Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Zorrotzaurre klinikak hirugarren QH izarra lortu du bere asistentziaren kalitate bikainagatik

06.11.2018

IMQ Zorrotzaurre klinikak hirugarren QH izarra lortu du bere asistentziaren kalitate bikainagatik

IMQ Zorrotzaurre klinikak hirugarren QH izarra jaso du oraintsu, hain zuzen, Osasuna Garatu eta Integratzeko Institutuaren (IDIS Fundazioa) QH-Quality Healthcare Egiaztagiria emateko V. deialdiaren ekitaldian. Ekitaldi hori Madrilen izan da gaur.

Sistema aitzindaria eta berritzailea da QH (Quality Healthcare) Egiaztagiria; bakarra da Europan, eta kalitatea eta erantzukizuna etengabe hobetzeko buru-belarri ari diren eta ahalegin hori ziurtatzen duten egiaztagiriak dituzten asistentzia-erakundeak aintzat hartzen ditu.

Egiaztagiri hori lortzeko, erakundeek hautagaitza eta agiri-frogak bidali behar izaten dituzte ahalegina eta konpromisoa frogatzeko. Eta Batzorde Auditorea arduratzen da maila egiaztatu eta emateaz: izar 1eko QH egiaztagiria, 2 izarduna edo 3 izarduna. Hiru izardun egiaztagiria maila gorena da.

126 asistentzia-zentrok –publikoak nahiz pribatuak– lortu dute orain arte IDIS Fundazioaren QH (Quality Healthcare) Egiaztagiria eta, hortaz, asistentzia hobetzeko egin duten ahalegina aintzat hartu zaie. QH Batzorde Auditoreak, aurtengo edizioan, 11 aintzatespen eman ditu, baita maila hobetzeko 28 egiaztagiri ere, besteak beste, Zorrotzaurre Klinikari.

IMQ Taldeko Pazientearen Kalitate eta Segurtasunaren arduradun Isabel Urrutiak egiaztagiriak emateko ekitaldian esan duenez, “IMQ Taldean dihardugunok konpromisorik handiena eskatzen diegu gure buruei bezeroen igurikimenak betetze aldera eta azken belaunaldiko teknologietan inbertitzeko, gure profesionalen trebakuntza goi-mailakoa izateko eta segurtasun klinikoaren bermea izateko, asistentzia-prozesu guztian”.

Titulartasun publiko nahiz pribatuko asistentzia-erakundeen bikaintasuna indartu eta bultzatzeko asmoz sortu zen QH egiaztagiria eta, pixkanaka, sendotuz joan da; horren erakusgarri, azken edizioan 108 hautagaitza aurkeztu dira (lehen aldiz aurkeztu direnak, kategoria hobetu nahi izan dutenak eta kategoria berritu nahi izan dutenak barne hartuta).

Asistentziaren kalitatea suspergarria eta osasun-zentro asistentzial (publikoa nahiz pribatua) batean lan egiten duten profesional guztien ahaleginen batura da aldi berean, eguneroko laneko prozedura eta prozesuetan ezagutzak eta hobetzeko jardunbide egokiak erabil ditzaten, pazienteari hori guztia modu eraginkorrean emateko gai izan daitezen, osasun-emaitzarik onenak lortzeko eta esperientziarik onenak izateko, etapa eta une guztietan. Kalitatezko osasun-asistentziak, beraz, alderdi hauek behar izaten ditu: bizkortasuna eta eraginkortasuna, itxaronaldirik eta atzerapenik ez egotea, bitarteko egokiak eta teknologiarik aurreratuena; ezagutza zientifikoaren arabera, osasun-emaitzarik onenak lortzearren, jarduerak pertsonen beharretara egokitzen saiatuz eta pertsonen egoera, baldintzak eta testuingurua kontuan hartuta.

IMQ Kliniken egiaztagiriak eta ziurtagiriak

IMQ Taldearen bereizgarri da estatuan nahiz munduan entzutetsuak diren kalitate-ereduen alde egitea eta, hori dela eta, exijentzia handiz lan egitera bultzatzen gaitu Taldeak, osasun-arretako estandarrak betetzeko, hots, inbertsio ekonomiko handiak egiteko nahiz Taldeko pertsona guztiek eta asistentzia-zentro guztiek konpromiso, ezagutza eta profesionaltasuna izateko.

IMQ Zorrotzaurre eta Virgen Blanca klinikek aintzatespen handia lortu dute estatuan nahiz nazioartean, munduko arau zorrotzenen, entzutetsuenen eta ezagunen arabera egiaztatu direlako: Joint Commission International (eredu amerikarra), Zorrotzaurre klinika, eta DIAS, (eredu europarra) Virgen Blanca klinika. Halaber, bi ereduok protokolo eta prozedura kliniko ugari ezarri dituzte eta horiek IMQ Taldea osatzen duten gainerako zentroetan ezarriz joan dira. Eta berrikuntzaren eta abangoardiako teknologiaren alde egindako apustuaren eta ezagutzaren kudeaketaren ondorioz, Taldearen I+G+b egiaztatu egin da.

Zorrotzaurre klinika, bestetik, osasun-zentro bati eman dakizkiokeen egiaztagiri nagusiak dituen estatuko ospitale gutxienetako bat da. Izan ere, Joint Commission International egiaztagiria ez ezik, ziurtagiri hauek ere badauzka: ISO 9001: 2015; Segurtasun Klinikoari buruzko UNE 179.003; I+G+b kudeaketari buruzko UNE 166.002; SEMESen egiaztagiria Larrialdi orokorretan; Gorputzaz kanpoko Kirurgia zerbitzua egiaztatzen duena (bakarra Espainian); “Bikaintasun” zigilua Irudi bidezko Diagnostikoaren Kalitateari edo Laneko Segurutasun eta Osasunari buruzko OSHAS 18.001 egiaztagiria.

Aldiro-aldiro berritzen diren egiaztagiri horiei SEP egiaztagiria gehitu zaio. Egiaztagiri hori aurtengo maiatzean lortu zen, Europako EFQM Bikaintasun Ereduaren inspiratzen da eta hainbat alderdi barne hartzen ditu, hala nola, lidergoa, enpresa-estrategia, pertsonen inplikazioa, prozesuak, bezeroaren arreta … Egiaztagiri hori lortzeko, IMQ Zorrotzaurre klinikak kalitate eta segurtasun klinikoko sistemak ez ezik, kudeaketa-sistema bikaina ere baduela frogatu behar izan du eta kanpo-ebaluazioko prozesu independentea jasan. Eta puntuazio bikaina lortu du.

Halaber, klinika biak gizarteaz eta ingurumenaz arduratzen dira; hortaz, Ingurumen-kudeaketari buruzko ISO 14.001 eta Efizientzia Energetikoari buruzko ISO 50.001 egiaztagiriak lortu dituzte. Estatuko beste egiaztagiri entzutetsuen artean, IMQ Zorrotzaurre klinikak IDISen hiru izardun QH egiaztagiria du orain eta IMQ Virgen Blanca klinikak, izar batekoa.