Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Zorrotzaurrek onkologia erradioterapikoko zortzi saiakuntza kliniko abiarazi ditu azken zortzi urteotan

18.05.2023

IMQ Zorrotzaurrek onkologia erradioterapikoko zortzi saiakuntza kliniko abiarazi ditu azken zortzi urteotan
  • Saiakuntza kliniko horiek, nazionalak eta nazioartekoak, ohiko tumore-patologietan ardaztu dira, hala nola bularreko minbizian, biriketako minbizian eta prostatako minbizian.

  • Onkologia erradioterapikoko ikerketa klinikoaren helburua da, bereziki, paziente onkologikoengan biziraupen-tasa handiagoa eta bizi-kalitate hobea lortzea, tumoreak gehiago kontrolatuta eta albo-ondorioak gutxiagotuta.

Urtero, maiatzaren 20an, osasun-arloko komunitate ikertzaileak gogora ekartzen du James Lind eskoziarrak, 1747ko maiatzaren 20an, Errege Itsas Armada Britainiarreko itsasontziko –bera ere zegoen han– marinelei eragiten zien eskorbutorako sendabidea aurkitzeko ekindako esperimentua. Lehendik ere beste batzuek –Al-Razi, Jan Baptist van Helmont, George Starkey eta Franz Anton Mesmer– aldagai kontrolatuekin esperiementuak egin bazituzten ere, egun hura hartu zen saiakuntza klinikoek ezagutza zientifikoa sortzeko duten garrantzia gogorarazteko.

IMQ Bilbao Institutu Onkologikoko Onkologia Erradioterapiko arloko arduradun Clara Eíto sendagileak adierazi duenez, «onkologiaren arloan, onkologia erradioterapikoko ikerketa klinikoaren helburua da, bereziki, paziente onkologikoengan biziraupen-tasa handiagoa eta bizi-kalitate hobea lortzea, tumoreak gehiago kontrolatuta eta albo-ondorioak gutxiagotuta. Funtsezkoa da edizio genikoko tresna berriak teknologikoki garatu nahiz eskura izatea genoma osorik aztertzeko, ikerketaren eremuan aurrerapen berriei ateak irekitzen baitizkio».

Zehazki, Eíto doktoreak zuzentzen duen arloak, Euskadiko osasun-zentro nagusiena eta garrantzitsuena den IMQ Zorrotzaurre Klinikan dagoenak, zortzi saiakuntza kliniko, nazionalak eta nazioartekoak, abiarazi ditu azken zortzi urteotan ohiko tumore-patologietan, hala nola prostatako minbizian, biriketako minbizian eta bularreko minbizian.

«Saiakuntza klinikoetan tratamendu hormonal berriek, betiko hormona bidezko terapiarekin alderatuta, segurtasunari eta eraginkortasunari dagokienez duten eragina aztertzen dugu. Era berean, erradioterapiako tratamenduko eskema berriak ikertzen ditugu, saio-kopurua gutxiagotuta ohiko eskemekin alderatuta duten gutxiagotasun eza egiaztatzeko. Halaber, teknika moderno eta zehatzen aplikazioa aztertzen dugu arnas  mugimendua kontrolatuz, berresteko gertuko organoei eragindako albo-ondorioak gutxitzen direla. Eta, oraintsu, beste saiakuntza multizentriko bati ekin diogu biriketako minbizi lokalizatua duten 75 urtetik gorako pazienteengan, erradioterapiako teknika berezien bidez tratatu direnengan, hauskortasun-arrisku posiblea aztertzeko eta paziente gazteagoekin alderatuta paziente-talde horiengan gertatzen den onura klinikoa frogatu ahal izateko», azpimarratu du espezializata kliniko eta ikertzaileak.

Bestetik, IMQ Bilbao Institutu Onkologikoko Onkologia Erradioterapiko arloak parte hartu du behaketazko azterketa biren erregistro nazionalean, patologia ezberdinetan tratamendu berbera erabilita ospitale-zentro batzuek izandako esperientziak partekatzeko.

