Iradokizunak
25.07.2018
Gibeleko esteatosia edo gibel gantzatsuaren gaixotasun ez-alkoholikoa (EHGNA), gibelean gantz-metakinarekin loturiko gibeleko gaixotasuna da. “Hemendik gutxira, gibeleko gaixotasun ohikoena izango da, zirrosi alkoholikoarekin, eta C hepatitisaren birusdun bigarren mailako zirrosiaren gainetik ere (hori, botika berriei esker, atzeraldian baitago)”, azaldu du, IMQ-ko Digestio Aparatuko espezialista Blanca Sampedrok.
Lehen C hepatitisa Hepatologia kontsulten protagonista zen; gaur egun, berriz, gibel gantzatsuaren gaixotasun ez-alkoholikoa da. “Lau pertsonen artean batek du patologia hori. Obesitatearekin eta sindrome metabolikoarekin lotzen da (arrisku kardiobaskularra areagotu egiten da sindrome horretan, baita hipertentsio arteriala eta diabetesa ere, besteak beste), eta horren prebalentzia % 50etik gorakoa da”, adierazi du IMQ-ko adituak.
Esteatosiak gibelaren hantura eragin dezake (esteatohepatitisa), “eta hori, pazienteen % 20an zirrosia bilaka daiteke, eta diagnostikatzen denetik 10 edo 15 urteetara % 10etik gorako hilkortasun-tasa du. Halaber, zirrosia konplikazio askorekin lotzen da, esaterako, hepatokartzinomarekin (gibeleko minbizia), eta EHGNA diagnostikatu zaienen artean % 10 inguruk du, eta horien heriotza-tasa nabarmen handitu da”.
Diagnostikoa
Azken urteotan, gaixotasun horren garrantzia ikusita, era askotako tresnak garatu dira gibel gantzatsuaren gaixotasun ez-alkoholikoa diagnostikatu eta sailkatzeko. “Tresna diagnostiko horiek, teknika erradiologiko, metabolomiko eta serologikoetan edo elastografia-tekniketan oinarritzen dira, besteak beste. Horien bidez, gibeleko mina kuantifikatzen da eta zauri handiko teknika (biopsia hepatikoa) –eta, seguru asko, hemendik urte batzuetara, teknika berriak garatzen direnean, hori saihestu— jasan dezakeen pazienteak hautatzen dira”, adierazi du IMQ-ko espezialista.
Tratamendua
Tratamendua, diagnostikoa bezala, bilakatzen ari da. “Arrisku kardiobaskularra dakarten faktoreak (hipertentsioa eta diabetesa) kontrolatzea da oinarria, eta jan-neurrian kaloria gutxiago hartzea eta ariketa fisiko gehiago egitea”. Sampedro doktoreak edari karbonatatu, fruktosa ugariko elikagai eta kafeina gehiegi ez hartzea gomendatzen du. Bestetik, ahal bada, oliba-olioa erabiltzearen alde agertzen da.
IMQ-ko Digestio Aparatuko espezialistak adierazi duenez, “duela gutxi argitaratutako azken adostasun-agiriaren arabera, urte betean gutxienez pisuaren % 7a galtzea gomendatzean da, EHGNA eta horren komorbilitateak hobetzeko”.
Gaur egun, teknika endoskopiko berriak garatzen ari dira, pisua nabarmen galtzeko, “hala nola, urdail barruan baloiak jartzea edo APOLLO teknika (urdailean jostura egiten da endoskopio bidez, urdail-barrunbea nabarmen txikiagotzeko, hain zuzen, asetasun sentsazioa aurreratzeko), ebakuntza kirurgikoak ekar lezakeen arriskurik jasan gabe”.
Etorkizuna
Esteatohepatitisa aurrera doan (zirrosia garatzeko arriskua) pazienteengan, “jarraipenaren lehen urtean pisu nahikoa galtzen ez bada, beste tratamendu bat aztertu beharko da. Litekeena da gaixotasun horren paradigma aldatzea datozen urteotan, egun garatzen eta ikertzen ari diren botika berrien eskutik –esaterako, azido obetikolikoa, duela gutxi beste gaixotasun hepatiko bat (lehen mailako kolangitis biliarra) tratatzeko sartu dena–”, aurreratu du IMQ-ko espezialistak.
Esteatosiak badu beste ondorio garrantzitsu bat: gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetan gibeleko transplantearen lehenengo kausa da, eta Espainian, azken urteotan, handitzen ari da, “eta egoera horrek organoen beharra handitzen du, eta transplante batetik ondorioztatzen diren ondorio guztiak dakartza, kirurgiaren arriskua edo betiko inmunosupresioaren berezko arriskua, besteak beste”.
Obesitatea
Mundu guztian zeharreko epidemia da obesitatea, eta horren intzidentzia hirukoiztu egin da azken hamarkadetan; etengabe handitzen ari da eta heriotza-tasa eta morbilitatea nabarmen handitzea ekarri du, besteak beste, maila kardiobaskularrean, neurologikoan edo hepatikoan izan ditzaken era askotako konplikazioen ondorioz. Euskadiko gizonen % 14 eta emakumeen % 13 dira gizenak. Halaber, gainpisu- eta obesitate-tasa % 34koa da EAEn. Eta adina handitu ahala handitzen da herritar gizenen proportzioa: prebalentziarik handiena 65 urtetik gorakoen artean dago, Euskadiko biztanle horien % 20 ingururi eragiten diola. Eta badago beste arazo bat: gero eta ume gehiago dira gizen, hots, euskal umeen % 11.