Iradokizunak
05.03.2020
Ahotsa gaizki edo gehiegi erabiltzeagatiko ohiko lesioak “ahots-noduluak eta ahots-kordetako polipoak dira”, IMQ-ko foniatra eta otorrinolaringologo Susana Ruiz doktoreak gogorarazi duenez, hain zuzen, Logopediaren Europako Egunaren esparruan, egun horretan, urtero, patologia horietan arreta jartzen baita. “Adierazi beharra dago disfonia ez dela gaixotasuna, hainbat patologiaren sintoma baizik, hutsalenetatik hasita, larrienetara. Horregatik da hain garrantzitsua diagnostiko goiztiarra eta egokia egitea”, ohartarazi du doktoreak.
Patologia horiek ahotsa asko erabiltzen duten kategoria profesionalekin grinatu egiten dira. Horiek horrela, adituaren hitzetan, irakasleen ehuneko 22,5 inguruk ditu disfoniak. Beste profesional batzuek, hala nola, “politikariek, abeslariek, entrenatzaileek, abokatuek, saltzaileek, kazetariek, hizlariek eta apaizek ohi dituzte arazoak ahotsean. Ahots-teknika kaskarra bada, ahotsa gaizki erabiliko da eta arazoak sortuko dira”.
IMQ-ko adituak adierazi duenez, ahots-teknika kaskarra badago egiten den errehabilitazio-tratamenduen bidez, kontsultara doan pertsonaren ahalegin-ereduak zuzentzen dira: “guk gorputza eta ahotsa lantzen ditugu batera. Gorputz-jarrera egokia izaten irakasten dugu, lasai arnasa hartzen, arnasa esfortzurik gabe eta intentsitate arruntaz egindako ahotsera moldatzen, ariketa ugariren eskutik eta, azkenik, laringeren eta ahots-muskuluaren elastikotasuna lantzen dugu, ahots-kordak tenkatu eta erlaxatzeko bokalizazioen bitartez, horiek malguagoak izan daitezen eta ahots-tinbrea hobetzeko”.
Sortzetiko lesioengatiko disfoniak
Beste ahots-mota batzuk laringeren sortzetiko lesioek eragiten dituzte. Lesio horiek, Ruiz sendagilearen berben arabera, lehenago adierazitako esfortzu-lesioen desberdin dira, “ez daudelako ahots-korden ertzetan, horien barruan, oso sakon, baizik. Ez dira errehabilitazio-tratamenduaren bidez desagertzen, baina ahotsa nabarmen hobe daiteke eta pertsona horien bizitza normaldu, kisteren bat badute ere”.
Arazo horiei guztiei aurre egiteko, tratamendu errehabilitatzaileak “lesioari berari gehitutako esfortzu-ereduak kentzea du helburu, ahots-teknika egokia automatizatzeko, pertsonak bizitza sozial, familiar eta laboralera normaltasunez itzul dadin”.
Disfoniak, tumoreak eta ahots-kordaren paralisia
Disfonia larri bat tumore jakin batzuen hasierako sintoma izan daiteke, kokalekuaren arabera. “Esaterako, laringean ez dauden tumoreak, hortik tarte batera baino, adibidez, mediastinon edo tiroide guruinean, beheko nerbio laringeotik hurbil daudenez, horri eragin diezaiokete eta ahots-kordaren paralisia eragin, eta, hortaz, disfonia, kasu gehienetan, intentsitate handikoa izaten da”.
Adituak argitu du, oinarrizko gaixotasuna tratatu ostean, disfoniak eta paralisiak badiraute, ahots normala edo ia normala lor daitekeela errehabilitazio-tratamendu baten bitartez: “Paralisia etengabea bada, ahalik eta ahots normalena berreskuratzea dugu helburu. Kasu horietan ere, hainbat alderdi lantzen ditugu batera: jarrera, arnasa, erlaxazioa eta ahotsa, eta horretarako, indar-ariketa bereziez baliatzen gara, ikasitako arnasketan oinarrituta”. Kasu gehienetan, tratamenduaren ostean, pazienteak ohiko lanetan has daitezke eta ahotsean indar pixka bat bakarrik sumatzen dute.
Azkenik, IMQ-ko foniatra eta otorrinolaringologo Susana Ruizek adierazi du, oro har, pertsona batek duela gutxiko disfoniarik izanez gero, hots, “15 egunetan hobetzen ez dena”, “foniatra edo otorrinolaringologo batengana jo beharra dago diagnostiko egokia egin dezan”.