Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Zorrotzaurre, minbiziari aurre egiteko azken belaunaldiko bi azeleragailu lineal dituen Euskadiko ospitale pribatu bakarra

12.10.2020

IMQ Zorrotzaurre, minbiziari aurre egiteko azken belaunaldiko bi azeleragailu lineal dituen Euskadiko ospitale pribatu bakarra

 

IMQ Zorrotzaurre Klinikak bigarren azeleragailu lineal bat instalatu du oraintsu Bilboko Onkologia Erradioterapikoko unitatean, gaur egun Estatuan dagoen teknologiarik aurreratuenez baliatuz. Zentro horretan bigarren azeleragailua instalatu eta lehenengoa, 2015eko urtarrilean martxan jarri zena, eguneratu egin da –horren gailuak eta teknologia–; hortaz, ezaugarri berberak dituzten bi azeleragailu egongo dira.

IMQ Zorrotzaurre Klinikako Onkologia Erradioterapikoko zerbitzuko buru Pedro Ensunza doktoreak azaldu duenez, “azken bost urteotan gure lehen True Beam azeleragailu linealarekin lortu dugun arrakastak –tumore eta metastasien tratamendu erradioterapikoan eta gure zerbitzuan teknika berriak garatzean, hala nola SBRT eta erradiokirurgia, emaitza bikainak lortu ditugu–, gure tratamendu-aukerak hobetzera bultzatu gaitu. Paziente gehiagori arreta emateko gaitasuna bikoizteaz gain, 2015eko gure azeleragailu lineala eguneratu egin dugu, eta gure pazienteek tratamendu onkologikoa behar duten guztietan jaso ahal izango dutela ziurtatu dugu, beti izango baitugu horretarako bi azeleragailuetako bat”.

Ensunza doktoreak azpimarratu duenez, “gure zerbitzua Euskadiko osasun pribatuan azken belaunaldiko bi azeleragailu dituen bakarra da, eta horrek argi eta garbi erakusten du IMQ-k bertoko paziente onkologikoekin duen konpromisoa. Etengabe hazten ari den prebalentziadun patologien multzoa da minbizia, eta horiei aurre egiteko eskura ditugun tresna teknologikorik onenak ditugu, baita maila bikaineko profesional-taldea ere”.

IMQ Zorrotzaurreko onkologo erradioterapiko Clara Eítok nabarmendu duen bezala, “lehenengo azeleragailu linealarekin lanean ari izandako bost urteotan artatu ditugun tumore-mota nagusiak genitourinarioak (prostata eta maskuria, adibidez), bularrekoak, biriketakoak, digestio-aparatukoak, burukoak eta lepokoak izan dira eta, era berean, garunetakoak, eta oso emaitza onak lortu dira horietan”.

Halaber, adituaren iritziz, azken urteotan IMQ Zorrotzaurre Klinikako Onkologia Erradioterapikoko zerbitzuan erradioterapia estereotaxikoa (SBRT bezala ezagutzen dena)  azkar eta modu emankorrean aplikatu da, eta horrek “eraginkortasun-tasa handia erakutsi du biriketako, hezurretako, garuneko eta gibeleko tumoreetan”.

IMQ Zorrotzaurre Klinikako azeleragailu linealen teknologia berriak, “beste azeleragailu batzuk baino zehatzago eta seguruago egin ditu haiek: eremu osasuntsuak gehiago errespetatzen dira eta tumore-eremuek zehaztasun milimetrikoz jasotzen dute erradiazioa bolumen osoan, hiru dimentsiotan eta dosi handiago batez”. Horiek  horrela, tumorea zenbat eta dosi handiagoaz irradiatu, orduan eta handiagoa izango da hori kontrolatzeko aukera. "Espainian erabili ohi diren beste azeleragailu batzuk baino intentsitate handiagoaz irradiatzeko gai dira gailu berriak. Egun badauden beste gailu batzuekin alderatuta, tratamenduak saio gutxiagoren bidez egiteko aukera ematen dute gailuek (38tik 6ra arteko saio, prostatako minbizian, edo 20tik 5era arteko saio, bularreko minbizian), eta tratamenduak, guztira, iraupen laburragoa du; izan ere, % 70 laburrago izan daiteke, ohiko tratamenduekin alderatuta. Irradiazioak bi minutu bakarrik iraun dezake”, azpimarratu du Eíto doktoreak.

Gainera, IMQ-ko azeleragailu lineal berriei esker, organoen mugimenduak kontuan hartzen dituzten tratamenduak egin daitezke, eta horrela, tumorea pazientearen arnasketa-zikloarekin sinkronizatuta erradiatu daiteke. Halaber, toki zailetan kokatutako tumoreetan jarduteko aukera ematen dute, metastasi-mota jakin batzuetan sendatzeko ahalmena dute eta erradiokirurgia bidezko tratamenduak egin ditzakete, eta saio bakarra nahikoa izan daiteke tumore bat ezabatzeko.

Patologia ez-onkologikoetan ere

Urtea amaitu baino lehen, IMQ Zorrotzaurre Klinikako bi azeleragailu linealek aplikazioak ugarituko dituzte. Tumore eta metastasiak ez ezik, onkologikoak ez diren patologia onberak ere tratatzeko erabiliko dira. Clara Eíto sendagileak aurreratu duenez, “erradiazio-dosi oso txikiak erabiliz, ondorio oso onak lortzen ditugu hantura-prozesu jakin batzuetan; izan ere, prozesu horiek, tratamendu farmakologikoei erantzun ez dietelako, tratamendu farmakologikorik ez dagoelako, edo lesioen kokapenagatik, terapia-mota horretarako hautagaiak izan daitezke”. Erradioterapia horri aste gutxitan onura aterako dioten patologien artean, hauek daude: artritisa, artrosia, oin-zolako faszitisak, burmuineko malformazio arteriobenosoak, neurinomak (nerbioak estaltzen dituen mielina-zorroko lesioak), keloideak (ehun zikatrizialaren gehiegizko hazkundeak eragindako azaleko lesioak) eta beste batzuk.

Gaur egun, IMQ Zorrotzaurre Klinikak minbizia diagnostikatu eta tratatzeko baliabide ugari dauzka: 1.300 m2-tik gorako Unitate Asistentzial Integrala, azken belaunaldiko ekipamendua (bi azeleragailu lineal, PET-TAC, gammaganbera, kirurgia robotikoa Da Vincirekin, etab.), eguneko ospitale onkologikoa, pazienteentzako banakako gelak, farmazia onkologikoa, laguntza psikologiko eta nutrizionaleko zerbitzuak eta etxeko ospitaleratzea, besteak beste.