Iradokizunak
11.04.2025
IMQ-k, Euskadiko osasun-aseguratzaile nagusiak, familia-medikuntzako 104.558 kontsulta artatu zituen, 2024an, Taldeak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dituen 10 zentro medikoetan. Lehen mailako arretako kontsulta horiei 19.123 pediatria-kontsulta gehitu zitzaizkien, baita familia-medikuntzan nahiz pediatrian, kontsulta partikularretan edo itunpeko zentroetan, Taldearen gainerako medikuek egindakoak ere. Kopuru horiek osasun-sistema orokorraren arreta indartzen laguntzen dute eta asistentzia-presioa arintzen.
Espezialista gutxi dagoen testuinguru batean, IMQ-k lehen mailako arretako 166 familia-mediku eta 54 pediatra ditu Euskadiko hiru lurraldeetan, herritarrei ahalik eta irisgarritasun eta hurbiltasun handienak emateko, betiere lehen mailako arretako edo pediatriako espezialista hautatzeko aukera emanda.
Euskadiko aseguratzaileak Lehen mailako Arretako Nazioarteko Egunean, apirilaren 12an, ezagutarazi ditu kopuru horiek, beste behin, duela 90 urte baino gehiago eratu zenetik asistentziaren lehen mailan duen konfiantza irmoa azpimarratuta; hala bada, lehen mailako arretari, sare publikoari bezala, sistemaren euskarri gisa merezi duen garrantzia ematen dion Estatuko sare pribatuko entitate bakarra da.
IMQ Taldeko Zentroetako arduradun Iñaki Urizarren hitzetan, «Osasun-sistemaren jasangarritasunak, bai Euskadin, bai Espainia osoan, euskarri nabarmena du arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza, baliabideen kudeaketa hobea eta eraginkorragoa izan dadin. Gure zentroetako familia-medikuntzako ehun milatik gora kontsultek eta pediatriako beste ia 20.000 kontsultek agerian utzi dute familiek IMQ-ko profesionalengan eta sarean duten konfiantza, baita IMQ-k euskal osasun-sistemaren funtzionamenduan duen zeregin garrantzitsua eta osasun publikoa eta pribatua batera egoteak eta horien arteko lankidetzak euskal herritarrei dakarzkien onurak ere».
Lehen mailako arretan estaldura hori eman ahal izateko, IMQ-k talde mediko ugaria eta hamar kontsultategi ditu; izan ere, Euskadiko osasun pribatuko zentro-sare ugariena du. Bizkaian, zentro mediko hauek daude: IMQ Alhóndiga, IMQ Barakaldo, IMQ Colón eta IMQ Medikosta Algorta. Gipuzkoan, IMQ Zurriola Zentro Mediko-Kirurgikoa eta Irungo IMQ Teknia bi zentro medikoak. Araban, lehen mailako arretako kontsultategiak hauek dira: IMQ Amárica eta IMQ Abendaño. Halaber, Euskadi ondoko Kantabriako Autonomia Erkidegoan euskal aseguratzaileak IMQ Castro Zentro Medikoa du.
Aurreko guztia ez ezik, IMQ-k etengabeko arretako zerbitzua ere ematen du hainbat zentro propioetan, eta zerbitzu horri esker, pazienteek aukera dute larrialdi anbulatorioak –larria edo kritikoa ez bada ere, pazientearentzat premiazkoa den eta osasun-zentroan berehala konpontzea nahi duen edozein arazo– tratatzeko arreta jasotzeko. Etengabeko arretako zerbitzua zentro hauek eman ohi dute: Bizkaian, IMQ Colón Zentro Medikoak; Gipuzkoan, IMQ Zurriola Zentro Mediko-Kirurgikoak; Araban, IMQ Amárica Zentro Medikoak; eta Kantabriako Autonomia Erkidegoan, IMQ Castro Zentro Medikoak.
IMQn medikuntza orokorreko patologia hauek artatzen dira gehien: arnas aparatuko patologiak (faringitisa, bronkitisa, asma), metabolopatiak (diabetesa, kolesterola eta beste batzuk), antsietate- eta depresio-sintomak eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunak (hipertentsio arteriala, antikoagulatzaileen kontrola, etab.). Lehen mailako arretako zerbitzu horiek gehien erabiltzen dituen adin-tartea 40 eta 65 urte artekoa da.
IMQ-ko pediatrian, hauek dira patologia ohikoenak: birikoak eta arnas aparatuko infekzioak (hotzeri-sintomak, bronkitisa, faringoamigdalitisa, etab.). Azpimarratzekoak dira, halaber, otitisa, dermatitisa, konjuntibitisa eta digestio-arazoak, hala nola gastroenteritisa eta idorreria. Paziente pediatrikoen adin-tarte ohikoena 6 hilabete eta 5 urte artekoa da.
Sistema publikoan bezalaxe, IMQn, lehen mailako arreta da pazienteak bere osasuna artatzeko sistemarekin duen lehen kontaktua, lehenik, pediatrian eta, ondoren, familia-medikuntzan. Familia-medikuaren kontsultan sintomak baloratzen dira, pazientea miatzen da, beharrezko probak proposatzen dira,diagnostikoa egiten da eta tratamendua jartzen da edo pertsona espezialitate batera edo bestera bideratzen da, kasuaren arabera.
Familia-medikuaren zeregina da osasun aktiboa zaintzea eta sustatzea, gaixotasunen lehen eta bigarren mailako prebentzioa egitea, bizi-ohitura osasungarriak gomendatzea, gaitz asko diagnostikatu eta tratatzea, beste espezialista batzuek agindutako jarraibideen jarraipena eta koordinazioa egitea, gaixotasun kroniko asko kontrolatzea, agertzen diren gaixotasunak eta horien tratamendua ulertzen, ezagutzen eta arduraz hartzen laguntzea, gaixoak etxean bisitatzea beren pairamenek mugitzea eragozten dietenean, eta, kasu askotan, ondo hiltzen laguntzea.
«Es necesario reivindicar el papel de la pediatría en atención primaria»
La atención presencial, la libre elección del profesional y la inmediatez en el acceso, claves en el modelo de medicina primaria de IMQ
Medicina de familia de IMQ, una referencia pionera en el sistema general de salud que cumple 90 años