Iradokizunak
22.02.2018
IMQ Zorrotzaurre Klinikako Clínica Bilbaoko Urologia taldea izan da Europako lehen urologia-zerbitzua mikro-ultrasoinuen teknologia sortuberria edo bereizmen handiko ekografia erabiltzen. Euskadiko zentro horrek ez ezik Hanburgoko (Alemania) Martini klinikak eta Milango (Italia) Humanitas Research ospitaleak ere erabiltzen dute gaur egun teknologia hori, baina, gaur egun, hiru zentro horiek bakarrik erabiltzen dute Europan.
Prostatako minbiziaren gaineko Jakintza-alor anitzeko V. Bileraren batzorde antolatzaileko presidente Ander Astobieta urologoak jakinarazi du albiste hori. Bilera hori otsailaren 22tik 23ra bitartean Bilboko IMQ Zorrotzaurre klinikan egiten ari da, eta horretara hainbat herrialdetako (Alemania, Frantzia, Herbehereak eta Italia) adituak bertaratu dira, baita hainbat autonomia-erkidegotako osasun- eta ikerketa-zentro entzutetsuetako espezialistak ere. Presidenteak azaldu duenez, “teknologia berri horri esker, 300 aldiz handiagoa den bereizmenaz ikus daiteke prostata. Bereizmen handiko ekografiak gure arreta-estandarra aldatzeko gaitasuna du eta gure biopsiak hobeto eta eraginkortasun handiagoaz enfokatzea ahalbidetzen du, baita minbizia detektatzeko emaitzak modu eraginkorra izatea eta, posible denean, pazienteen emaitzak, hots, osasuna eta bizi-kalitatea, hobetzea”.
IMQ Zorrotzaurre klinikako Urologia Klinikak arlo horretan duen esperientziari esker, biopsia bat zuzenean eman daiteke –bileraren ekitaldi-aretoan denbora errealean ikus dezaten–, klinikan bertan, bereizmen handiko ekografia batek gidatuta, bilera zientifiko horren esparruaren barruan.
IMQ Zorrotzaurre klinikako Urologia Klinikako Astobieta doktorearen hitzetan, “erabili ohi dugun ExactVu bereizmen handiko prostatako ekografia, oso teknika aurreratua da eta ohiko ekografiaren onura guztiak dauzka, hala nola, ultrasoinuak bakarrik erabiltzeagatik kaltegabea izatea, erraz eta berehala erabiltzea edo prostatako ehuna bereizmen handiagoz bistaratzeko aukera. Izan ere, erresonantziari esker, ohiko ekografiaren bidez ikusten ez diren prostatako lesioak ikus daitezke”.
Ordeztuko al du ultrasoinuak erresonantzia magnetikoa?
Teknologia berria indarrez sartu denez, bileraren eztabaidetako bat hau izango da: “Ordeztuko al du ultrasoinuak erresonantzia magnetikoa? Zein izan daiteke gaur egungo diagnostikoaren algoritmoa?”.
Bileraren batzorde antolatzaileko presidente Ander Astobieta medikuak adierazi duenez, “gure kezka nagusienetako bat da arrisku handiko minbiziak goiz detektatzea eta horiek arrisku txikiko tumoreetatik bereiztea, tratamendua hobeto moldatzeko. Lan zientifikoen arabera, diagnostikatu diren minbizi guztien % 66-75 arrisku txikikoak dira”.
Horiek horrela, irudi-tekniketan, analisi genomiko eta molekularrean gertatutako aurrerapenei, erradiologo, anatomopatologo eta urologoen lanari eta aurrerapen farmakologikoei esker, prostatako minbiziaren biziraupen-tasak gero eta handiagoak dira. “Euskadin, prostatako minbiziaren biziraupen-tasa % 91tik gorakoa da, duela gutxi Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez”, azaldu du IMQ-ko adituak.
Gaur egun, urologoak, PSA (prostatako antigeno espezifikoaren odol-proba) maila altua duen paziente bati biopsia egiteko ala ez, PSA, pazientearen ezaugarriak eta historia klinikoa eta odol-markatzaile (4K) eta gernu-markatzaileen (Select MDx) emaitzak hartzen ditu kontuan. Eta datu horien arabera, biopsia egitea erabakitzen badu, medikuntza-irudi bidezko teknikak erabiliko ditu, hala nola, erresonantzia magnetikoa eta bereizmen handiko ekografia teknika berria. “Mundu guztiko urologoak lan egiten ari gara biopsiek balio prediktibo handiagoa izan dezaten, tratamendua egokitzeko. Ondoren, ebakuntzetan kendutako prostatako ehuna aztertzen da, analisi hori lehenago biopsian lortutako datuekin alderatzeko eta ziurtasun handienez zehazteko tumorearen sailkapena eta tratamendu egokia”.
Prostatako minbiziaz
Prostatako minbizia 65 eta 74 urterekin agertu ohi da. Diagnostikoaren batez besteko adina 66 urte dira, eta tumore horren eraginez gertatzen diren heriotzen batez besteko adina, 80 urte, Europako Mendebaldean. 55 eta 64 urte arteko prostatako pazienteen heriotza-tasa % 8koa da. 1.500 euskal herritar ingururi diagnostikatzen zaie urtero minbizi-mota hori –gizonezkoen artean, prebalentzia-tasarik handiena duena– eta Euskadin % 91tik gorako biziraupen-tasa du.