Iradokizunak
20.12.2019
Ahal den neurrian tratamendu pediatrikoak humanizatzen laguntzeko helburuz, Athletic Club Fundazioak eta IMQ elkarlanean ari dira eta, lankidetza horren arabera, gaur goizean kamiseta zuri-gorriekin egindako mantalak Bilboko IMQ Zorrotzaurre Klinikan ospitaleratutako umeen artean banatzeko ekitaldia izan da.
Lehen taldeko jokalari Iker Muniain eta Iñaki Williams osasun-zentrora joan dira, Athletic Clubeko ordezkari batzuekin, eta IMQ Kliniketako zuzendari Nicolás Guerra doktoreak egin die harrera.
Bisitaldian, lehoiek solairu pediatrikoan ospitaleratutako umeak bisitatu dituzte eta, ondoren, Eguneko Ospitalera joan dira, Larrialdi Pediatrikoetara, eta gaur goizean bertara joan behar izan duten umeak aho zabalik eta txundituta geratu dira.
Athletic Club Fundazioaren mantal pediatrikoak ez ezik, talde zuri-gorriko jokalari guztiek sinatutako baloiak ere eman dizkiote Klinikako Pediatria zerbitzuari Muniainek eta Williamsek.
Guerra doktoreak adierazi duenez, “ospitaleratzea edo Larrialdietako zerbitzuetara joan behar izana beti da gogorra umeentzat eta, batez ere, Gabonak iristear daudela. Gure ospitalean artatzen ditugun umeentzat futbol-zelaiko heroiak ikusi eta horiekin mintzatzea, argazkiak ateratzea eta, gainera, Clubeko kamisetekin egindako mantala jasotzea, ez du preziorik, eta bizitza osoan gogoratuko dute, ziur”.
Fundaziora Panenka aldizkariaren bitartez iritsitako eta jatorrizko ideia “We are Xuxa” gizataldetik datorren mantalen ekimen hori ez ezik, Athletic Club Fundazioak domina moduko eranskailu berriak diseinatu ditu, pazienteen artean tratamenduei aurre egiteko jarrera onak indartzeko. Era berean, diploma bat ere diseinatu da, ospitaleratutako umeei emateko, tratamenduan izandako jokabidea txakotzeko, hots, “Supertxapeldunak” direla ziurtatzeko. Diploma horiek Athletic Clubeko kapitain Iker Muniainek eta Ainhoa Tirapuk sinatu dituzte. Hortaz, diploma nahiz eranskailu horiek, Klinikako profesionalek paziente pediatrikoentzat sortu dituztenei –oso emaitza onekin– gehitu zaizkie.
Prentsaurrekoa, Real Madrid-en kontra jokatu aurretik
IMQ Zorrotzaurre Klinikako paziente pediatrikoei bisitatu ostean, osasun-zentroko ekitaldi-aretoan Iñaki Williamsek prentsaurrekoa eman du, eta kazetarien galderei erantzun die. Real Madrid taldearen kontra jokatu aurreko –datorren igandean– Athletic Clubeko jokalari baten hedabideen aurreko azken agerraldia izan da hori.
IMQ, Athleticen osasun-aseguratzaile ofiziala
IMQ da Athletic Clubeko taldekide guztien osasun-aseguratzaile ofiziala. Halaber, San Mames estadioan partidetara bertaratu ohi diren 53.000 ikusle baino gehiagori ere ematen die osasun-arreta; izan ere, partida bakoitzean ehundik gora pertsonen giza taldea, anbulantzia batzuk eta ekipamendu osoa jartzen ditu martxan. Era berean, IMQ-k lagundu du San Mamesek UNE 179.003 ziurtagiria –Osasun Arriskuen Kudeaketari buruzkoa– lor dezan, eta horri esker, osasun-segurtasuna ziurtatuta duen Europako lehenengo futbol-estadioa izan da San Mames.
Los jugadores del Athletic Club pasan su reconocimiento médico en la Unidad de Medicina Deportiva de la Clínica IMQ Zorrotzaurre
José Mari Argoitia y Daniel Ruiz-Bazán “Dani” visitan a los pacientes de la Clínica IMQ Zorrotzaurre
El Athletic renueva por tres nuevas temporadas el acuerdo con IMQ como aseguradora médica oficial