Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Psikoonkologia, loturako erizaintza, nanotektura eta onkoestetika, ikuspegi berriak minbizidun pazienteei zerbitzurik osoena emateko

04.02.2020

Psikoonkologia, loturako erizaintza, nanotektura eta onkoestetika, ikuspegi berriak minbizidun pazienteei zerbitzurik osoena emateko

 

Pazientearengan nahiz bere senideengan oso eragin zuzena duen gaixotasuna da minbizia. Hori dela eta, paziente horiei osasun-arretan eman ohi zaizkien aurrerapen medikoak eta teknologikoak ez ezik, laguntza-ildo berriak ere mahaigaineratu dira oraintsu pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko. Horiek horrela, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Institutu Onkologikoak hainbat ekimen abiarazi ditu, hala nola, psikoonkologia, loturako erizaintza paziente onkologikoentzat eta onkoestetika-tailerrak minbizidun pertsonentzat. Halaber, gaur egun azterlan berri bat garatzen ari da nanotekturari buruz, hots, asistentzia-instalazioen barrualdeak pazienteak bere prozesua ulertzeko moduan duen eraginari buruz.

“Zerbitzu osoa eta bigundua ematea da helburua, asistentzia-prozesuan –oso gogorra izan daiteke eta– pazientearen konforta eta bizi-kalitatea hobetzeko”, adierazi du IMQ-ko Kalitate eta Pazientearen Segurtasuneko arduradun Isabel Urrutiak.

Psikoonkologia

IMQ Zorrotzaurre Klinikako Institutu Onkologikoak psikoonkologia zerbitzu berria du eta horrek hiru arlotan lan egiten du: psikologikoa, soziala eta biologikoa. Miren Barrutia IMQ AMSAko psikologoa arduratzen da horretaz. Psikoonkologiak minbiziaren prozesu terapeutikoan parte hartzen du, minak, beldurrak edo ondoezak pazientearen bizitzari ahalik eta gutxien eragin eta familiei lagun diezazien. Horrela, estrategiak garatzen ditu tratamenduaren prozesuari modurik positibo eta osasungarrienean aurre egin, sufrimendua txikiagotu eta minbizidun pertsonen nahiz horien senideen bizi-kalitatea hobetzeko.

Pertsona bati minbizia diagnostikatzen zaionean, pertsona horrek nahiz bere senideek tratamendu luzeak jasan behar izaten dituzte, baita aldaketa handiak eta ezberdinak bizitzan eta emozioetan ere. Bizirik irauteak berak ere dakartza beldurrak eta ziurgabetasunak; eta emozioetan eragin handia duten aldaketa handiak ere: gorputzaren itxuran, sexualitatean, bikote-harremanean, lanean eta bizitza sozialean edo osasun-ohituretan. Galdera asko agertzen dira eta erantzun gutxi.

Loturako erizaina

Asistentziaren konplexutasunak eta tratamendu onkologikoen berrikuntzek nabarmen aldatu dute pazienteari ematen zaion osasun-arretaren eredua. Osasun-arretaren ikuspegia aldatu egin da, hots, pertsona xede duen asistentzia mahaigaineratu da, pertsonari arreta osoa emateko, horren behar eta igurikimenetara moldatzeko, horren lehentasunak eta balioak kontuan hartuta.

Hori dela eta, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Institutu Onkologikoak loturako erizain bat du, eta zeregin hori, gaur egun, Beatriz Ruiz erizainari dagokio. Berak adierazi duenez, “loturako erizaina pazientearekin egoten da, pazientea zaintzen eta jakitun egiten du asistentzia-prozesu osoan, baita osasun-ingurunean orientatu ere, berarentzat eta bere senideentzat berria delako. Erizain horrek Onkologia Unitatean sartzeko prozesua koordinatu, erraztu eta kudeatzen du, eta helburu terapeutikoak betetzen diren arduratzen da. Pazienteari harrera egiten dio, ahalik eta erosoen egon dadin. Era berean, maiztasun klinikoa gutxitzen duten esku-hartzeak bermatzen ditu eta sintomen kontrola optimizatu, telefonoaren eta erizaintzako kontsultaren bidez, besteak beste”.

Aurreko figura ez ezik, Onkologia Unitateko erizaintzako gainerako profesionalak ere arduratzen dira egunero pazienteen bilakaeraz, eta aholkuak eta osasun-hezkuntzako argibideak ematen dizkiete osasun fisikoa eta gogo-aldartea hobetzeko. Era berean, sendagile arduradunari eta loturako erizainari horren guztiaren berri ematen diete.

Onkoestetika-tailerrak

IMQ Zorrotzaurre Klinika da Euskadin onkoestatika-tailerrak ematen dituen Euskadiko ospitale bakarra, pribatu nahiz publikoen artean. Tailer horiek minbiziaren aurkako tratamenduan zerbitzu osoan aurrera egitea eta klinikan bertan antzemandako kezka estetiko eta ongizate-kezka batzuei –kimioterapiaren ondorio direnak– erantzutea dute helburu. Asociación Española Contra el Cáncer-AECCrekin elkarlanean egiten dira tailerrak.

Tailerretan gauza asko irakasten dira: ileorde-motak, ileordeak egoki jartzen, buruzapi eta txanoen ehun-motak, horiek egoki jartzen, bekainak makillatzen, larruazalaren kolorea zuzentzen, larruazala hidratatzen, horri masajeak ematen (larruazala asko lehortzen baita, eta askotan, azkurak direla eta, mugimenduak egitea eta lo egitea zaila gertatzen da).

Nanotektura

IMQ-ko Institutu Onkologikoaren azken urratsa, Unitateko asistentzia-azpiegituren barrualdearen arkitekturak pertsonengan duen eragina aztertzea da: hainbat parametro neurtzen ari dira, paziente onkologikoentzat diseinuaren zein aldagai –esaterako, gelen kolorea– den egokiena zehazteko. Gaur egun, alderdi horiek aztertzen ari dira eta aste batzuk barru emaitzak izatea espero da.