Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Prostatako minbizia hobeto diagnostikatu eta tratatzeko biomarkatzaileen erabilera azpimarratu dute urologoek

21.02.2019

Prostatako minbizia hobeto diagnostikatu eta tratatzeko biomarkatzaileen erabilera azpimarratu dute urologoek

Estatuko eta hainbat herrialdetako –Kanada, Frantzia, Suitza, Alemania eta Italia– zentro entzutetsuenetako dozenaka urologok Bilbon elkartu dira, hain zuzen, IMQ Zorrotzaurre Klinikako, Urología Clínica eta Madrilgo Grupo Urológico San Rafael taldeak antolatu duten Prostatako Minbiziaren gaineko Jakintza-alor anitzeko VI. Bilera dela eta. Bilera hori Espainiako Urologiako Elkartearen eta Euskal Urologia Sozietatearen babespean antolatu da.

IMQ Zorrotzaurre Klinikako Urologia espezialista José Gregorio Pereira doktoreak adierazi duenez,“PSA (prostatako antigeno espezifikoa) erreferentzia baliagarria da, eta eragingarria dela frogatu du Europan nahiz Ameriketako Estatu Batuetan, baina mugak ere baditu. Muga horiei aurre egiteko, gaur egun, urologoek biomarkatzaile aukera handia eta eraginkorra dugu, tumoreak hobeto eta azkarrago diagnostikatzeko eta horien pronostiko hobea egiteko, kasuan kasu ekiten diegulako. Zeregin horretan, irudi-teknikak, hala nola, erresonantzia magnetikoa eta bereizmen handiko ekografia ere gertatzen zaizkigu lagungarri”.

Izan ere, biomarkatzaileak dira bileraren lehenengo mahai-inguruaren protagonistak. Sendagile hauek dira mahai-inguru horren aurkezleak: Ander Astobieta, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Urologia Sailekoa; Eldiberto Fernández, Grupo Urológico San Rafael taldekoa, eta Nicolás Guerra, IMQ Kliniketako zuzendari nagusia.

Pereira doktoreak hauxe azaldu du: “osasun publikoan horietako biomarkatzaile asko oraindik erabilgarri ez badaude ere, osasun pribatuan erabiltzen dira jada, eta emaitza onak lortu dituzte eta egiaztatuta daude. PSA datu jakin bat, pazientearen historia klinikoa eta urologoak baloratzen dituen hainbat proba oinarri hartuta, paziente hautatu batzuei biomarkatzaileekin proba osagarriak egitea proposatu ahal diegu, zer gertazen den ziurtasunez jakiteko”.

Urologiako kontsultetan gehien erabiltzen diren gernu-markatzaileen artean, adituak hiru hauek aipatu ditu: “PCA 3, Select MBx eta MIP Score. Markatzaile horien bitartez, datu kuantitatiboak nahiz kualitatiboak lortzen ditugu, eta horien eskutik, urologoek, esaterako, tumorearen munta jakiteko probabilitate handiagoa ala txikiagoa dagoen zehatz dezakegu”.

Bestetik, urologoek odol-biomartzaileak ere dituzte eta, horien artean, Pereira doktoreak hau nabarmendu du: “4K Score-ri esker, PSAren balioaren errendimendu diagnostikoa hobetzen dugu. Eta PHI (prostate health index) PSArekin loturiko beste biomarkatzaile bat da”.

Odol- eta gernu-biomarkatzaile horiek prozesu diagnostikoaren lagungarri erabili ohi dira bereziki, askotan, PSA altua duten baina biopsia negatiboa duten gizonezkoenganen, hots, itxuraz tumorerik ez duten horiengan.

Bestetik, biopsiak prostatako tumorea badagoela egiaztatzen duenean, test genetikoak erabil daitezke, urologoek tumorea bereiz dezaten, hots, “tratamendu agresiboa behar dutenak zainketa aktiboa besterik behar ez dutenetatik bereizteko”. Test genetikoen artean, bi hauek adierazi ditu adituak: Prolaris eta Oncotype.

IMQ Zorrotzaurre Klinikako Urologiako espezialistak adierazi duenez, odol periferiokoko “biopsia likidoak”, CTC izenekoak (tumore-zelula zirkulatzaileak), “iragartzeko gaitasuna egiaztatu du, esaterako, tratamendua eraginkorra den ala ez zehazteko (iraupena labur dezake) edo tumorea mutatzen den eta hasierako tratamendua berriz birpentsatzeko”.

Halaber, adituak osasun-datuen azterketa masiboak, hots, “big data” delakoak, etorkizunean izango duen garrantzia azpimarratu du, hain zuzen ere, “diagnostikoaren denbora laburtzeko nahiz diagnostikoaren zehaztasuna hobetzeko eta tratamenduak banakako moduan zehazteko”.

Prostatako minbiziaren gaineko populazioaren baheketa?

Adituak gizonezko guztiak animatzen ditu “50 urtetik aurrera (merkea eta erraza) –eta familian aurrekaririk badago, 45 urtetik aurrera– PSA azterketa egitera. Hortik aurrera, PSA baxua, 1etik beherakoa, dutenak lauzpabost urtero egin dezake kontrola; 2ko balioa badu, bi urtero egitea gomendatzen da eta 4 inguruko balioak baditu, urtero gomendatzen da PSA proba egitea”.

Gizonak gehiago kontzientziatu behar direla azpimarratu du Gregorio Pereira sendagileak, ez baitago prostatako minbiziaren gaineko populazioaren baheketa egiteko programarik, kolon eta ondesteko minbizian eta bularreko minbizian egiten den bezala. Adituak adierazi duenez, “prostatako minbiziaren intzidentzia oso handia da, bitartekoak daude diagnostiko goiztiarra egiteko eta egiaztatu da goiz detektatzen bada gaixotze-tasa eta hilkortasun-tasa murriztu egiten direla”. Izan ere, prostatako minbiziak du gizonen artean intzidentziarik handiena, hain zuzen ere, 30.076 kasu egon ziren 2017an Espainian; emakumeen bularreko minbiziko baino 3.500 kasu gehiago.

Prostatako minbiziaz

Prostatako minbizia 65 eta 74 urte artean agertu ohi da. Diagnostikoaren batez besteko adina 66 urtekoa da, eta tumoarean batez besteko heriotza-adina, 80 urtekoa, Mendebaldeko Europako herrialdeetan. Bestetik, prostatako minbiziaren hilkortasun-tasa orokorra % 8koa da 55 eta 64 urte arteko pazienteengan. 1.500 euskal herritar ingururi diagnostikatzen zaie urtero prostatako minbizia; hortaz, gizonen artean prebalentziarik handiena duen minbizia da eta Euskadin % 91tik gorako tasa du.