Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

«Biriketako minbiziak ‘sendatzea’ lortzen ari gara, ebakuntza egin aurretik ere»

03.02.2023

«Biriketako minbiziak ‘sendatzea’ lortzen ari gara, ebakuntza egin aurretik ere»
  • IMQ-ko onkologo Ricardo Fernándezen iritziz, biriketako minbizian emaitza onak lortzen ari dira ebakuntza kirurgikoen aurretik immunoterapia eta kimioterapia batera erabili izanari esker.

  • Biriketako minbiziari buruzko beste alde positibo bat da, halaber, aldez aurretik hautatutako paziente erretzaileengan ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) dosi txikietan erabilita diagnostiko goiztiarra ahalbidetzen duten estandar diagnostiko berriak garatzen ari direla.

IMQ Zorrotzaurre Klinikako Institutu Onkologikoko espezialista Ricardo Fernándezek, Minbiziaren aurkako Munduko Egunaren esparruan (otsailaren 4a), immunoterapiak eritasun horren aurkako borrokan duen garrantzia azpimarratu du. Hain zuzen, aditua biriketako minbiziaz ari izan da: «Azken urtean, immunoterapia eta kimioterapia bateratu ditugu, esaterako, biriketako minbizian, ebakuntzaren aurretik, eta lortu dugu, ebakuntza egiten dugunean, kasuen ehuneko handi batean, minbiziren arrastorik ez geratzea, kimioterapia eta immunoterapia tratamenduaren hiru ziklo eman ostean».

Zeren eta biriketakoa baita Euskadin gehien ugaritu den minbizia; hazkunde-tasa % 7,2koa izan da batez beste, 2000tik 2010era bitartean. Izan ere, biriketako minbiziak 4.539 heriotza eragin zituen EAEko gizonen artean, 2016tik 2020ra bitartean; hots, tumorerik hilgarriena izan zen. Emakumeen artean, denboraldi berean, hirugarren hilgarriena izan zen biriketako minbizia:1.500 emakume inguru hil ziren.

Adituaren hitzetan, «immunoterapia aurrerapen handia da; izan ere, minbizirik ez geratzea epe luzerako prozesuaren aldeko pronostikoaren faktore prediktiboa da. Biriketako minbiziak ‘sendatzea’ lortzen ari gara, ebakuntza egin aurretik ere. Eta ebakuntzan egiazta daiteke pazienteak sendatuta daudela eta tumore osoa desagertu egin dela».

Immunoterapia hau da: «minbiziari erasotzeko sistema berri bat, bakarrik edo kimioterapiarekin batera ematen dena. Immunoterapiak, funtsean, tumore-mikroinguneari erasotzen dio, organismoaren defentsa naturalek tumoreei aurre egin diezaieten, sistema immunologikoa estimulatuta».

Hainbat urtez etengabe garatzen ari diren tratamendu immunoterapiko berri horiek aurkitu izanari esker, «gero eta gaixotasun gehiago immunoterapiarekin tratatzen dira, eta, gainera, emaitza hobeak lortzen dira».

Prebentzioa

Prebentzioaren arloan, biriketako minbizia goiz identifikatzeko programak garatzen ari dira. «Hainbat urtez ari dira garatzen, eta identifikatu egin dira onuradun izan daitezkeen taldeak», azpimarratu du IMQ-ko onkologoak. «Izan ere, ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) irudi bidezko detekzio-proba, dosi txikietan erabillita, gomendatzen da biriketako minbizirako».

Horren haritik, AEBetako Zerbitzu Prebentiboen Lantaldeak gomendatzen du urtean behin biriketa minbizia detektatzeko probak ordenagailu bidezko tomografia axialekin (OTA) egitea, dosi txikiekin, hots, erradiazio txikiarekin, irizpide hauek betetzen dituzten pertsonei: gutxienez 20 urtez edo gehiagoz egunean zigarro pakete bat kontsumitu duten pertsonak; orain erretzen dutenak edo azken 15 urteetan erretzeari utzi diotenak, eta 50 eta 80 urte artekoak.

«Programa horiek oraindik ez daude asko ezarri, garatzen ari direlako. Haatik, oso emaitza onak lortzen ari dira, eta hedatuko dira, seguruenik», zehaztu du Ricardo Fernández sendagileak.

Aurrekoa ez ezik, hau ere adierazi du: «teknika molekular batzuk azterketa erradiologikoaren osagarri dira, eta diagnostikoa zehatzagoa izaten laguntzen dute, horrekin batera, dosi txikietan ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) erabilita».

Berariazko ituei erasotzen laguntzen duten minbiziaren mekanismo molekularrak

IMQ-ko onkologoaren iritziz, tumoreen ezagutza molekularrean izandako aurrerapenak handiak izan dira. «Hobeto ezagutzen ditugu minbiziaren xehetasun molekularrak. Gaixotasuna garatzen duten mekanismo molekularrak zer diren hobeto dakigunez, minbiziaren puntu ahulei zuzenean eragiten dieten tratamenduak aurkitu ditugu».

Diagnostikoan, batez ere molekularrean, izandako hobekuntza horiek «aurrerapen itzela izan dira azkenaldian. Hobeto identifikatu ditugu tumore-motak eta tumore horientzat egokienak diren tratamendu-motak».

Botika inmunokonjugatuak

Tratamenduen beste berrikuntza bat ADC direlakoak dira (ingelesezko siglak:  antibody-drug conjugates).«Botika immunokonjugatuetan antigorputz monoklonal bat beste botika batekin (agente zitotoxiko bat) lotzen da lotura baten bidez: antigorputz konjugatua ere esaten zaie».

Adituak azaldu duenez, «botika immunokonjugatu horiek ekintza-mekanismo oso berria duten molekulak dira, zeinetan molekula tumore-zelularen gainazalean finkatzen den; orduan, tumore-zelulak botika barneratzen du, kimioterapia bidezko tratamendurako hainbat molekulaz (zitostatikoak) kargatuta doan antigorputz monoklonala, lotura baten bidez. Tumore-zelula horren barruan kimioterapia askatzen eta nahi den efektu terapeutikoa lortzen laguntzen duten substantzia batzuk daude». Botika immunokonjugatuak duela gutxi agertu den botika-familia berria dira, «eta azken urtean oso emaitza onak lortu dituzte», amaitu du azaltzen IMQ-ko onkologoak.