Iradokizunak
10.11.2025
Lehen mailako arretaren eremuan eguneratze ginekologiko eta urologikoari buruzko III. Jardunaldian, Bilboko Mediku Zientzien Akademiako Urologia eta Familia eta Komunitateko Medikuntza sailek antolaturikoan, gai hauek jorratu ziren: emakumeen gernubideetako infekzio errepikakorrak, pazientearen maneiua giltzurruneko koliko baten ondoren, beheko gernubideetako sintomak dituen paziente bat urologoarengana noiz bideratu eta menopausiarekin lotutako beroaldien tratamendurako botika ez-hormonal berri bat merkatuan agertu izana.
Jardunaldiko txostengileak profesional hauek izan ziren: Pereira Arias doktorea, Clínica Bilbao-Clínica IMQ Zorrotzaurreko Urologia saileko burua; Jorge Robalino Aldaz doktorea, ospitale-zentro bereko urologoa; eta Borja Otero doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ginekologoa eta Instituto de Ginecología y Obstetricia Bilbao-Clínica IMQ Zorrotzaurreko ginekologoa. Jardunaldiaren aurkezleak Akademiako bi ataletako presidenteak izan ziren, José Gregorio Pereira Arias (Urologia) eta José Manuel Llamazares (Familia eta Komunitateko Medikuntza) doktoreak.
Jorge Robalino Aldaz doktoreak, Clínica IMQ Zorrotzaurreko urologoak, osasun arloko profesionalen eta osasun zientzietako ikasleen aurrean ‘Síntomas del tracto urinario inferior (STUI): más allá de la hiperplasia benigna de prostata’ gaia izan zuen hizpide.
Hitzaldian nabarmendu zuenez, beheko gernubideetako sintomak dira kontsulten arrazoi ohikoenetako bat lehen mailako arretan eta urologian. «Sintoma horiek ─hala nola gernu-larritasuna, gernu-ihesa, gernu-maiztasuna areagotzea edo maskuria husteko zailtasuna─ bizi-kalitateari nabarmen eragiten diote eta osasun-kostu handia sortzen dute».
Adituak mintzaldian ohartarazi zuenez, «historikoki beheko gernubideetako sintomak, prostatako hiperplasia onberarekin duten loturagatik, gizonezkoekin lotzen baziren ere, gaur egun badakigu oso prebalenteak direla emakumeengan ere, baina gutxiegi diagnostikatzen eta tratatzen dira, neurri batean, “adinaren kontuak” bezala normalizatzeko joera baitago. Komeni da beheko gernubideetako sintomen kontzeptua prostatako hiperplasia onberatik bereiztea eta maneiua pazientearen sintoma zehatzetan oinarritzea».
Hala, hitzaldian, IMQ-ko urologoak arazoaren garrantzia nabarmendu zuen: «Espainian, 40 urtetik gorako emakumeen % 25ek baino gehiagok eta 40 gizonen % 7k dute maskuri hiperaktiboaren sindromea, eta gernu-sintomek, berriz, 50 urtetik gorako gizonen % 40ri eragiten diete, eta 80 urtetik gorakoen artean % 88raino igotzen da ehunekoa. Gernu-ihesak ere prebalentzia gorakorra du, eta adineko emakumeen erdiari eragiten die».
Adituak azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela ebaluazio kliniko «zehatza» egitea, hots, «bizi-ohiturak, sendagaien erabilera eta sintomen deskribapen zehatza» kontuan hartzen dituena. Hainbat tresnak ─esaterako IPSSa gizonengan edo ICIQ-SF eta OAB-q galdetegiak emakumeengan─ «beheko gernubideetako sintomek bizi-kalitatean duten eragina kuantifikatzeko eta tratamendua zehatzago bideratzeko aukera ematen dute», adierazi zuen.
Tratamendu sintomatiko oro hasi aurretik, «funtsezkoa» da kausa larriak edo bereizgarriak baztertzea. Beheko gernubideetako sintomak maneiatzeko giltzarria, Robalino doktoreak azaldu zuen bezala, «sintomen identifikazio eta kuantifikazio egokian datza. Ez dugu prostata bat tratatzen, sintoma zehatzak dituen paziente bat tratatzen dugu».
Maneiuari dagokionez, IMQ-ko urologoa esku-hartze ez-farmakologikoak lehenestearen alde agertu zen, eta aholku hauek eman zituen: «kafeina eta likido gutxiago hartzea, pisua kontrolatzea, idorreria tratatzea eta maskuriko entrenamendua edo pelbis-zoruaren errehabilitazioa egitea».
Tratamendua botiken bitartez egin behar bada, sintoma nagusiaren eta espezialistaren balorazioaren arabera aukeratuko da. «Alfa-blokeatzaileek hustuketa-sintomak hobetzen dituzte, eta antimuskarinikoak eta beta-3 agonistak, berriz, eraginkorrak dira betetze-sintometarako, progresioa izateko edo prostata-bolumen handia izateko arrisku handiagoa duten pazienteengan egokiak diren konbinazioekin. Emakumeengan, estrogeno topikoak eta beta-3 agonistak aukera seguruak eta eraginkorrak dira», adierazi zuen espezialistak.
Lehen mailako arretaren eremuan eguneratze ginekologiko eta urologikoari buruzko III. jardunaldiak Astellas Pharma-ren laguntza izan zuen.
Un tercio de las mujeres menores de 24 años ya ha presentado al menos un episodio de infecciones urinarias de repetición