Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Osasun mentaleko 200dik gora aditu elkartuko dira Bilbon Desregulazio Emozionalaren eta Jokabidearen Desregulazioaren Gaineko Europako I. Jardunaldietan

05.10.2023

Osasun mentaleko 200dik gora aditu elkartuko dira Bilbon Desregulazio Emozionalaren eta Jokabidearen Desregulazioaren Gaineko Europako I. Jardunaldietan
  • Desregulazio emozionalak aldartea azkar eta brastakoan, kontrol gutxirekin, aldatzea eta emozio-egoera negatibo etengabea ditu bereizgarri.

Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko dekano María Carrasco doktoreak, IMQ Amsako zuzendari kudeatzaile Koldo Gutiérrezek eta erakunde horretako Eguneko Ospitaleko buru kliniko Claudio Maruottolo doktoreak emango diete hasiera Paziente Larrien Desregulazio Emozionalaren eta Jokabidearen Desregulazioaren Nahasmenduei buruzko Europako I.Jardunaldiei, urriaren 6an, ostiralean, 15:00etatik aurrera, Bilboko Deustuko Unibertsitateko Ellacuría entzunaretoan.

IMQ Amsak eta Deustuko Unibertsitateak antolatu duten ekitaldi horretan, osasun mentaleko 200dik gora aditu bilduko dira Bilbon, hain zuzen, psikiatria, psikologia eta osasun mentaleko eritzaintza arlokoak eta antzeko jakintzagaitakoak, osasun-arazo hori sakonago ezagutzeko helburuz.

Maruottolo doktoreak azaldu duenez, “desregulazio emozionalak aldartea azkar eta brastakoan, kontrol gutxirekin, aldatzea eta emozio-egoera negatibo etengabea ditu bereizgarri”.

Adituak xehatu duenez, neurozientzietako ikerlanek eta psikiatriatik eta psikologiatik abiatuta medikuntzan izandako aurrerapenek, “dispositibo berriak sortu dituzte ospitaleratze laburreko unitateetan, eguneko ospitaleetan eta anbulatorioetako kontsultetan. Halaber, orientazio kognitibo-konduktualeko joera psikoterapeutikoek, psikodinamikoek, familiakoek edo baita familia anitzekoek ere garapen esponentziala, teoriko-aplikatua, ahalbidetu dute azken 20 urteotan osasun mentalaren arloan”.

Ostiraleko programa

Ostiralean, bi multzo tematiko jorratuko dira. Lehenegoan, ‘Desregulazio emozionalaren eta jokabidearen nahasmendu larrien psikiatria’ izenburupean, IMQ Amsa Ospitaleratze Unitateko buru kliniko eta psikiatra Margarita Escribano doktorea mintzatuko da, ‘Aldakortasun emozionalaren eta bere burua zauritzeko jokabidearen nahasmendua duten pazienteak akutuen unitate psikiatrikoetan ospitaleratzea’ hitzaldiaren eskutik. Ondoren, Osakidetzako psikiatra Pedro Sánchez doktorea mintzatuko da, ‘Desregulazio emozionalaren eta jokabidearen nahasmendu larrien psikofarmakologia’ gaiaz. Jarraian, IMQ Amsako Kanpo Kontsultetako buru kliniko Javier Gotik gai hau jorratuko du: ‘Desinhibizio neurokonduktuala eta desregulazioa haurtzaroan. Zaurgarritasuna eta psikopatologiaren zeregin iragarlea nerabeengan eta helduengan’. Multzo tematiko horren moderatzailea Bilboko Centro BilSar Julia Rosa Bilbao izango da.

Urriaren 6ko (ostirala) bigarren multzo tematikoaren gaia hau izango da: ‘Desregulazio emozional eta konduktual larriari buruzko eguneraketak, ebidentzia zientifikoan oinarrituak’. Horren moderatzailea IMQ Amsako Ospitaleratze Unitateko psikologo Itxaso Teresa izango da.

Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko irakasle titular, Osasun Psikologia Orokorreko Masterreko zuzendari eta substantziarik gabeko adikzioei eta prozesu kognitibo-emozionalei eta erlazionalei buruzko ikerlerroaren arduradun Ana Isabel Estévezek emango die hasiera hitzaldiei, ‘Portaerazko adikzioak, trauma eta emozioen regulazioa’ mintzaldiaren eskutik. Horren ostean, Esther Calvete doktoreak, Deustuko Unibertsitateko Psikologiako katedradunak eta Deusto Stress Research  taldeko ikertzaile nagusiak, esku hartuko du, gai honen gainean: ‘Desregulazio emozionala eta autolesio ez suizidak paziente psikiatrikoengan: mindfulness ezaugarriaren zeregin babeslea’. Eta egun horretako mintzaldiei Deustuko Unibertsitateko Neuropsikologiako katedradun, Psikologiaren metodo eta oinarrien Saileko zuzendari eta nahasmendu larrien Neuropsikologia taldeko ikertzaile nagusi Natalia Ojedak emango die amaiera, ‘Burmuina eta portaera desregulazio mentalean’ mintzaldiaren eskutik.

