Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Odola darien hortzoiak, enpastatu gabeko txantxarrak eta mugitu egiten diren hortzak dira euskadiko herritarren aho osasunaren arazo nagusienetako batzuk

21.05.2018

Odola darien hortzoiak, enpastatu gabeko txantxarrak eta mugitu egiten diren hortzak dira euskadiko herritarren aho osasunaren arazo nagusienetako batzuk

 

Kezkatzen al zaie aho-hortzen osasuna euskal herritarrei? Higiene egokia izateko eta dentistarengana aldizka joateko adinbat? Hortzetako kliniketan egiaztatu denaren arabera, badirudi erantzuna baietz dela, eta gero eta gehiago, gainera, oraindik lana geratzen bada ere.

Horren harira, Javier Palacios odontologoak eta IMQ hortzetako kliniketako asistentzia-arduradunak, hauxe adierazi du: “gure kliniketan ikusten diren aho-hortzen arazo nagusiak odola darien hortzoiak, enpastatu gabeko txantxarrak eta mugitu egiten diren hortzak dira; hain zuzen ere horiek dira euskal herritarren aho-hortzen osasunaren arazo nagusienetako batzuk”.

Adituak zehaztu du, gainera, lehenago esandako arazoak ez ezik, hauek ere badaudela: “hortz-sentikortasuna eta zailtasuna ahoa ireki edo ixterakoan”. Halaber, “hortzeriaren estetikagatiko kezka” ere da askotan kontsulten zergatia, “eta kasu horietan dentistak esku hartu ostean, oklusioa eta hortzeriaren funtzioa hobetu egiten dira”.

Herritarren erdia baino gehiago urtero joaten da dentistarengana

Jendea aho-hortzen osasunak ahoarentzat ez ezik gorputz guztiarentzat duen garrantziarekiko sentikor bihurtzeko egin ohi diren kanpainak, emaitzak lortzen ari dira. “Eta ez hori bakarrik: familiak eta ikastetxeak gero eta kontzientziatuago egoteari esker eta Euskadiko Haurren Hortzak Zaintzeko Programari esker (PADI), kezka hori sakon sartzen ari da euskal herritarren artean, batez ere, txiki eta gazteen artean”.

Horiek horrela, IMQ hortzetako kliniketako asistentzia-arduradunak hauxe azpimarratu du: “Euskadiko biztanleen erdiak baino gehiagok aldizka –urtean behin gutxienez– bisitatzen du dentista hortz-haginak zaintzeko”.

Hortaz, herritarrak aho-hortzak zaintzeko gehiago kontzientziatuta eta motibatuta daudenez, “maizago garbitzen dituzte hortzak. Haatik, adi egon behar dugu, zeren eta herritarrek ez baitituzte oraindik barneratu higiene-ohiturak guk nahi genukeen mailan”.

Ohitura osasungarri horien artean, hauek  gomendatzen ditu adituak: “otoruntzen ostean hotzak behar bezala garbitzea, hau da, fluordun hortzetako pasta eta hortzetako haria edo zeta erabiliz”. Halaber, “erretzea edo kafe gehiegi hartzea ez da ona hortz eta hortzoientzat; batez ere, erretzeko ohitura da oso kaltegarria. Era berean, azukre gutxiago kontsumitu behar da, hortzetako esmalteari erasotzen diolako, eta arreta berezia jarri behar zaie edari freskagarriei, azukre sinpleen ehuneko handia dutelako, eta horien kontsumoa oso hedatuta dago. Eta ez da alde batera utzi behar aldizka dentistarengana joatea, hortzak aztertzeko nahiz garbitzeko, higiene-ohitura erabat beharrezkoa baita”.

Haurrei dagokienez …

Haurrei dagokienez, Haurren Hortzak Zaintzeko Euskadiko Programak (PADI) 7 eta 15 urte arteko umeengan behin-betiko piezen tratamendua estaltzen du (ortodontzia izan ezik). “PADI programa anbulatorio batzuetan egiten da; hala ere, kasu gehienetan Administrazioarekin ituna duten klinika pribatuetan egiten da”, adierazi du IMQ-ko odontologoak.

Adituak azpimarratu duenez, gurasoak gero eta “kontzientziatuago” daude eta seme-alabak dentistarenera maiz eta txikitatik eramaten dituzte. Izan ere, “gure zentroetan Odontopediatrian prestatutako profesionalak ditugu, umeak –2 urtetik gora– artatzeko.  Banakako arreta ematen zaie haurren hortzeriaren ezaugarri bereziei”.

Eta adinekoei dagokienez …

IMQ-ko hortzetako kliniketako arduradunak ere honela mintzo izan da: “era berean, 60 urtetik gora hortzak berriz ere zaintzen ez direla ikusi dugu”, eta herritar adindunak animatzen ditu “ohitura onak berreskuratzera, askotan bizitza osoan hortzak zaindu baitituzte eta orain ohitura horiekin jarraitu baino ez dute egin behar”.

Amaitzeko, IMQ Taldeak EAEko hiru probintzietan dituen hortzetako kliniken bidez egindako ahalegina nabarmendu nahi izan du Javier Palaciosek. Horra hor Taldeko hortzetako klinikak: Clínica Dental Doña Casilda (Bilbon), Clínica Dental Areeta (Getxon, Bizkaia), Clínica Dental Avenida (Vitoria-Gasteizen) eta Clínica Dental Zurriola (Donostian).