Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

2024an, zure osasun mentala zaintzeko, egin kontu gorputz-osasunari eta gizarte-harremanei ere

27.12.2023

2024an, zure osasun mentala zaintzeko, egin kontu gorputz-osasunari eta gizarte-harremanei ere
  • Pertsona izaki bio-psiko-soziala da: beraz, adimen-osasuna errazago zaindu ahal izateko, komeni da, latinezko ‘Mens sana in corpore sano’ esaerari kasu egiteaz gain, ‘et societas iusta’ ere eranstea esaerari, gizarte-harremanekin lotuta.

  • Hiru giza esferetako bakoitzean —psikikoa, fisikoa eta soziala— bost gomendio xume aintzat hartzen baditugu, urteari hasieratik ondo ekiteko zenbait baliabide praktiko eskuratuko ditugu.

Tradizio kristauko herrialdeetan, Gabonak gozamenerako eta atsegin hartzeko egunak dira, ez espiritualki eta emozioen aldetik soilik, baita gorputz eta zentzumenen ikuspegitik ere. Zorionaren ideiari atxikitzeko sasoia da. Baina gizakia ez da oraineko une honetara soilik mugatzen. Iraganeko oroimenak eta bizipenak sendotu eta finkatu egiten dira, eta etorkizunera proiektatzen ditu irrika eta desirak, urte berrirako hobetzeko eta asmo onak mamitzeko motibazioak indartzearekin batera.

Bide hori errazago urratzeko, Jerónimo Melchor García San Cornelio jaunak, IMQko sendagile psikiatrak, zenbait gomendio eta iradokizun eman dizkigu, helburu argi batekin: «aldaketarako motibazioan oinarrituta eta erabaki positiboak hartze aldera, erabakimenez ekitea eta gure burua sendotzea, atzean utzita oker egindakoak eta bizipen negatiboak».

Bost gomendio positibo, osasun mentala izateko eta hari eusteko (mens sana)

  1. Jakin-minari eta ikasteko gogoari eustea eta gogo hori garatzea

Horretarako, garrantzitsua da gure inguruko gai jakin eta xume bati heltzea, pixkanaka aurrera egiteko, gutxika hasita eta gehiagora iritsiz, epeekin geure burua estutu gabe eta estresik gabe; dibertitzeko eta gozamenerako zerbait da.

  1. Sormena sustatzea eta lantzen ahalegintzea

Planifikatutako jarduera dibertigarri eta suspergarriekin lortzen da hori, antsietatearen adierazgarri diren tentsioak saihestuz. Gauza xumeak eginez gozatzea da kontua; ez dira a priori zailak diren helburu handinahiak hartuko hasieran, gerta baitaiteke eskuraezinak bihurtzea eta, horren ondorioz, frustrazioa sentitzea. Zerbaiti ekin aurretik, zer gaitasun eta zer muga ditugun jabetu behar dugu, eta saiatuak eta ekinak izan behar dugu.

  1. Hausnartu, meditatu, pentsatu, kontenplatu

Jarduera hau egunero lantzeko gomendatzen da, errutina automatiko bihurtu arte. Horri esker, humanizatu eta bizitzari zentzua ematen dioten bertute eta sentimenduak balioetsiko ditugu. Hobe lanaldiaren edo ikastaldiaren amaieran egiten bada, bakea eta lasaitasuna emateko eta, horrela, geure burua lotarako egokitzeko.

  1. Denbora hartzea geuretzat egunean zehar

Beharrezkoa da atseden apur bat hartzea, estutzen eta lotzen gaituen continuum hori eteteko. Batzuetan, denbora galtzea dela iruditzen zaigu, eta errudun sentitzen gara, baina aurre egin behar diogu sentimendu horri; izan ere, gelditzea eta norberaren egoera mentalaz jabetzea oso lagungarria da geure burua zuzentzeko, okerrak alboan uzteko eta erabaki egokiak hartzeko. Atseden mentalerako eta geure buruarekin bat egiteko unea da.

  1. Gure hutsegiteak onartzea eta norberarekin barkaberak izatea

Geure burua ez zigortzea da, aurrez gogoetarik gabe geure burua errudun ez egitea, nork bere buruari barkatzea eta beste aukera bat ematea. Erabaki bat hartu aurretik, lasai egon behar dugu. Erortzen garen bakoitzean, altxatu, eta aurrera jarraitu behar dugu. Hutsegiteetatik ikasten da. Lagungarria izan daiteke gertuko norbaiti esatea nola gauden, zer gogo-aldarte dugun.

Bost gomendio positibo, organismoari osasuntsu eusteko (corpore sano)

  1. Ondo lo egitea eta atseden hartzea

Esaten da zortzi ordu lo egitea komeni dela, zortzi ordu lanerako eta beste zortzi aisiarako ditugun bezala. Lo indarberritzaile horretara iristeko, ordu-errutina bat ezarri behar dugu, eta gaueko hamabi eta erdiak baino lehen oheratu —hamaikak aurretik oheratzea litzateke gomendagarriena— eta goizean ordu berean altxatu. Pantaila digitalak, kafea, alkohola edota afari oparoak saihestu behar ditugu.

