Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Hipertentsio arteriala da iktusa izateko arrisku faktore nagusia

26.10.2018

Hipertentsio arteriala da iktusa izateko arrisku faktore nagusia

Bi talde handitan banatzen dira iktusa izateko arriskua areagotzen duten faktoreak: “aldatu ezin diren faktoreak, hala nola, adina, gizonezkoa izatea edo nahasmendu genetiko batzuk, eta aldagarriak, behin eta berriz azpimarratu behar ditugunak, datozen urteotan iktus-tasak txikiagotzea lortzeko”, adierazi du Iratxe Ugarriza IMQ-ko neurologoak, Iktusaren Munduko Eguna dela eta (urriaren 29a).

Adituaren hitzetan, “hipertentsio arteriala da iktusa izateko arrisku-faktore nagusia, baita jatorri baskularreko dementzia izateko ere. Bestetik, tabakismoak % 50 areagotzen du iktusa izateko arriskua”.

IMQren neurologoaren iritziz, kontrolatu beharreko beste arrisku-faktore batzuk hauek dira: “diabetesa, kolesterol-maila altuak, egoneko bizitza edo sedentarismoa eta obesitatea. Halaber, duela gutxi egindako azterlan batzuen arabera, loaldiko apneen sindromea garuneko iktusa izateko arrisku handiagoarekin ere lotzen da”.

Drogen –“esaterako, kokaina”– kontsumoa ere lotu da garuneko gertakari baskularren intzidentzia handiagoa izatearekin. Adituak adierazi duenez, “arrisku-faktoreak behar bezala kontrolatzen badira, iktusen % 70 ere prebenitu ahal izango dira”.

Hori dela eta, IMQ-ko espezialistak bizi-aztura osasungarriak izatea gomendatzen du, esaterako, toxikoak kontsumitzeari uztea, neurrizko ariketa aerobikoa egitea eta jan-neurri mediterraneoa, osasungarria eta neurrizkoa izatea. “Bizi-aztura horiei Lehen Arretako sendagilek arrisku-faktoreak –hipertentsioa edo diabetesa, besteak beste– kontrolatzeko egiten duten lan garrantzitsua gehitzen badiegu, geroan iktus-kopuruak behera egingo du eta, hortaz, gure pazienteen bizi-kalitatea hobea izango da”.

Sintomak

Halaber, Ugarriza doktoreak arrisku-faktoreak ez ezik iktusaren ohiko sintomak ere ezagutzeak duen garrantzia gogorarazi du. Garuneko iktusa medikuntza-larrialdia da,  garuneko disfuntzioko sintomak bat-batean agertu izana bereizgarri duena, hala nola, “gorputzaren alde-erdia ahuldu edo inurritzea, begi batean edo bietan ikusmen-zailtasunak izatea eta mintzatu edo ulertzeko zailtasunak agertzea. Horietako sintomaren bat agertzen bada, hortaz, berehala joan beharko da larrialdietako zerbitzurik hurbilenera”.

Iktusa, nagusi gazteen artean ere

Garuneko eta odol-hodietako gaixotasunak osasun publikoaren arazo “larria” dira gaur egun. “Heriotza-kausa nagusienetako bat dira; desgaitasunaren lehenengo kausa helduaroan eta dementziaren bigarren kausa gure gizarteetan”.

Iktusa helduaroko gaixotasuna dela uste ohi bada ere, “iktusen ehuneko handi bat, hain zuzen % 10 inguru, 50 urtetik beherakoen artean gertatzen da”. Datu hori testuinguruan jartzeko, IMQ-ko neurologoak adin-tarte horretako biztanleria-kopurua handitu izana ez ezik, arrisku-faktoreak kontrolatzeak duen garrantziaz kontzientziaziorik ez dagoela ere adierazi du.

IMQ-ko neurologoaren hitzetan, “herrialde industrializatu gehienetan, iktusagatiko hilkortasun-tasa gutxituz joan da, alde batetik, iktusa zaintzeko unitate espezializatuetan fase akutuan zainketa hobeak ematen direlako eta, bestetik, Lehen Arretan arrisku baskularreko faktoreak kontrolatu egiten direlako”.