Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

30.000 euroko inbertsioa eta zientzia medikoetako 70 ikasle berri San Mamesen

14.10.2022

30.000 euroko inbertsioa eta zientzia medikoetako 70 ikasle berri San Mamesen
  • IMQ-k 64 larrialdiri eman zien arreta San Mamesen 2021-22 denboraldian: 47 kasu lekuan bertan artatu ziren eta gainerako 17ak anbulantziaz eraman ziren ospitalera. Arreta ohikoenak traumatismoak izan ziren, eta, ondoren, zauriak, zorabioak eta ebakiak.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko 70 ikasleak aurkeztu eta horiei ongietorria egiteko ekitaldia izan da, hain zuzen, San Mamesko erizaindegi nagusiko eta UEFA erizaindegiko “jantzi” berriak ezagutarazteko agertokia. Izan ere, 30.000 € inguruko inbertsioari esker, IMQ-k desfibriladore banaz eta parametro anitzeko eskuzko desfibriladore-monitore banaz –ospitaleetako larrialdietako boxetan eta ZIUetan erabiltzen direnen berdinak– hornitu ditu erizaindegiak. Bizi-euskarri aurreraturako diseinatutako plug & play diseinua duten merkatuko bakarrak dira monitore horiek, eta erabili nahi den lan-modua hautatzeko aukera dute: desfibriladore erdiautomatikoa, kanpoko taupada-markagailua, monitorea eta eskuzko desfibrilazioa.

Erizaintzako eta medikuntzako ikasleek lekuan bertan, hots, San Mames estadioan hasi dute prestakuntza, Athletic Cluben partidak jokatzen direnean osasun-gertakaririk izanez gero nola jokatu ikasteko eta jarduteko protokoloak ezagutzeko. Zortzi koordinatzailek zuzenduta, Athletic Clubeko zerbitzu medikoetako buru Josean Lekue sendagileak, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakasle Juan Gondrak, klub zuri-gorriko Segurtasun zuzendari Pedro Peñak eta IMQ-ko Prestazio arloko arduradun Jon Mendigurenek hartu zituzten ikasleak Katedralean.

Mintzaldiaren ostean, akreditazioa, jantziak (nikia, kirol-jertsea, anoraka) eta IMQ-ko osasun-motxila eman zitzaizkien ikasleei, eta koordinatzaile/tutorea esleitu. Horrek berariazko jarduketa-gunea erakutsi zien; izan ere, horretara joan beharko dira San Mamesen jokatuko diren partidetan, zaleen, gonbidatuen eta jokalarien osasun-segurtasuna zaintzeko. Halaber, instalazio guztiak ikustera eraman zituzten ikasleak, ondo baino hobeto ezagut ditzaten, batez ere, partida bakoitzaren ospakizunerako prestatzen diren erizaindegi desberdinak.

IMQ-k urtero antolatzen ditu medikuntza eta erizaintzako ikasleentzako praktikak. Izan ere, Athletic Cluben osasun-aseguratzaile ofiziala da erakundea eta jokalarien eta San Mamesko ikusleen osasun-arretaz arduratzen da, talde zuri-gorriarekin eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatearekin duela 20 urtez geroztik sinatu dituen hitzarmenei esker.

Ikasle horien egitekoa izango da behar izango duen pertsona orori lehen arreta ematea, baita ikusleak zaindu eta horien artean larrialdirik dagoen antzematea ere. Era berean, laguntza eskatuko dutenen egoeraren lehen balorazioa egiteaz, osasun-langileei egoera horren berri berehala emateaz eta osasun-laguntza ematen laguntzeaz arduratuko dira ikasleak, beti IMQ-ko asistentzia-taldeko osasun-langileek gainbegiratuta.

San Mamesen eman diren osasun-laguntzak

64 pertsonari eman zitzaien osasun-arreta San Mamesen 2021-22 denboraldian: 47 kasu lekuan bertan artatu ziren, eta gainerako 17ak anbulantzian eraman ziren ospitalera. Arreta ohikoenak traumatismoak (13 kasu) izan ziren, eta, ondoren, zauriak (10), zorabioak (6) eta ebakiak (4).

Arreta horiek emateko, San Mamesek langile finko hauek ditu: 22 osasun-langile, IMQ-ko 2 koordinatzaile, unibertsitate-tutore bat eta 6 ikasle-koordinatzaile, baita urtero praktikak estadioan egiten dituzten ikasleak eta 2 anbulantzia arruntetako langileak (2 profesional bana) eta ZIU anbulantziakoak (3 profesional) ere.

San Mames, estadio segurua

San Mames estadioak UNE 179.003 ziurtagiria berritu zuen ekainean, IMQren eskutik. Ziurtagiri horrek Bilboko estadiora bertaratzen diren guztiei osasun- eta segurtasun-irizpide eta -neurri guztiak betetzen direla bermatzen die.

Lehenengo ziurtagiriaren eskutik –2017an lortu zen–, eta Igualatorio Médico Quirúrgico-k ematen dion osasun-laguntzari esker, San Mames segurtasun-agiri hori lortu zuen Europako lehen estadioa izan zen; hortaz, 53.000 ikusletik gorako edukieradun estadio batean ekitaldi jendetsuak egiteak dakartzan arriskuak murrizteko oinarriak jarri zituen orduan.

Urtez urte, agerian utzi da, kanpo-auditoretzen bidez, bi erakundeetako ehun profesional ingururen inplikazioa eta esku hartzen duten estamentuen koordinazioa oinarri dituen sistemaren sendotasuna. Izan ere, horiek guztiak, etengabe aztertzen, sustatzen eta hedatzen ari dira hobetzeko ekimen berriak.