Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Estresak eta zaratak eragindako nerbio arazoek laneko istripua izateko arriskua handitzen dute

25.09.2017

Estresak eta zaratak eragindako nerbio arazoek laneko istripua izateko arriskua handitzen dute

Irailaren 30ean Gorren Nazioarteko Eguna ospatzen denez, IMQ Prevención zerbitzuak –Euskadin laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzu liderra–  komunikazio-kanpaina bat abiarazi du enpresentzat, prebenitzeak eta belarriak zaintzeak duten garrantziaz kontzientziatzeko eta laneko inguruan langileek jasaten duten zarata aztertzeko ebaluazioak badaudela gogorarazteko eta entzumen-galera saihesteko.

Kanpainan ohartarazi denez, zaratak hainbat gaixotasun eragin dezake. IMQ Prevención zerbitzuko medikuntza-zuzendari Juan Mayorek adierazi duenez, “luzaroan zarata handien eraginpean jartzeak, besteak beste, entzumen-galera progresiboa, hipoakusiak (belarri batean edo bietan soinuak entzuteko ezintasun osoa edo partziala) edo entzumen-galera goiztiarrak eragin ditzake”.

Bestetik, denbora labur batez inpaktu handiko zaraten eraginpean jartzeak, entzumen-lesio larriak eragin ditzake, esaterako, tinpano-haustura. “Lesio-mota horiek iltzatzeko pistola, mailu pneumatikoak, zulagailuak, su-armak eta horrelakoak erabiltzen direnean gerta daitezke”.

Halaber, IMQ Prevención zerbitzuan dihardutenek, langile bat zarataren eraginpean jartzen denean sortzen diren beste ondorio batzuez ohartarazten dute, hain ezagunak ez badira ere: estresa eta nerbio-arazoak.“Ondorio horiek, komunikazioa eragotzi eta langilearen bizi-kalitatea murriztu ez ezik, lana txarto egiteko probabilitatea handi dezakete, eta, hortaz, laneko arriskuak izateko aukera handitu”, azpimarratu du Juan Mayorek.

Gomendioak

Laneko arrisku horiek ikusita, IMQ Prevención zerbitzua hainbat neurri ezartzearen alde agertzen da: “besteak beste, langileak zarataren eraginpean denbora gutxi jartzea, lanpostuak txandakatzea, aldizka audiometriak egitea, langile guztiak zarataz kontzientziatzea eta belarri-babesak erabiltzea”.

Belarri-babesek, zarata moteltzeko dituzten ezaugarriak direla eta, zaratak entzumenean duen eragina txikiagotzen dute, eta, ondorioz, belarrian ez da kalterik gertatzen. “Zarataren eraginpeko denbora guztian erabili behar dira babesak. Babes-mota asko dago gainera: belarri-babesak, tapoiak, zaratatik babesteko kaskoak eta kaskoari akoplatutako belarri-babesak, kasuen arabera erabiltzeko”.

85 dezibeletara iritsi aurretik

Halaber, IMQ Prevención zerbitzuko adituak hauxe gogorarazten du: “nahitaezkoa da 85 dezibeletik gora belarri-babesak erabiltzea. Dena den, dezibel-kopuru horretara iritsi aurretik erabiltzea gomendatzen da, batez ere, zaratak badirau. Oso gutxi kostatzen duen eta asko babesten duen prebentziozko neurria baita”.


Kontuan hartuta egoera gehienetan zarata nahi ez den ondorioa dela eta osasunari kalte egiten diola, “zarata ingurumen-kutsaduraren faktoretzat hartu behar da, beste edozein faktore bezain kezkagarria baita. Laneko inguruan, zarata arazo iraunkorra izan daiteke belarriarentzat, gehiegizko zaratak kalte konponezinak eragiten baititu, batez ere, luze badirau”.

IMQ Prevención zerbitzuari buruz

IMQ Prevención liderra da Euskadin laneko arriskuak prebenitzen. Hainbat jakintzagaitako 260 profesional dauzka, hala nola, laneko arriskuak prebenitzeko teknikariak eta laneko medikuntzan espezializatutako sendagileak eta laneko erizaintzan espezializatutako erizainak. Gaur egun, 100.000 langile eta 6.000 enpresari ematen die zerbitzu. Horretarako, 19 zentroko sarea dauka, EAEko hiru lurralde historikoetan banatuta, eta martxoan osasuna zaintzeko beste bi zentro zabaldu ditu, bata, Basaurin eta bestea, Durangon.

IMQ Prevención zerbitzuak, enpresei aholku emateaz gain, langileak prestatzen ditu, enpresa osasungarriari buruzko programak antolatzen ditu, enpresa-jarduerak  eta eraikuntza-lanak koordinatzeko agiriak kudeatzen ditu eta, duela gutxi, “Big Data” xede duen kudeaketa softwarea garatzen hasi da, hots, erabaki baliagarriak –kasu honetan, laneko arriskuak prebenitzekoak– hartzearren informazioa datu ustiagarri gisa kudeatzeko.