Iradokizunak
14.04.2026
Bihotzaren Espainiako Fundazioak (FEC, gaztelaniazko sigletan) gogorarazi duenez, bihotz-gutxiegitasuna gertatzen da bihotzak odola ponpatzeko duen gaitasunaren eta organismoaren beharren artean desoreka dagoenean. Bihotzak huts egin dezake berezko arazo baten ondorioz, arazo hori sortzetikoa edo hartua izan, edo bere erreakzio-gaitasunak ez duelako organismoak eskatzen diona betetzen.
«Gaixotasun horren prebalentzia handia da gure inguruan. Gure herrialdeko pertsona helduen % 2 inguruk izango du bizitzan zehar. Prebalentzia adindu ahala handitzen da: 55 urtetik beherakoen artean, % 1 inguru; 70 urtetik gorakoen artean, % 10 baino gehiago», adierazi du Vanessa Escolar sendagileak, Getxoko (Bizkaia) IMQ Las Mercedes Zentro Medikoko kardiologoak.
Bihotz-gutxiegitasunak heriotza-arrisku handia dakar berekin. «Hala ere, paziente horien pronostikoa nabarmen hobetu da azken urteotan, horren tratamenduan izandako aurrerapen zientifikoen ondorioz». Alabaina, bihotz-gutxiegitasunak, tratamendurik gabe, minbizi askok baino pronostiko okerragoa du, gogorarazi dute Fundaziokoek. Ikusten denez, bihotz-gutxiegitasuna eritasun larria da.
Bihotz-gutxiegitasunaren sintomak hainbat faktoreren araberakoak dira, bai pertsonaren beraren araberakoak, bai eragin duen gaixotasunaren araberakoak. «Bihotz-gutxiegitasunak bizi-kalitatea nabarmen okertzen du, eta sintoma hauek ditu: nekea, akidura, ariketarekiko intolerantzia, orkatilen hantura, eztula, jangura galtzea, palpitazioak eta zorabioa, besteak beste. Gainera, sintomak pixkanaka-pixkanaka ezar daitezke (bihotz-gutxiegitasun kronikoa) edo bat-batean (bihotz-gutxiegitasun akutua), eta ospitaleratzea edo zain barneko botikekin larrialdietan maneiatzea behar izaten du batzuetan», azaldu du Vanessa Escolar doktoreak.
Horregatik guztiagatik, bihotz-gutxiegitasuna prebenitzea funtsezkoa da, «haren garapenarekin loturiko arrisku-faktore batzuetan eragin baitaiteke», zehaztu du.
Kasu horietako gomendio nagusiak hauek dira: «aldizka jarduera fisikoa egitea, ez erretzea (zigarro elektronikoak ere ez) eta aisialdiko drogarik ez kontsumitzea, alkohol gehiegi ez edatea, dieta osasungarria izatea, urtero gripearen, COVIDaren eta pneumokokoaren aurkako txertoa hartzea, eta tratamendu goiztiarra ezartzea pazienteak hipertentsio arteriala, dislipemia, diabetes mellitusa edo beste patologia batzuk baditu».
Bihotz-gutxiegitasunaren kausak –bihotza gorputzeko gainerako lekuetara odol nahikoa ponpatzeko gai ez denean–, askotarikoak dira eta bi multzo handitan banatzen dira: bihotzeko gaixotasunek eragindako bihotz-gutxiegitasuna eta organismoak odol gehiago eskatzen duelako geratzen den bihotz-gutxiegitasuna.
Lehenengo kasuan (bihotzeko gaixotasunak), kardiopatia iskemikoak, bihotzeko muskuluaren (miokardioa) gaixotasunek, balbulopatiek (bihotzeko balbulen ohiz kanpoko funtzionamendua) edo arritmiek (motelak edo azkarrak) sor ditzakete. Bigarren kasuan, eskaera handitzearen jatorria anemia bat, gorputzeko infekzio orokorrak (septizemia), tiroide guruineko gaixotasunak, arteria eta benaren arteko fistulak edo arteria-presioaren igoera izan daitezke.
Bihotz-gutxiegitasuna diagnostikatzeko, xehatu du IMQ-ko kardiologoak, «medikuak historia kliniko bat egiten dio pazienteari, eta hartan egungo sintomak, aurrekari medikoak eta familiarrak, miaketa fisiko bat, elektrokardiograma bat eta odol-analitika bat sartzen dira. Datu horiek bildu ostean, gaixotasuna baieztatu edo baztertu egin daiteke. Baieztatuz gero, proba osagarri batzuk eskatu ohi dira (ekokardiograma, adibidez), bihotzaren balorazio estruktural eta funtzional hobea lortzeko eta bihotz-gutxiegitasunaren kausaz ikertzeko».
«Bihotz-gutxiegitasunaren tratamendua aldatu egiten da kausaren arabera; horregatik, funtsezkoa da diagnostiko zehatza egitea», gogorarazi du Vanessa Escolar doktoreak. Hala bada, «funtsezkoa da azpiko patologia kardiologikoak tratatzea, hala nola hipertentsio arteriala, nahasmendu metabolikoak, arritmiak, aurikula-fibrilazioa, bularraldeko anginak eta bihotzeko balbulen erasanak, besteak beste».
Halaber, ohikoa da tratamendu farmakologiko babesgarri bat ezartzea, hainbat botikaren konbinazioan datzana, eta, likidoen erretentzioa gertatuz gero, diuretikoak, kongestioaren sintomak arintzeko. «Horrela, bizi-kalitatea nabarmen hobetzea lortzen da, sintomak kontrolatzen baitira, eta deskonpentsazioagatiko ospitaleratzeak gutxitzen baitira eta heriotza-tasa murrizten baita», erantsi du.
Kasu aurreratuetan, beste terapia batzuk proposa daitezke, esate baterako, «gailuak inplantatzea (taupada-markagailu bereziak, bihotz-birkronizazioko edo estimulazio fisiologikoko terapiak edo desfibriladore ezargarriak izenekoak) edo, kasuen ehuneko txiki batean, bihotz artifizialak edo bihotz-transplantea», amaitu du azaltzen IMQ-ko kardiologoak.
No importa la edad que tengas, siempre puedes cuidar tu corazón mediante la prevención
IMQ activa una nueva estrategia de divulgación en prevención para mejorar la salud de sus clientes