Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Musukoak, asmadun pertsonen aliatuak partikula kaltegarriekiko esposizioa murrizteko konponbidea

04.05.2021

Musukoak, asmadun pertsonen aliatuak partikula kaltegarriekiko esposizioa murrizteko konponbidea

 

Gero eta nabarmenagoa da ingurumen-kutsadurak lotura handia duela asma agertu eta gaizkitzearekin. Horiek horrela, «material partikulatu (diesel partikulak), ozono, anhidrido sulfuroso eta oxido nitroso maila handiekiko esposizioak sintomak agertzea azkar dezake, eta horren ondorioz, kontsulta eta ospitaleratze gehiago egon daitezke, gaixotasuna gaizkitu egiten delako».Testuinguru horretan, errepideetatik auto gutxiago dabilenez erregai fosilen kontsumoan beherakada izatea eta herritarrek COVID-19aren pandemiaren ondorioz musukoak erabiltzea, «badirudi asmadun pertsonen artean gaixotasuna larriagotzeko arrisku txikiagoa dakarten bi egoera direla, nahiz eta horri buruz gehiago ikertu behar den. Hala ere, asmatikoek musukoa erabiltzea gomendatzen da, jakina», azpimarratu du Raquel Sánchez Juez IMQ-ko neumologoak.

Asmaren Mundu Egunaren testuinguruan, adituak hau gogorarazi du, Espainiako Neumologia eta Toraxeko Kirurgia Elkartearen (SEPAR) jarrerarekin bat etortzeko: «COVID-19dun paziente asmatikoek ez dute ospitaleratzeko arrisku handiagoa asmatikoak ez direnekin alderatuta, eta intubatzeko duten arriskua ez da COVID-19agatik ospitaleratzen diren gainerako pazienteena baino handiagoa. Dena den, asmadun pertsonek zorrotz jarraitu behar dituzte prebentzio-neurriak, musukoa erabiltzea barne, elkarte zientifikoek gomendatzen duten bezala».

Asmaren gaineko mitoak eta egiak

Asmaren Mundu Egunaren (Asmarako Mundu-mailako Ekimenak antolatzen duena) gaia ‘Asmaren kontzeptu okerrak aurkitzen’ da aurten. Horra hor asmaren gaineko ohiko kontzeptu okerrak: asma haurren gaixotasuna da; asma infekziosoa da; asmadun gaixoek ez dute ariketarik egin behar, eta asma esteroide dosi handiekin baino ezin da kontrolatu.

Haatik, hau da egia: asma edozein adinetan ager daiteke (umeengan, nerabeengan, helduengan eta adinekoengan); asma ez da infekziosoa; asma ongi kontrolatuta dutenek ariketa egin dezakete; eta asma esteroide dosi txikietan inhalatuta kontrolatzen da sarri.

Kausak, diagnotikoa, tratamendua

Gaur egun, munduko gaixotasun kutsaezin nagusienetako bat da asma. Antzeko ezaugarri klinikoak dituzten baina jatorri desberdina duten hainbat fenotipo kliniko barne hartzen dituen sindromea da.

«Duela gutxi arte, arnasbideetako gaixotasun inflamatorio kronikotzat hartzen zen asma, zeinean aire-fluxuan buxadura aldakorra –guztiz edo partzialki itzulgarria– eragiten duten hainbat zelula-mota eta inflamazioaren bitartekariak tartean dauden. Arnasbideen buxadura ohi da hainbat aldaketa fisiopatologikok dakarten ohiko amaiera, eta sintoma gehienen jatorria  (sintoma nagusiak eztula, nekea eta sibilantziak edo txistu-hotsak dira)», azaldu du Sánchez Juez sendagileak.

Aldakortasuna du bereizgarri asmak, hots, «denboran zeharreko, baita egun bereko sintomen eta biriken funtzioaren aldakuntza edo gorabehera da, erritmo zirkadianoarekin lotutako aldaketetatik haratago».

Patologia hori batetik faktore genetikoek baldintzatzen dute, eta bestetik, arnasbideak narritatu ditzaketen substantzia eta partikula inhalatuekiko esposizioak ere. «Faktore genetiko horiek garrantzi handia hartzen ari dira gaur egun, gaixotasunak bizitzan zehar duen portaerari dagokionez».

Diagnostiko zehatz eta ahalik eta goiztiarra egitearen alde agertzen da aditua. «Horretarako, gaixotasuna susmatu behar dugu pazientearen historia klinikoan oinarrituta, harekin bateragarriak diren sintomak aurkitzen ditugunean, eta horrek espirometria bat egitera garamatza, hots, lehen aukerako proba diagnostikoa egitera. Gainera, biriken funtzioa denboran zehar gehiegi aldatzea garrantzitsua da asma diagnostikatu eta kontrolatzeko».

Asmaren tratamenduaren helburu nagusia da, hortaz, gaixotasuna ahalik eta azkarren kontrolatzea eta kontrol horri eustea, baita larriagotzea prebenitzea ere, horrek jar baitezake arriskuan pazientearen bizia. Horretarako, gaur egun era askotako terapia mordoa dago, eta horien bidez paziente bakoitzaren tratamendua banan-banan jarri eta egokitzen da etengabe.

«Asma tratatzeko botikak inhalazio bidez eman ohi dira, eta kontrolatzeko edo mantentzeko botika gisa sailkatzen dira, baita arintzeko botika (“erreskatekoak”) gisa ere. Mantentzekoak egunero eman behar dira denbora luzez eta pneumologo batek agindutako dosietan. Eta arintzekoak, berriz, eskatu ahala erabili behar dira, pazienteek nabaritzen dituzten sintomen arabera, baina ez dira inola ere mantentzekoen ordez hartu behar. Izan ere, asma gaizki kontrolatu izanaren arrazoi nagusienetako bat mantentze-tratamenduari eta inhalazio-teknikari behar ez bezala atxikitzea da», azpimarratu du IMQ-ko neumologoak.

Pazienteen ehuneko txiki batengan, tratamendua zuzena bada ere, ez da gaixotasuna kontrolatzea lortzen, eta hori, Sánchez Juez sendagileak azaldu duenez, honekin izan dezake zerikusia: «pazientearen komorbilitateekin: hala nola obesitatea, loaren apnea-hipopnea sindromea, errinosinusitis kronikoa, errefluxu gastroesofagikoa, elikaduragatiko alergia, haurdunaldia, etab. Komorbilitateak baztertzen zaizkien eta kontrol txarrak dirauen kasuetan, hainbat tratamendu ditugu, zain barnez ematen direnak eta gaixotasunaren fenotipoaren araberakoak direnak. Fenotipo horiek gaixotasunaren hanturazko ereduaren araberakoak dira».