Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Ligatzeko aplikazio berriek, gib-ari beldurra galdu izanak eta dibertimenduzko droga berriek, STI-en intzidentzia handitu dute Euskadin

08.02.2018

Ligatzeko aplikazio berriek, gib-ari beldurra galdu izanak eta dibertimenduzko droga berriek, STI-en intzidentzia handitu dute Euskadin

 

“Zergatik deitzen diote maitasuna, sexuaz ari badira?”. Film baten izenburua da, baina hainbatek hori pentsatzen dute, otsailaren 14an San Valentin eguna, hots, “maiteminduen eguna”, ospatzen denean. Hori dela eta, 2003an Osasun Sexualaren Europako Eguna sortu zen, “herritarrak, informazioak eta sexu-harremanak tentuz izateak duten garrantziaz jabearazteko. Urtero, munduan, milioi bat pertsona inguruk harrapatzen du sexu-transmisiozko infekzioren bat, eta kasuen intzidentziak gora egiten du. Osasun Publikoaren lehen mailako erronka da”, azaldu du IMQ-ko dermatologo Amaia Mariscalek.

IMQ-ko adituak adierazi duenez, “Euskadin, sexu-transmisiozko infekzioengatiko kontsultak gero eta ugariagoak dira azken urteotan. Infekzio horiek, eramaileekiko sexu-kontaktuz (bagina, uzki edo aho bidez) kutsatzen dira. Dena den, batzuetan, infekzioek ez dute sintomarik eta, hortaz, arriskua handia izango da infekzio duenarentzat eta horrekin sexu-harremanak izango dituztenentzat”.

Estatuan, sexu-transmisiozko infekzio ohikoena,giza papilomabirusagatiko (GPB) infekzioa da eta ondoren, herpes genitala, gonokozia, klamidia, sifilisa edo giza immunoeskasiaren birusa (GIB). Amaia Mariscalek honek duen garrantzia azpimarratzen du: “heziketa sexualari eta drogen kontsumoari buruzko informazioa hobetzea eskolatik hasita. Era berean, patologia hori goiz detektatzeak duen garrantzia ere azpimarratu beharra dago, baita banakako aholku prebentiboa eta tratamendua ere”.

Halaber, IMQ-ko dermatologoak, Espainian sexu-transmisiozko infekzioengatiko kontsultak ugaritu egiten dituzten faktore batzuk adierazi ditu: “giza immunoeskasiaren birusak (GIB) kutsatzeari beldurra galdu izana, bikotekide sexualak aurkitzeko web-guneak eta aplikazioak ugaritu izana eta sexu-harremanekin loturiko dibertimenduzko drogak kontsumitzeko joera berria”.

Euskadiko egoera

Osakidetzaren datuen arabera, Euskadin, 2004tik 2014ra bitartean, sifilis diagnostikoak urtean 20 izatetik (2004) 64 izatera (2014) igaro dira, eta denboraldi horretan, urtean 56,4 kasu izan dira batez beste.

Gonokozia diagnostikoak 30 izatetik (2004) 181 izatera (2014) igaro dira; hots, urtean 118,2 kasu izan dira batez beste.

GPBa, aldiz, egonkorrago dago Euskadin: 2006tik 2016ra bitartean, diagnostiko berrien batezbestekoa urtean 170,8 kasukoa izan zen. 2006an 154 kasu egon ziren eta 2016an, 158  kasu. 2009an gorakada gertatu zen: 207 GIB diagnostiko izan ziren EAEn.

Kasuen erregistro ofizialik ez badago ere, giza papilomabirusak (GPB) 75 kasu eragin zituen 2012an. Eremu horretan, iragarri da biztanleriaren baheketa-sistema ezarriko dela Euskadin.

Prebenitzeko, jakitea

IMQ-ko dermatologo Amaia Mariscalen hitzetan, “gaixotasun benereoak prebenitu nahi badira, horiek badaudela jakin beharra dago. Preserbatiboa erabiltzeak gaixotasun horien transmisioa gutxitzen du, baina ez du kutsatzeko aukera erabat baztertzen”. Hauek dira STI nagusiak:

Giza papilomabirusa (GPB). Munduko STI ohikoena da. Uzki-genitaletako aldea infektatzeko ahalmena duten 30 giza papilomabirus mota daude gutxienez. Halaber, “genotipo onkogenikoen iraunkortasunak, umetoki-lepoko minbizia izateko arriskua handitzen du GPB infekzio kronikoa duten emakumeengan”. Gaur egun, gorputzeko beste alde batzuetako (“esaterako, orofaringea (eztarria) eta uzkia”)  GPBarekin lorturiko minbizi-kasu gehiago daudela ikusten ari da, are gehiago, GIBagatiko infekzioa duten pazienteengan.

