Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Kirola egiteak % 40ra murriztu dezake estresa

31.03.2021

Kirola egiteak % 40ra murriztu dezake estresa

 

Hirien edo eskualdeen konfinamendu perimetralera itzultzeko aukerak markatzen duen oporren aurreko testuinguru batean, estres, gogaitasun eta frustrazio sentimenduak ohikoagoak izan daitezke herritar batzuengan. Hori ikusita, María Sagasti sendagileak, Vitoria-Gasteizko IMQ Amárica Zentro Medikoko Kirol Medikuntzako espezialista denak, apirilaren 6an Jarduera Fisikoaren Munduko Eguna dela eta, gogorarazi du aurtengo Aste Santuan pertsonek aliatu handia dutela estresa murrizteko: kirola.

«Jarduera fisikoak eragin zuzena du estres-mailetan. Hainbat ikerketak ikertu dute lotura hori, eta egunero kirolen bat egiteak estresa % 40ra murriztu dezakeela uste da», azpimarratu du.

Ikuspegi kimiko hutsetik, adituak adierazi du kirolak «estresa murrizten laguntzen duela, egiten dugunean endorfinak askatzen ditugulako». Endorfinak neurotransmisoreak dira, eta zoriontasun- eta gogobetetze-sentsazioa transmititzeaz arduratzen dira, plazera sortzen duten garuneko eremuak estimulatzen baitituzte.

Bestetik, jarduera fisikoak «hainbat hormona, hala nola adrenalina eta kortisola, sortzea murrizten du». Lehenengoa garuna alertan jartzeaz arduratzen da, urduritasuna sortzen du, eta bigarrena estres-egoeretan askatzen da.

Zein kirol egin behar den, IMQ-ko Kirol Medikuntzako espezialistak hau dio: «pertsona bakoitzak ondo eta eroso dagoen eta estimulatzen eta motibatzen duen jarduera fisikoa aukeratu behar du. Urteak igaro ahala ikasi dut lehenik pertsonari begiratu behar diodala, haren beharrei eta zaletasunei eta, gero, aholkuak eman».

Bai estres-egoeretan, bai frustrazio-egoeretan, edo gutxieneko jarduera fisikorik ez dagoenean, «kirola lagun diezagukeen aliatua izan daiteke. Horretarako, pertsonari ondo dagokion jarduera fisiko erregular bat aurkitu behar da, edozein dela ere. Pertsonak gaixotasunen bat badu, orduan, haren gaitasunen araberako jarduera fisikoa gomendatu behar zaio».

Kirolak zuzenean eragiten dio burmuinaren osasunari

Jarduera fisikoak neuronak babestu eta indartzen ditu. «Kirola egin ondoren “esnago” egotearen sentsazio hori benetakoa da. Gure giharrak atrofiatzen diren bezala, gure neuronek egiten dute, eta kirola modu bikaina da horiek martxan jartzeko».

Kirola ohikotasunez egitea «estresak gugan duen eragin geldiarazlearen gaineko garaipena da. Ordutegia ezartzeak eta jarraibide batzuk betetzera behartzeak helburuak lortzeko eta betetzeko gai garela ikusteko balio izango digu, eta gure autoestimua hobetuko du, eta gure bizitzako beste arlo batzuetan aplikatu ahal izango dugun diziplina eta konfiantza emango dizkigu».

Kirol orekatua

Pertsona bakoitzarentzat jarduera bat aukeratu ondoren, «orain Kirol Medikuntzan dihardugunon eginkizuna da jarduera hura antolatzea, nola egin behar den jakinaraztea, hots, zein zama eta atseden behar duen jakinaraztea, eta, beharrezkoa bada, jarraibideak ematea pertsonaren energia-gastua orekatu ez dadin elikatzeko. Gogoan izan behar da egoera osasuntsu baterako gakoa oreka dela: eman eta jaso, sartu eta gastatu, indartu eta atseden hartu», azpimarratu du IMQ-ko adituak.

Kirola etengabe egiteak «pertsona osasuntsuago egotea eta, beraz, hobeto egotea eragingo du. Itxura fisikoa ere hobetuko du, eta horrek konfiantza handiagoa eta autoestimua areagotuko dizkio. Jarduera fisikoak energia erretzeko ere balio duenez, gorputzak energia hori berreskuratzen emango ditu gauak. Ondo lo egitea funtsezkoa da estresa murrizteko, eta kirolak ondo lo egiten ere laguntzen du».

María Sagasti sendagilearen aburuz, trikimailua honetan datza: «ezin badut estresa eragiten duen ingurunea aldatu, orduan alda dezagun ingurune horri eragin diezaiokeena; hau da, indartu dezagun gure eremu fisikoa, mentala eta emozionala, eta, orduan, estres hori ez da hainbesteko izango. Hori bai gure esku dagoela».

Jarduera fisikoa eta harreman sozialak

Jarduera fisikoak beti ditu onura ukaezinak, baina «hainbat ikerketak diote taldean egitea are hobea dela. Are gehiago, estresa murriztu nahi badugu».

«Taldean egiten diren kirolek estresari aurre egiten diote jarduera fisikoagatik eta izaera sozialagatik. Jarduera horiek lagungarriak izango zaizkigu besteekin harremanetan jartzeko, komunitate baten parte sentitzeko eta gure buruek gure kezketatik haratago ikus dezaten», amaitu du azaltzen IMQ Amárica Zentro Medikoko espezialistak.