Iradokizunak
08.09.2023
4.097 pertsonak bere buruaz beste egin zuten Espainian 2022an. Eta kopuru horren joera gorakorra da, aurreko urteotan bezala (2018an, 3.539 pertsonak). Hortaz, suizidioa da 15 eta 29 urte arteko pertsonen heriotza-kausa nagusia Estatuan. Eta nazioarteko egoera ez da hobea. Osasunaren Mundu Erakundearen iritziz (OMS) suizidioa da munduko osasun publikoaren lehentasunezko zeregina. Izan ere, hau da suizidioaren urteko prebalentzia, mundu osoan: 800.000 heriotza. Eta datu horri suizidio-saioak gehitu beharko zaizkio, OMSren datuen arabera, suizidio burutuen eraginez hil den pertsona bakoitzeko beste 20 pertsona saiatu egin dira.
Egoera hori ikusita, galdera hau egin beharko genioke gure buruei: pertsona batzuek bere buruaz beste egiteko arrisku handiagoa al dute? Mónica de Lorenzo doktoreak, IMQ Amsako psikiatrak, hau adierazi du jokabide suizidaz: «fenomeno konplexua da, kausa anitz eta dimentsio anitz ditu; hots, faktore genetikoen, biologikoen, sozialen, psikologikoen eta kulturalen elkarrekintzaren emaitza da». Pertsona orok izan dezake jokabide suizida, baina «pertsona batek bere bizia akabatu nahi izateko probabilitatea handitzen duten» hainbat faktore identifikatu dira.
Adituak adierazi duenez, hauek dira arrisku-faktore pertsonaletako batzuk: aurretik suizidio-saioak egon izana; nahasmendu mentalak (depresioa, nahasmendu bipolarra, eskizofrenia, alkohol- edo droga-abusua/mendekotasuna); gaixotasun fisiko larriak, ezgaitzaileak edo oso mingarriak; adina (nerabezaroan eta zahartzaroan gertatzen dira suizidio-saio eta suizidio burutu gehien); sexua (gizonen artean emakumeen artean baino gehiago; iaz, 3.042 gizon eta 1.055 emakume, emakumeen artean suizidio-saio gehiago gertatzen badira ere); eta familiako aurrekariak.
Gizarte- eta ingurumen-faktoreei dagokienez, IMQ Amsako psikiatrak hauek adierazi ditu: pertsona maiteak galdu edo horiengandik banandu izana, lana galdu izana, eskola-porrota, bakartze soziala, familiaren laguntzarik ez izatea eta bakardadea. Halaber, egoera ekonomikoa (prekarietatea, pobrezia); traumak, hala nola, indarkeria, eskola- edo lan-jazarpena, tratu txar fisikoa edo psikikoa, sexu-abusua eta beste pertsona baten suizidioaren berri izatea (suizidio sentsazionalista, kutsatzeagatik).
Osasun Sistema Nazionalaren Osasun Mentalari buruzko Estrategiak (2019-2024) jokabide suizidari osorik heltzea du ildo estrategikotzat.«Suizidioaren arazoari erantzuten gizarte osoak parte hartu behar du, eta sektore desberdinek esku hartu eta koordinatu behar dira: osasun-sektoreak ez ezik, hezkuntza-, lan-, gizarte ongizate-, justizia-sektoreak ere, besteak beste», ezagutarazi du Mónica de Lorenzo doktoreak.
Adituaren iritziz, funtsezkoak dira «lehen mailako prebentzio-estrategiak, suizidioaren intzidentzia prebenitzea helburu dutenak, eta arrisku-faktore aldagarrietan eragin beharra. Neurri horietako batzuk osasunaren gizarte-baldintzatzaileetan oinarritzen dira: gizarte-desberdinkeriak murriztea edo pobrezia desagerraraztea; bakardadeari aurre egitea, bereziki adinekoengan; edo kalteberak (etorkinak, txiroak) osasun-sistemara sartzeko aukera hobetzea».
