Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

«Komeni da belarriek 18 orduz atseden hartzea ekitaldi zaratatsu baten ondoren, eta musika entzungailuekin ordubete jarraian ez entzutea»

21.09.2022

«Komeni da belarriek 18 orduz atseden hartzea ekitaldi zaratatsu baten ondoren, eta musika entzungailuekin ordubete jarraian ez entzutea»
  • Entzumen-galera gehienak iraunkorrak direnez, Otorrinolaringologiako espezialistek lanerako adinean dauden gazteengan azpimarratzen dute batik bat entzumen-kaltearen prebentzioa.

  • «Pertsona baten entzumena babesteko modurik onena da zarata handien eraginpean denbora gutxi jartzea; hots, batzuetan potentzia akustiko handiko zaraten eraginpean eta zarata ez hain handiak baina denboran zehar oso jarraituak direnen eraginpean», adierazi du Jesús Garibi doktoreak.

Entzumena galtzearen arrazoi nagusietako bat da zarataren eraginpean jartzea, dela batzuetan pertsona bat zarata handi baten eraginpean jartzen delako, dela pertsona bat denbora luzez presio akustiko nahiko altuaren eraginpean jartzen delako, adibidez, lanbide jakin batzuetan. «Zorionez, kasurik gehienetan, zarataren eraginpean jartzearekin loturiko entzumen-kaltea prebenitu daiteke», azpimarratu du IMQ-ko Otorrinolaringologiako espezilista Jesus Garibik, Gorren Nazioarteko Egunaren esparruan.

«Esate baterako», azaldu du espezialistak, «aldez aurretik badakigu zarata handiko ikuskizun batera joango garela, komeni da belarrietarako tapoiak eramatea eta bozgorailuetatik gertu ez jartzea. Gainera, oso gomendagarria da belarriek 18 ordu inguruko atsedena hartzea, ekitaldia amaitu ondoren, belarriak errekupera daitezen».

Halaber, «entzungailuak maiz erabiltzen dituztenek, ordubete erabili ondoren, belarriei atseden hartzen utzi beharko diete. Eta, era berean, hobe da kanpoko zaratatik isolatzen duten entzungailuak erabiltzea, ahalik eta bolumen txikienarekin erabili ahal izateko».

Entzumen-galeraren kausak

Zarata da entzumena galtzeko kausarik «ohikoenetako bat», dio adituak. Haatik, beste batzuk ere badaude, hala nola «belarri barruan ezkoa metatzea, tinpanoko arazoak (zulaketa, infekzioa, etab.), hainbat gaixotasun, esaterako, diabetesa edo hipertentsio arteriala, eta faktore genetikoak ere», adierazi du IMQ-ko adituak.

Zenbait botikak, batzuetan, entzumen-galera eragiten du. “Ototoxiko” esaten zaie haiei. Kokleako Inplantea dutenen Espainiako Elkarteen Federazioak gogorarazi duenez, sendagai otototoxikoek sindrome koklearrak, bestibularrak edo kokleobestibularrak sor ditzakete. Sintomak bat-batean edo pixkanaka ager daitezke, eta, oro har, zuzeneko lotura dago emandako dosiaren eta lesio otologikoaren larritasunaren artean. Federazioak bereziki ohartarazi du antibiotiko aminoglukosidoei buruz, osasun-arretan erabili ohi baitira.

Adina da entzumen-galeraren beste faktore nabarmen bat. «Azterlan batzuen arabera, 65 eta 74 urte bitarteko hiru pertsonen artean batek du, gutxi gorabehera, entzumen-galera, eta 75 urtetik gorako pertsonen % 50 inguruk ditu entzumen-arazoak».

Halaber, Garibi sendagileak adierazi duenez, «aski ezaguna da entzumen-galeraren eta funtzio kognitiboaren arteko lotura. Adinekoengan, funtzio kognitibo batzuk, hala nola oroimena eta kontzentrazioa, azkarrago murriztuko dira entzumen-galera badago. Era berean, dementzia garatzeko arriskua handiagoa da entzumen-galera duten pertsonengan».

Hainbat ikerketek egiaztatu dute hipoakusiaren (entzumen-zolitatasuna urritzea) eta zahartzean narriadura kognitiboaren progresio azkarragoaren arteko lotura. «Hainbat ikertzailek egiazatu duten bezala, entzumena murriztea narriadura kognitiboa eta ondoren, dementzia garatzeko arrisku-faktore bat da», azaldu du IMQ-ko espezialistak.

Zaratak lantokian dituen eraginak

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak adierazi duenez, lantokian zarataren eraginpean jartzea kaltegarria izan daiteke langileen osasunarentzat. Zaratak lanean duen eraginik ezagunena entzumen-galera da, baina estresa ere areagotu dezake eta istripu bat izateko arriskua ugaritu.

Gauza jakina da zarataren ondorioz entzumena galtzea dela Europako gaixotasun profesionalik ohikoena, eta laneko gaixotasunen herena dela gutxi gorabehera, larruazaleko eta arnas sistemako arazoen aurretik. «Hortaz, une oro entzumena babesteko lan-ekipamendu egokiak erabili behar dira, lehen prebentzio-neurri gisa», azpimarratu du IMQ-ko otorrinolaringologoak.

Entzumen-galera motak

Hiru entzumen-galera mota daude. Lehenik, kondukziozko entzumen-galera, kanpo-belarrian edo erdiko belarrian soinua barne-belarrira transmititzea eragozten duen nahasmendu bat dagoenean gertatzen dena. Beste mota bat entzumen-galera neurosentsoriala da, entzumen-organoa, koklea edo entzumen-nerbioa kaltetuta daudenean edo gaizki funtzionatzen dutenean gertatzen dena, eta, beraz, haiek ezin dute garunera informazio elektrikoa zehaztasunez bidali. Azkenik, entzumen-galera mistoa gerta daiteke, aurreko bi nahasmenduak batera badaude.