Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Ariketa, gorputza garbitzeko ura eta mahaietan mugikorrik ez: Gabon osasungarriak izateko aholkuak

23.12.2022

Ariketa, gorputza garbitzeko ura eta mahaietan mugikorrik ez: Gabon osasungarriak izateko aholkuak

Badaude hemen Gabonetako ospakizunak, eta, horiekin batera, gehiegikeriak. Baina, ohitura osasungarriak eduki daitezke Gabonetan ere? IMQ Colón eta IMQ Barakaldo osasun-zentroetako Medikuntza Orokorreko espezialista Magdalena Múgica sendagileak adierazi duen bezala, «Gabonetan jan-neurri osasungarria izateko, edo, behintzat, hori izaten saiatzeko, garrantzi handia du hauek egitea ez ahaztea: ariketa fisikoa egitea, neurrian jatea, Gabonetako menuetan janari osasungarriak sartzea, alkohola (edaten bada) neurrian eta nahastu gabe edatea, behar adina ur edanez behar bezala hidratatzea eta otordu guztiak egitea, batez ere, hiru nagusiak».

Adituak xehatu duenez, «ariketa fisikoak bizi-kalitatea hobetzen du eta gaixotasunak prebenitzen ditu; horregatik, Eguberri-eguneko otordua baino lehen aurkitu mugitzeko tartetxo bat. Ez da beharrezkoa ahalegin fisiko handia eskatzen duten kirolak egitea, baina intentsitate-maila egokitu daiteke, adibidez, korrika egitearen ordez  paseatzen».

Bestetik, askotan, mahaian ohi dauden jakiak probatu nahi dira Gabonetan, «eta, hortaz, gehiegi jaten dugu. Denetik jan daiteke, probatu, gura baduzu, baina kontuz ibili behar da kantitateekin, osasunari kalterik ez egiteko», aholkatu du adituak.

Gabonak ez dira janari osasungarrien etsai; horregatik, Múgica doktoreak Gabonetako afarietan elikagai osasungarriak sartzea aholkatzen du, hala nola frutak, barazkiak edo entsaladak. «Modu errazean egin daiteke hori, esaterako, barazki-hornigaiak aukeratzen, koipe eta azukre ugariko gehiegizko elikagaiak konpentsatzeko, edo postreetako frutak aukeratzen».

Badirudi edari alkoholdunak eta Gabonetako menua batera doazela, baina ez da horrela. «Alkohola edatea erabakitzen bada, komeni da neurrian edatea, alkoholik ez edatea ondoren gidatu behar bada, eta osasuntsu egoteko, ez dira alkohol-mota desberdinak nahasi behar; hots, Eguberri-eguneko afarian kopa bat ardo hartzea erabakitzen bada, gomendagarria da gero tragoxkarik ez edatea».

Egun horietan egin ohi den hanka-sartzea da otorduren bat ez egitea edo pentsatzea hobe dela otordu bat bakarrik egitea, nahiz eta oso oparoa izan, eta gainerakoak baztertzea. «Otordu-kopurua murriztu izanak ez du bizitza osasungarria izaten lagunduko. Alderantziz. Hobe da hiru otordu nagusiak egitea, hain oparoak ez badira ere, bakarra egitea baino», azpimarratu du IMQ-ko espezialistak.

Azkenik, aholkuetan gehien ahazten den aldeetako bat hidratatzea da. «Ura nahitaezkoa da, batez ere, Gabonetako bazkarietan eta afarietan. Behar adina ur edanez behar bezala hidratatzen bagara, gorputzak behar ez dituen hondakinak kanporatzea lortuko dugu, eta litekeena da horiek guztiak Gabonetako bazkari eta afarietako gehiegikerien ondorio izatea».

Osasun mentala

Osasun mentalari buruzko aholkuen barruan, IMQ-ko psikiatra Jon Ander Bilbaok azpimarratu du erosketa konpultsiboei eta opari gehiegi jasotzen duten umeei dagokienez, «asko gastatzen dugu, pixka bat huts edo triste gaudelako, eta erosten konpentsatuko dugula uste dugulako. Uste dut oparirik onena denbora dela. Elkarrekin denbora pasatzea eta elkarrekin barre egitea. Opari asko eta garestiak baino gehiago, umeei familiaren ilusio istorioak kontatzea gustatuko litzaidake».

Era berean, egun horietan alde handia egon ohi da dolu-egoeran dauden pertsonen eta gizartean zoriontsu izateko ia nahitaezko beharraren artean. «Etxe askotan jendea faltako da, betiko joan dena...; haietaz oroituko gara, negar egingo dugu, elkar besarkatuko dugu, eztarrian korapiloa jarriko zaigu eta pixkanaka geure buruaz jabetuko gara, afaltzeko prest egoteko».

Azkenik, psikiatrak bi iradokizun labur bota ditu familiarteko ospakizunetan kontuan hartzeko. «Egun horietan –urte osoan bete beharko bada ere– saiatuko gara inor ez juzgatzen; baina, batez ere, suposiziorik ez egiten, segur aski oker egongo baikara. A! eta mahai gainean ez da mugikorrik egon behar». Inolako zalantzarik gabe, zentzuzko aholkua.