazteek egiten dutena. Kontsumo-mota horren ezaugarriak bestelakoak dira: “alde batetik, ez dute egunero edaten, noizean behin baizik, batez ere, asteburuetan; eta bestetik, askotan, kontsumoa jendetsua izaten da”.

Digestio Aparatuaren Euskal Zentroko (CEVADI) espezialista ere den Víctor Orive doktoreak azaldu duenez, kontsumo akutua, hots, alkohol-kantitate asko denbora laburrean edateak, “mozkorkeria eragiten du, hain ezagunak diren faseekin: euforia, intoxikazioa, nahasmendua, eta azken fasea, anestesia, estuporea edo koma, eta heriotzan amai daiteke, bihotz-gelditzeagatik edo goitika arnasbideetatik sartzen delako”.

Fase horiek eragiteko alkohol-kantitatea “faktore askoren araberakoa da: edanaren erritmoa, gizabanakoaren pisua, tolerantzia, eta baraurik edaten den ala ez, zeren eta urdailean elikagaiak badaude, alkohola beranduago xurgatuko baita”.

Mozkortu ondoren, ajea dator; “ondoeza, sabeleko mina, goragalea, buruko mina… Ajearen kausak askotarikoak dira, alkoholak digestio-aparatua narritatzea, hots, esofago eta urdaila handitzea (esofagitisa eta gastritisa) eta deshidratazioa, zeren eta alkoholak hormona antidiuretikoa inhibitzen baitu. Halaber, kontuan hartu beharra dago alkoholaren kalitatea, hori txarra bada, metanolen eta beste gai toxiko batzuen kantitate txikiak eduki ditzakeelako”, adierazi du IMQ-ko espezialistak.

Dena den, “alkohol gehiegi edaten bada, burmuinari kalte egin dakioke, eta kalteak betiko izan daitezke eta memoria gal daiteke, zeren eta garuna 25 urte arte garatzen ari baita. Horri, alkoholaren kontsumo akutuak eragindako jokabidearen asaldurak gehitzen zaizkio: jokabide oldartsuak eta arriskutsuak (borrokak, auto-istripuak….), batzuetan, aldi berean beste droga batzuk hartzeak larriagotzen dituenak”, bukatu du azaltzen Orive doktoreak.