  1. Elikadura askotarikoa eta orekatua izatea

Oso atsegina da otorduak egiteko erosketetan eta otorduak prestatzen parte hartzea; etxeko lanak banatzen dira horrela, eta sukaldaritzarekin lotutako kultura eta nutrizio ona sustatzen dira, horiek baitira elikadura egokiaren oinarriak. Aurrez prestatutako janaria saihestu behar da, bai eta opil industrialak ere, eta haragi gorri eta gantz gutxiago eta arrain gehiago eta gomendatutako bost fruta- eta barazki-piezak jaten saiatu behar dugu.

  1. Alkohola, tabakoa eta beste droga batzuk

Urte berrirako asmo on bat tabakoa, zigarreta elektronikoa edo cannabisaren deribatuak erretzeari uztea da. Gainera, badakizu zer dioten: ‘asko edaten ez baduzu, hobe; eta edaten ez baduzu, askoz hobe’. Gainerako drogei dagokienez, hobe da paso egitea eta ez probatzea, agian, gero ezingo baititugu utzi.

  1. Jarduera fisikoa eta kirol-jarduera

Gimnasioan izena ematea izaten da urte hasierako ohiko helburuetako bat. Askok aurrera eramaten dute helburu hori, beste batzuek azkar baztertzen dute, baina helburua zuzendu egin daiteke, egunean gutxienez zortzi kilometro oinez ibiliz gero. Korrika egin, pedalei eragin, igeri egin, patinatu eta dantzatu ere egin daiteke. Ariketa fisikoak gaixotasun kardiobaskularrei, arnasketakoei eta bestelakoei aurrea hartzen laguntzen du. Jarduera fisiko moderatuak entzefalinak, endorfinak, dopamina eta serotonina askatzen ditu, eta depresioari, antsietateari, ernegazioari eta suminkortasunari eusten laguntzen dute horiek.

  1. Zure zentzumenak zaintzea eta horiez gozatzea: sentimenduak bideratzen dituzte

Zentzumenek kanpoko mundua barneratzen laguntzen dute. Ingurunearekiko eta besteekiko elkarreragina ahalbidetzen dute. Urte berrirako asmo ona da ikusmena, entzumena eta aho-hortzen osasuna berrikustea. Ariketa hau baliagarria izan daiteke: behatu bost objekturi, ukitu ehundura desberdina duten lau gauza, entzun eta bereizi zure inguruko hiru soinu, aurkitu inguruan dituzun bi usain eta, azkenik, dastatu fruta bat, gozoki bat edo infusio bat.

Bost gomendio positibo, gizarte-harremanak hobetzeko (et societas iusta)

  1. Zure informazio-iturriak ondo aukeratzea

Litekeena da albiste edo informazio-iturri jakin batzuk egiazkoak ez izatea edo manipulatzeko joera izatea, eta familiakoekin eta lagunekin ere konfrontazioa sustatzea horren ondorioz. Errealitatearen manipulazio eta desitxuratzeen aurrean kritikoa izatea komeni da, eta ez dira onartu behar moraltasunik eza, duintasunik eza edo gezurra. Erraietako sentimenduek amorrua, hisia eta gorrotoa dakartzate.

  1. Teknologia berriak behar bezala erabiltzea

Komeni da sare sozialetan norberaren bizitza modu nartzisistan edo histrionikoan ez erakustea, eta pribatutasuna eta intimitatea zaintzeko ahalegina egitea. Sare sozialetan ematen dugun denbora eta mugikorra erabiltzeko orduak mugatzea komeni da, mugikorraren erabilera kontrolatzeko eta mendekotasunik edo nomofobiarik (mugikorrik gabe egoteko beldurra) ez sortzeko.

  1. Komunitateko topaketak eta jarduerak bultzatuko dituzten gizarte-baliabideak aurkitzea

Udalerrietan, badira kulturara bideratutako erakunde publikoak, ekintza indibidual edo parte-hartzaileetarako eta gizarte-elkarreraginerako topaleku gisa erabiltzen direnak, hala nola liburutegiak eta kultura-etxeak. Kiroldegi publikoetan eta gimnasio pribatuetan egin daiteke kirola, eta ekonomikoki nahiko eskuragarriak dira. Era berean, hirugarren sektoreko erakunde batzuetan, hala nola GKE-etan, boluntariotza egin daiteke. Hurbileko baliabide horiek komunitatean integratzen dira.

  1. Bakarrik edo taldean bidaiatzea

Bidaiek mundurako leiho bat irekitzen dute, eta beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera ematen digute. Baina segurtasunez bidaiatu behar da, eta, horretarako, aseguru-etxe pribatuek proposatzen dituzten bidaia-aseguruak eduki behar dira, edo, gutxienez, Europako Osasun Txartela lortu behar da, itzuli eta joan-etorri turistikoetan lasaiago ibiltzeko.

  1. Irribarreak oparitzea, entzutea, begietara begiratzea

Aurreko guztia aurrera eramateko, hitz egiten dugunean begietara begiratzen ikasi behar da, irribarre egiten, entzuten eta keinu inposatzaileak eta zakarrak ez egiten, enpatia izateko, pertsonekin ondo konpontzeko eta konfiantza transmititzeko, eskuzabaltasuna erakutsiz eta aldez aurretik epaitu gabe.