Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

5.611 pertsona hil ziren Euskadin 2020an zirkulazio sistemako gaixotasunek jota

27.09.2021

5.611 pertsona hil ziren Euskadin 2020an zirkulazio sistemako gaixotasunek jota

 

2020an, COVID-19a oldarka sartu zenean, zirkulazio-sistemako gaixotasunak bigarren heriotza-kausa izan ziren Euskadin; izan ere, 5.611 pertsona hil ziren, hots, hildako guztien % 23,1, tumoreen atzetik bakarrik, horiek lehenengo kausa baitira. Hortxe, zirkulazio-sistemako gaixotasunek eragindako heriotzei buruzko datu gehiago: 3.019 hildako emakumeak izan ziren eta 2.592, gizonak; lurraldeen arabera, Bizkaian 3.175 hildako egon ziren; Gipuzkoan, 1.807; eta Araban, 629, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) datuen arabera.

Datu horiek ikusita, IMQ–ko kirurgialari kardiobaskularra eta IMQ Zorrotzaurre Klinikako zerbitzuko koordinatzailea den Enrique Castellanos sendagilearen aburuz,   heriotza-tasaren pisua eta, gainera, erikortasunaren —toki eta denbora jakin batean gaixotzen diren pertsonak— eta osasun-sistemaren gaineko presio ekonomiko eta asistentzialaren pisua murrizteko, «nahitaezkoa da gaztetatik lan egitea arrisku kardiobaskularraren faktoreen gainean kontzientziatzeko».

Medikuak adierazi duenez, «arrisku kardiobaskularra prebenitzeko kultura eskoletan txikitatik irakatsi beharko litzateke. Eta arrisku-faktoreak –hala nola, tabakismoa, obesitatea eta elikatzeko modu desegokia– ekiditeko joera, gaztetatik».

Haatik, «errealitateak erakusten digunez, pertsona asko 50 edo 60 urte betetzean, bularreko angina edo infartu bat dutenean edo pertsona gertu batek gertakari kardiobaskular bat dutenean bakarrik arduratzen dira beren bihotzen osasunaz. Orduan jabetzen dira tabakoa erretzeari utzi, elikadura zaindu eta moderatu eta jarduera fisikoa egin beharraz. Eta hori txikitatik egin beharko lukete, zeren eta erretzen, hipertentsioarekin, obesitatearekin edo diabetesarekin bizi izandako hamarkadetan arteriak zahartu egiten dira, eta arteriosklerosia agertu; hori gaixotasun sistemikoa da, bihotzari ez ezik, garunari, digestio-sistemari, beheko gorputz-adarrei eta beste atal batzuei ere eragiten diena».

Azaldu duenez, arrisku kardiobaskularreko faktoreak bi talde handitan bana daitezke oro har. «Alde batetik, gizabanakoaren karga genetikoa dago. Pertsona batzuek arazo genetiko, familiar edo ezagun bat dute, hots, arrisku kardiobaskularreko aurrekariak familian –infartuak, iktusa, aneurismak... Eta, bestetik, arrisku-faktore aldagarriak daude, hala nola tabakismoa, obesitatea, diabetesa, hipertentsio arteriala eta dislipemia (lipidoen alterazioa odolean, hala nola kolesterola eta triglizeridoak altuak izatea)».

«Pertsona batzuk bi taldeetan daude», jarraitu du azaltzen IMQ-ko adituak. «Oinarri genetikoa dute eta, gainera, arrisku-faktoreak. Bistan denez, arrisku-faktore aldagarririk gabeko oinarri genetikoa dutenek eta, diabetikoak edo erretzaileak badira ere, familian gaixotasun kardiobaskularren aurrekaririk ez dutenek baino arrisku askoz handiagoa dute arazo kardiobaskurrak izateko pertsona horiek».

Arrisku kardiobaskularra kontrolatzea

Castellanos doktoreak, —2014an datu klinikoak AENORek egiaztatu zizkion Espainiako lehenengo kirurgialaria izan zen, eta heriotza-tasa orokorra Bihotzaren Arriskuaren Ebaluazio Operatiborako Europako Sistemak (EuroSCORE I) espero zuena baino nabarmen txikiagoa izan zen— pertsona bat bere bihotzaren osasuna baloratzeko espezialistarengana, kardiologoarengana, noiz joan behar den adierazi du.

«Nire ustez, pertsonek beren arrisku kardiobaskularra kontrolatu behar dute, eta proaktibo izan behar dute beren osasuna zaintzen. Gomendatzeko modukoa da arrisku-faktorerik gabeko oinarri genetikoa dutenak 40 urtetik gora joatea kardiologoaren kontsultara. Eta espezialistak baloratuko du hurrengo kontsulten aldizkakotasuna».

Bestetik, jarraitu du azaltzen, «familian zirkulazio-sistemako gaixotasunak eta arrisku kardiobaskularreko aurrekariak dituzten pertsonek 40 urtetik gora kontrolatu beharko lituzkete euren buruak, gehien jota,urte beteko aldizkakotasunaz».

Hirugarrenez, familian aurrekaririk ez dutenak daude; «hasiera batean, ez dira kardiologora joan behar, bihotzeko sintomatologiarik ez badute behintzat: mina bularrean, mina ibiltzean, nekea aldapa bat igotzean, aire-falta…», amaitu du azaltzen IMQ-ko kirurgialari kardiobaskularrak.