Larunbateko programa

Jardunaldien azken eguneko programak, halaber, bi multzo tematiko ditu. Horietako lehena, ‘Psikoterapiak desregulazio emozionala eta portaeraren nahasmendu larriak (borderline nahasmenduak) dituzten pazienteengan’, zeinaren moderatzailea IMQ Amsako Eguneko Ospitaleko Bizi Krisi Unitateko psikologo María del Palacio izango den.

Hain zuzen ere, zentro horretako psikologo Begoña Charrok eta María Sánchezek gai hau izango dute mintzagai: ‘Terapia psikologikoak  elikadura-portaeraren nahasmenduetan eta desregulazio emozionalean’. Jarraian, Pamela Parada Fernández psikologoak, Universidad Europea del Atlántico unibertsitateko irakasle ikertzaileak eta IMQ Amsako Eguneko Ospitaleko Desregulazio Emozionaleko Unitateko kideak, eta zentro bereko psikologo Fernando Bellido Íscarek, gai hau jorratuko dute: ‘Mentalizazio eta desregulazio emozionalaren zeregina. Ebidentzia lagin normatibo batean’. Silvia Bengoa eta Haizea Fernández, IMQ Amsako Eguneko Ospitaleko Bizi Krisi Unitateko psikologoak, honetaz arituko dira: ‘Terapia dialektiko-konduktuala desregulazioa eta autolesioak dituzten pazienteengan. Kasu kliniko baten ildotik’. Eta, amaitzeko, Osakidetzako eta Euskal Herriko Unibertsitateko psikiatra Eduardo Ruiz eta IMQ Amsako Eguneko Ospitaleko psikologo Irati de Mariscal gai honi buruz mintzatuko dira: ‘Transferentzian ardaztutako terapia’.

‘Familia, terapia familiarra eta familia anitzekoa portaera larria duten pazienteengan’ izango da jardunaldien azken multzo tematikoaren izenburua. Horren  moderatzailea Irati de Mariscal izango da, Amsako Eguneko Ospitaleko Bizi Krisien Unitateko kidea.

Mahai-inguruaren lehenengo hitzaldia Amsako Eguneko Ospitaleko buru kliniko eta psikiatra eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Claudio Maruottolok emango du, izenburu honekin: ‘Eguneko ospitalea, paziente larrien desregulazio emozionalaren eta portaeraren nahasmenduetarako familia anitzeko egituradun komunitate terapeutiko psikoanalitiko gisa antolatuta’. Alessandra Felice eta Andrea Narracci doktoreak, ERASMUS + ikerketaren zuzendaritzako psikiatrak, ikerketa honetaz arituko dira: ‘Osasun mentaleko familia anitzeko taldeak’, Erasmus + (Europar Batasuna) babesle izanda. Geldialditxo baten ondoren, ‘Desregulazio emozionala: belaunaldietan zeharreko arazoa’ mintzaldia egongo da, sendagile  hauen eskutik: Maria João Centeno psikologoa, Paula Godinho psikiatra eta Teresa Fialho psikologoa, hirurak, Lisboako Medikuntza Fakultateko Hospital do Día do HSM eguneko ospitaleko kideak. Hurrengo hizlaria Andrea Narracci doktorea izango da, Laboratorio di Psicoanalisi Multifamiliar-eko psikiatra, hitzaldi honen eskutik: ‘Familia anitzeko psikoanalisia eta desregulazio emozionala’.

Jardunaldiei mahai-inguru honek emango die amaiera: ‘Dimentsio familiarraren eta familia anitzekoaren inplikazioa patologia mental larrien tratamenduetan’. IMQ-Amsako Eguneko Ospitaleko kide Irati de Mariscal izango da moderatzailea eta doktore hauek esku hartuko dute: Claudio Maruottolo; Erromako psikoterapeuta familiar eta familia arteko Fiorella Ceppi; Paula Godinho; Laredoko Osasun Mentaleko Zentroko eta  Universidad Europea del Atlántico (Kantabria) unibertsitateko kide David Gil eta IMQ-Amsako Eguneko Ospitaleko eta Universidad Europea del Atlántico unibertsitateko kide Pamela Parada Fernández.