GPBagatiko infekzioa “sintomarik gabekoa ohi da, baina paziente batzuengan kondilomak edo garatxoak gara daitezke, hots, lesio onberak, bakarrak edo anizkunak, larruazalen kontatu zuzenagatik agertzen direnak, bulban, zakilean, perineoan, uzki inguruan eta uzkian eta, kontaktuaren ondoren, aste, hilabete edo urte batzuez garatzen direnak”. Lesioak kentzeko tratamendua garrantzitsua da, maiz berragertzen badira ere. Mariscal doktoreak azaldu duenez, “hainbat tratamendu mediko dago likido edo pomaden bidez, nitrogeno likidoz izozten, edo kirurgiaz baliatuz ere, lesio anizkunak edo handiak gertatzen badira. Tratamendu horien bidez, GPBa beste pertsona batzuei transmititzeko ahalmena txikiagotu ahal dugu, baina ezin da hori gertatzeko arriskua ezabatu. Preserbatiboa erabiltzeak transmisioa gutxitzen du, baina ez du kutsatzeko aukera ezeztatzen”. Gaur egun, badaude GPB mota batzuen kontrako txertoak, eta 12 urtekoen txertoen egutegian dago sartuta.

Uretran edo zerbixean infekzioak eragiten dituzten sexu-transmisiozko infekzioak (STI). Uretritisa, hots, uretraren infekzioa, gaixotasun benereoa da, bakterio batek eragindakoa. Pixa egiterakoan min egiten du, uretratik jarioak irteten dira eta gernubidea gorritu egiten da. Batzuetan, ez du sintomarik izaten, baina beste pertsona batzuei transmititzen zaie. Bi mota daude, gonokozikoa, hots, Neisseriagonorrhoeak (gonokokoa) eragindakoak, eta ez-gonokozikoa, Chlamydia trachomatisek eragindakoa, baina zenbaitetan, biak egon daitezke batera. “Diagnostikoa egiteko, exudatuaren lagina hartzen da, eta bikotekide sexualak aztertzen dira. Tratamendua ahotiko edo muskulu barneko terapia antibiotikoa da”.

Bestetik, zerbizitisa endozerbixaren (umetoki-lepoaren barrualdea) hantura da eta, batzuetan, zaila izaten da horren kausa aurkitzea. “Hanturaren kausa infekzio bat bada, Chlamydia trachomatis eta Neisseriagonorrhoeae bakterioak aurkitu ohi dira. Zerbizitisek ez ohi dute sintomarik, eta miaketa baten bidez eta laginak hartzen egiten da diagnostikoa. Etiologia bakterianoa bada, antibiotikoak erabiltzen dira tratamenduan. Infekzio biak prebenitzeko, preserbatiboa erabili behar da eta bikotekide sexualak aztertu”.

Ultzerak eta adenopatiak (gongoil baten hantura) eragiten dituzten sexu-transmisiozko infekzioak (STI). Sifilisa da ohikoena: Treponema pallidumek eragindako gaixotasun infekzioso sistemikoa da. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunen sistemaren bitartez, 2014an, Espainian 3.576 kasu aitortu ziren. Gaixotasun horren tasak pixkanaka handituz joan dira 2000. urtetik, 2011. urteaz geroztik egonkortu bada ere. Gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonengan gertatzen da gehien. “Sifilis primarioak ultzerak eta adenopatiak izatea du bereizgarri. Lehengo hiru eta sei aste artean, sifilis sekundarioa garatzen da: larruazalean exantema ez-pruriginosoa agertzen da, batez ere, esku-azpietan eta oinazpietan”.

Bestetik, herpes sinple genitala, “ultzera genitalaren ohiko kausa da, eta 2 motako herpes sinplearen birusak eragiten du. Lehenengo infekzioaren ondoren, birusa  organismoan geratzen da eta aldizka berpiztu ahal da (agerraldiak)”, azaldu du IMQ-ko dermatologoak.

Txankroidea, linfogranuloma benereoa eta iztaiko granuloma “ultzera eta adenopatiekin garatzen diren sexu-transmisiozko infekzioak dira, eta gure artean urriak dira”.

Baginako jarioak eragiten dituzten sexu-transmisiozko infekzioak (STI). Trikomoniasia noizbehinkakoa da. Pazienteen % 50ek sintomak dituzte, eta horiek kutsatu eta egun batzuetara agertzen dira: narritadura, azkura, gorriune genitala eta baginako jario kirasdunak. Preserbatiboa erabiltzen prebenitzen da.

Pubisek pedikulosia (pubis-zorriak). Amaia Mariscal doktoreak adierazi duenez, “pubis aldean bizi den eta arrautzak jartzen dituen mikroorganismo (ektoparasitoa) batek eragiten duen STIa da. Azkura handia eragiten du”.

Hazteria edo sarna. Sarcoptesscabieik eragiten du gaixotasuna. Nagusiek sexu-harremanetan harrapatzen dute eta umeek, aldiz, elkarbizitzaz. Azkura  handia eragiten du gorputz guztian, batez ere, gauez.