Iradokizunak
18.10.2023
Onkologia Medikoko Espainiako Sozietatearen datuen arabera, Espainian aurten bularreko minbiziaren 35.000 kasu berri diagnostikatuko direla aurreikusi da. Intzidentzia urtetik urtera igotzen bada ere, biziraupenaren gaineko datuak gero eta hobeak dira, tratamenduan eta diagnostiko goiztiarrean izandako aurrerapenei esker.
Izan ere, diagnostiko goiztiarrean funtsezkoa da baheketa-programetan mamografiak egitea; baina norbere bularrak aztertzeak ere zeregin garrantzitsua du, «batez ere, emakume gazteengan, adinagatik baheketa-programa mamografikoetatik kanpo daudelako».
Horren harira, Patricia Cobos sendagilea, IMQ-ko ginekologoa, urriaren 19an, hots, Bularreko Minbiziaren aurkako Munduko Egunaren esparruan, honela mintzatu da: «Emakume batek bularrean koskor bat detektatzen duenean, bularreko minbizia dela pentsatzen du lehenen. Erreakzio logikoa da, eta egia da adi egon behar dugula gure gorputzean gertatzen diren aldaketei, horrek arazo bat dagoela adieraz dezakeelako, eta espezialista batengana jo behar dugu egoki balora dezan. Haatik, jakin beharra dago gehienetan koskor horiek ez direla tumoreak, lesio onberak baizik».
Norbere bularrak aztertzeak «ohiko modua izan behar du bularreko minbizia goiz detektatzeko, eta sarri egin behar da, hobe, hilekoaren ondorengo astean. Emakume guztiek aztertu behar dituzte beren bularrak, bereziki, bularreko minbiziaren familiako aurrekariak dituzten emakumeek edo BRCA1 eta BRCA2 geneen aldagai patogenikoen eramaile diren pazienteek».
Bularren automiaketa «minbizia detektatzeko metodo baliagarria eta funtsezkoa da, batez ere, espezialistek aldizka egiten dituzten mamografiekin eta miaketa fisikoekin konbinatzen bada». Automiaketari esker, alarma-seinaleak detekta daitezke, hala nola koskorrak, titiburu atzeratua edo aldaketak bularreko forman, tamainan edo kolorazioan.
Bereziki ugaltzeko adinean dauden emakumeengan (gutxi gorabehera, 18 eta 40 urte artekoak) koskorrak «agertu ohi dira, batez ere, ziklo menstrualarekin lotuta». Patricia Cobos doktorearen aburuz, «bularrean koskor susmagarri bat detektatzen badugu, berehalaxe kontsultatu behar diogu gure medikuari, minbizia bada, azkar detektatzea funtsezkoa baita gaixotasunaren pronostikoa ona izan dadin. Dena den, kasu gehienetan, litekeena da tratamendurik behar ez izatea, berez desagertu ohi baitira».
IMQ-ko ginekologoak, halaber, bularren automiaketan detekta daitezkeen zortzi koskor-mota aipatu ditu: bularreko kisteak, aldaketa fibrokistikoak, gantz-nekrosia, infekzioak, fibroadenomak, lipomak, hodien barneko papilomak eta, kasurik txarrenean, bularreko tumoreak.«Horietako bat aurkituz gero, berehalaxe jo behar da espezialista batengana».
Bularreko kisteak. Kontsulten kausa ohikoenetakoak. Lesio biribilduak, konkortuak eta mingarriak dira, eta esne-hodi bat dilatatzen denean eta likidoz betetzen denean sortzen dira. Maiztasuna handitu egiten da 35 urtetik aurrera, eta intzidentzia handiena 40-50 urtekoengan izaten da. Biribilak eta mugikor samarrak dira eta pareta lauak dituzte. Aldaketa hormonalek eragiten diete; horregatik, ohikoena da hilekoa baino lehen agertzea eta ondoren berez txikiago egitea edo desagertzea.
Aldaketa fibrokistikoak. Mastopatia fibrokistikoaren eraginez, bularra sentikorrago bilakatzen da eta zona batzuetan koskorrak edo alde zimurtsuak sortzen dira. Aldaketa horiek ziklo menstrualarekin lotuta daude, eta hilekoaren ondoren hobera egiten dute. Oro har, ez du tratamendu medikorik behar. Hainbat neurrik, hala nola bularretako egokiak erabiltzeak, eta mantenugai batzuek sintomatologia hobetzen lagun dezakete.
Gantz-nekrosia.Traumatismo baten ondoren (segurtasun-uhalak eragindako lesioa, bularreko biopsia edo kirurgia baten ondoren), hantura eta fibrosia sortzen da, eta horren ondorioz koskor mingarria ager daiteke bularrean, gantz-nekrosia izenez ezagutzen dena.
Infekzioak. Mina eragiten dute, larruazala gorritzen dute eta bularrean koskorra agerrarazten. Edoskitzaroan gertatu ohi dira, baita ere hortik kanpo ere, eta konplikazioak ere ager daitezke, hala nola absezuak, hots, koskor oso mingarriak, bularreko ehunean likido infektatuta pilatzen denean sortzen direnak.
Fibroadenomak. Bularreko tumore solidoak dira, oso ohikoak, batez ere, nerabeengan eta emakume gazteengan agertzen direnak, baina edozein adinetako emakumeengan ere ager daitezke. Gehienetan, nodulu bakarra da, ongi mugarrituta dago, mugikorra da eta ez da mingarria. Kasuen % 10ean edo % 20an anizkoitza izan daiteke eta bi bularretan agertu. Oro har, kontrola daitezke, eta batzuetan erauzi egiten dira.
Lipoma. Koskor biguna da, ez da minbiziduna, eta, oro har, mugi daiteke. Ez da mingarria. Gantz-tumore onbera da.
Hodien barneko papilomak. Lesio onberak dira, eta bularreko hodietan sortzen dira. Titiburuetako jarioa gertatzen da, askotan, itxura hemorragikoa duena (odolarekin). Erauztea gomendatzen da, eta biopsia egitea, patologia gaiztoa dagoen baztertzeko.
Bularreko tumoreak. Bularrean koskor ez mingarria, gogorra, ingerada irregularra edo gaizki mugatua duena agertzea nodulu susmagarria da; hortaz, bularreko minbizia den baztertu beharko da. Bularreko minbizia ez ohi da mingarria; izan ere, bularreko minbizien kasuen % 2-7 baino gutxiagotan, mina da zeinu klinikoa, bereziki, gaixotasunaren hasierako etapetan. Halaber, arreta jarri behar zaie bularrean ikusten diren beste aldaketa batzuei, hala nola larruazalean elutxak, sakonunea edo gorriuneak agertzea, bularraren tamaina edo forma aldatzea edo tituburutik likidoa jariotzea.
La biopsia del ganglio centinela puede sustituir a la linfadenectomía axilar en determinados casos de cáncer de mama tratados con quimioterapia neoadyuvante
IMQ incorpora la imagen mamaria sintética para mejorar la detección del cáncer de mama
Los nuevos fármacos inmunoconjugados abren puertas a la esperanza en cáncer de mama