Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

3.000 euskal herritar inguruk giltzurrunetako ordezko tratamendua behar izaten dute giltzurrunen funtzioa ordezteko

07.03.2023

3.000 euskal herritar inguruk giltzurrunetako ordezko tratamendua behar izaten dute giltzurrunen funtzioa ordezteko
  • Pertsona horien egoera dela eta, hemodialisia, peritoneo-dialisia edo trasplantea behar izaten dituzte.

  • Adituek izurri isiltzat jotzen dute giltzurruneko gaixotasun kronikoa. Euskadiko batez besteko prebalentzia Espainiakoa baino txikixeagoa da; haatik, joera gorakorra du.

Joan den urtearen amaieran Espainiako Nefrologia Sozietateak adierazi zuenez, 2.800 pertsona inguruk behar izaten dute beren giltzurrunek egiten ez duten funtzioa egiten duen giltzurrunetako ordezko tratamendua Euskadin. Pertsona horiek dialisia edo transplante behar dute. «Kasu guztien kopurua, hots, prebalentzia, autonomia-erkidegoetako batez bestekoena baino txikiagoa bada ere, oso arazo larria da, joera gorakorra baitu», azpimarratu du IMQ Virgen Blanca Klinikako Nefrologiako espezialista Izaskun Iribar sendagileak.

Adituak agerian jarri du giltzurruneko gaixotasun kronikoaz, «gorantz doan arazoa da mundu guztian». Izen horren barruan, giltzurrunen egiturari eta funtzioari eragiten dieten gaixotasun batzuk daude. «Gure gizartean, gero eta garrantzitsuagoa da, horren prebalentzia altua baita: helduen % 10ek duela kalkulatzen da; horregatik da ezinbestekoa garaiz detektatzea, tratamendua ematea eta abantzua eta konplikazioak kontrolatzea».

Munduko herrialde guztietan Giltzurrunen Munduko Eguna gogora ekartzeak –aurten, martxoaren 9an, ‘Giltzurrun-osasuna guztiontzat. Presta zaitez ustekabekorako, kalteberei lagunduz!’ lelopean– herritarrak giltzurrunen osasunaren garrantziaz jabearazteko balio du.

Gaixotasunaren sintomarik gabeko hasiera

Giltzurruneko gaixotasun kronikoa duten pazienteak, «batez ere, lehenengo estadioetan», maiz ez daude diagnostikatuta, asintomatikoak baitira, eta askotan beste gaixotasun batzuk aztertzen direnean detektatzen dira. «Hasieran sintomarik ez dagoenez, egiaztatu behar da sintomarik dagoen, hala nola hipertentsioa, edemak, poliuria (ohi baino gernu gehiago kanporatzea) edo nikturia (gauez egunez baino gernu gehiago (edo maizago) kanporatzea)».

Giltzurruneko gaixotasun kronikoaren prebalentziak adindu ahala gora egiten du, bizitzaren hirugarren hamarkadatik aurrera giltzurrun-funtzioak behera egiten duelako, zahartzearekin lotutako prozesu fisiologikoa baita. «Hori onartu beharra dago, esaterako, ikusmen motela onartzen den bezala», adierazi du espezialistak.

Giltzurrun-gutxiegitasuna areagotzen duten faktoreak

Hainbat faktorek areagotzen dute giltzurrunetako kaltea izateko aukera; nagusiak, mellitus diabetesa, hipertentsio arteriala, obesitatea eta giltzurruneko gaixotasun kronikoaren familiako aurrekariak.

Prebentzioa

Prebentzioaz, Izaskun Iribar medikuak adierazi du gaixotasunaren abantzua saihesteko, giltzurrun-gutxiegitasunaren kausa edozein dela ere, hau egin beharko dela: «gluzemia egoki kontrolatzea, presio arteriala gomendatutako parametroetan edukitzea, bizimodu osasungarria izatea, ariketa fisikoa egitea, gatz gehiegi ez hartzea, edari alkoholdunik ez edatea eta tabakorik ez erretzea eta kontraste iodatuen erabilera txikiagotzea».

IMQ-ko nefrologoak azpimarratu du oso garrantzitsua dela giltzurrunen funtziorako automedikazioa saihestea eta botika toxikorik ez hartzea, esaterako antiinflamatorio ez-esteroideoak (AINE), hala nola maiz erabili ohi diren ibuprofenoa eta beste batzuk.

Giltzurruneko gaixotasun baten susmorik badago, hau da diagnostikatzeko modurik onena: «lehen mailako arretako medikuak odol- eta gernu-analisia egitea, patologia dagoen egiaztatzeko eta patologia horren larritasuna eta pazientea Nefrologiako espezialista batengana bideratzeko beharra zehazteko».

Giltzurruneko gaixotasun kroniko aurreratua

Iribar sendagileak azaldu du gilzurruneko gaixotasun kroniko aurreratua duten pazienteak «prestatu behar dira aukera terapeutiko aurreratuena jasotzeko», diagnostikoak, pazientearen bizitzan nahiz senideen bizitzan «ondorio psikosozial handia» izango duelako. «Langile espezializatuek pazienteari jakinarazi behar diote Nefrologiako unitateetan dialisi-aurrea duela eskura, berarentzat aukerarik onena aukera dezan, bai tratamendu kontserbatzailea bai ordezko giltzurrun-terapietako bat aukeratuta ere».

Tratamendu kontserbatzailea aukeratzen badu, pazienteak euskarria eta giltzurruneko zainketa aringarriak jasotzen jarraituko du. Giltzurrunetako ordezko terapiak aukeratzen baditu, hauek izango dira: hemodialisia, peritoneo-dialisia edo giltzurruneko trasplantea (emaile bizia ala gorpu batena). Azken kasuan, gorpu baten giltzurruneko trasplantean, alegia, pazienteak aldez aurretik hemodialisi edo peritoneo-dialisi programa baten barruan egon beharko du.

IMQ-ko nefrologoak, amaitzeko, hau nabarmendu nahi izan du: «elkarte zientifikoekin lankidetzan, giltzurruneko gaixotasun kronikoaren prebentzioari, diagnostikoari eta tratamenduari buruzko azterlanak eta ikerketa-proiektuak sustatzea funtsezkoa da. Halaber, pazienteen bizi-kalitatea eta osasun-hezkuntza, eta beraien senideena hobetzeko, jakintza gehiagorekin erabakiak hartu ahal izateko, ikerketa psikosozial gehiago egin behar dira giltzurruneko eritasunen pazienteengan. Izan ere, ezinbestekoa da pazienteak bere burua zaintzea, gaixotasuna ondo kontrolatu ahal izateko».