Halaber, tratamendu erradioterapikoen benetako kostua aztertzeko europar proiektu bat lideratu du arlo horrek, «lehen aldiz gure herrialdean aplikatu dena. Ikerketa horri esker, kostu osoa jakin daiteke, kontuan hartuta bai esku hartzen duten langileak eta horien jarduera eta arduraldia, bai baliabide teknikoen eta azpiegituraren erabilera, kudeatzeko eta erabakiak hartzeko tresna egokia eratzeko modu gisa».

Ikerlanaren onurak

Saiakuntza klinikotzat hartzen da produktu, substantzia, sendagai, teknika diagnostiko edo terapeutiko baten ebaluazio esperimentala, gizakioi aplikatzerakoan haien eraginkortasuna eta segurtasuna baloratzeko egiten dena. Modu idealean, ebaluazio hori aldagai kontrolatuekin, kontrol-taldeekin, itsu bikoitzeko saiakuntzekin eta, batzuetan, plazeboak erabiltzen ere egiten da.

«Etengabeko ikerketa klinikoak», zehaztu du Clara Eíto doktoreak, «profesional medikoen prestakuntza hobetzen du; berrikuntzara irekita dagoen burua hezi eta prestatzen du; jarrera kritikoa eta behaketazkoa garatzen du; ebaluazioaren xede den gaia ikastera eta horretan egunean egotera eskatzen du; taldean lan egitea dakar eta, gainera, nabarmen motiba dezake. Agerikoa da ikerketa balio erantsia dela, profesional bakoitzaren prestakuntza ez ezik, gure zerbitzuen asistentziaren kalitatea ere hobetzen laguntzen baitu».

Onkologia Erradioterapikoko Espainiako Sozietatearen aburuz, asistentzia-jardunbidearen jakintzaren eta aurrerabidearen eragilea da ikerketa. Era berean, eraldaketa metodologiko erabakigarria gertatzen ari da ikerketan; hala,1998an Onkologia Erradioterapikoko Ikerketa Klinikorako Taldea (GICOR, gaztelaniazko siglak) sortu zen. Nazioartean, 2000. urtean, Minbizia Ikertu eta Tratatzeko Europako Erakundea (EORTC, ingelesezko siglak) eratu zen, zeina onkologia klinikoko ikerketan Europako talde nagusia eta munduko bigarrena den, AEBetako Radiation Oncology Group (RTOG) taldearen atzetik.

IMQ Klinikako Instituko Onkologikoko Onkologia Erradioterapikoko Unitatean, «ikerketa-proiektuak beste ospitale batzuekin eta erakunde ofizialekin –esaterako, GICOR eta EORTC– elkarlanean garatzen alde egiten dugu apustu, hobekuntza zientifikoaren onerako beti», azpimarratu du espezialistak. 

Amaitzeko, Eíto doktoreak hau aldarrikatu du: «profesional lehiatsuak eta bikainak izateko eta gure herrialdean ezagutza zientifikoa garatzen jarraitzeko, gure unitateetan ikerketa bultzatu behar dugu, klinikoaren figura eta horren lanpostuko ikerketa-arduraldia aintzat hartu, horren helburua baita oinarrizko zientzien aurkikuntzek pazienteei onurak ekar diezazkietela lortzea»

Osasun pribatuak Espainiako saiakuntza klinikoen % 50ean parte hartzen du

Gaur, Entsegu Klinikoaren Nazioarteko Egunaren baitan, Osasunaren Garapen eta Integraziorako Institutuak (IDIS Fundazioa) jakitera eman dituen datuen arabera (IMQ ere fundazio horretako kide da), 2022an osasun pribatua hazi egin da ikerketa-jarduera egiten duten zentroen kopuruan, eta, gainera, ikerketaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, saiakuntza klinikoen % 50 pribatuak baitira.

2016. urteaz geroztik, 105 zentro pribatuk hartu dute parte saiakuntza klinikoren batean, zentro guztien ia % 29k. Onkologia, Neurozientziak, Hematologia eta Arnasketa dira saiakuntzen arlo terapeutiko nagusiak ospitale pribatuen parte-hartzean. 2021ean 997 ikerketa jarri ziren martxan, eta horietatik 10etik 4 minbizi motaren bati zuzenduta egon ziren, eta % 5,6 Covid-19aren aurkako tratamenduen saiakuntzak izan ziren.