Komunitate-mailan, De Lorenzo sendagileak neurri hauen alde agertzen da: «ikastetxeetan hezkuntza-jarduerak bultzatu behar dira, osasun mentala sustatzeko eta jokabide suizidak prebenitzeko; jokabide mendekotasun-sortzaileak prebenitzeko kanpainak egin behar dira, eta gaixotasun kroniko ezgaitzaileen zainketa aringarriak hedatzea aurreikusi behar da, pertsona horien eta beren senideen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Beste neurri batzuk, hala nola armak edo bitarteko kaltegarriak eskura izatea mugatzea eta botikak eskuragai izatea kontrolatzea, ezinbestekoak dira». Halaber, osasun esku-hartzea eraginkorra izan dadin, hau egin behar dela adierazi du: «irizpideak bateratu behar dira, arrisku-faktoreen detekzio goiztiarra hobetu behar da eta eskumenak zerbitzuen arabera zehaztu behar dira».
Jokabide suiziden gaineko tabuak eta estigmak prebentzioa eragozten dute. Hortaz, «nahitaezkoa da suizidioari buruzko mito eta ideia batzuk errotik kentzea, horrela egoki identifikatu ahal izango ditugulako arrisku-egoerak eta modu eraginkorragoan jokatu ahal izango dugu», adierazi du IMQ Amsako psikiatrak. Jarraian, mito faltsu horietako batzuk ezagutarazi ditu, baita horien azalpentxoa ere.
“Suizidioaz galdetzea arriskutsua da, suizidatzera bultza dezakeelako”.
Faltsua. «Izan ere, alderantziz gertatzen da: hainbat azterlanek adierazi dute gaiaz modu errespetutsuan aritzeak eta horretaz hitz egiteak asmo hori buruan darabiltenak lasaitzen dituela eta arriskua murrizten duela».
“Esaten duenak ez du egiten eta egiten duenak ez du esaten”.
Faltsua. «Serios hartu behar da beti abisu edo mehatxu oro: pertsonen % 80 inguruk abisatu egin zuten edo beren asmoa iradoki zuten».
“Arazo larriak dituztenak bakarrik suizidatzen dira”.
Faltsua. «Ez da arazorik gutxietsi behar: pertsona batentzat garrantzitsua ez dena beste batentzat funtsezkoa izan daiteke».
“Suizidatzen diren pertsonek gaixotasun mentala dute”.
Faltsua. «Gaixotasun mental bat edukitzea suizidatzeko arrisku-faktorea da. Hala ere, suizidatzea buruan darabilten pertsona askok ez dute burubidea nahasten dion nahasmendu mentalik; eskuarki, sufrimendu handiko unea igarotzen ari dira eta ez dakite horri nola heldu».
“Pertsona batek suizidatzea erabaki badu, ezin izango da ezer egin”.
Faltsua. «Suizidatzeko asmoa duten pertsonek zalantzak eta anbibalentzia dituzte; hortaz, badago jarduteko abagunea».
“Hedabideak ez dira suizidioaz ari behar, erakartze-efektua saihesteko”.
Faltsua. «Hedabideek informazio arduratsua eta egokia argitaratzea funtsezkoa da, suizidioa prebenitzen lagun dezake. Halaber, ekidin behar da informazio hori modu sentsazionalistan ematea eta, batez ere pertsona ospetsuak badira, espekulazioak saihestea, albisteak oihartzun mediatiko handia izan dezakeelako. Espainiako Osasun Mentalaren Konfederazioak aholkatu du, halaber, pertsonak erabili duen metodoa esplizituki ez deskribatzea, xehetasunik ez ematea eta argazki edo ohar suizidarik ez argitaratzea», azaldu du De Lorenzo medikuak.
Suizidio-saio baten posibilitatea detektatzen bada, IMQ Amsako psikiatrak hau egitea aholkatu du: «seinalei adi egotea, lasaitasuna erakustea, harreman emozional beroa edukitzen saiatzea, pertsona estutu eta larritu gabe. Ez da pertsona bakarrik utzi behar, profesional baten laguntza eskuratzen duen arte. Bere buruari kalte egiteko erabil dezakeen material oro kentzea. Laguntza-baliabideekin harremanetan jartzen laguntzea: laguntza-sarea (familia, lagunak), osasun-zerbitzuak (azaldu behar zaio laguntza medikoa edo psikologikoa bilatzeak duen garrantzia). Eta, uste badugu arriskua handia edo berehalakoa dela, Larrialdietako 112 telefonora deitu beharko dugu edo larrialdietako zerbitzu batera jo».
Kasu horietan laguntzeko beste modu batzuk ere badaude: herritarrei suizidioaz informazioa emateko laguntza-telefonoak eta webguneak ezagutaraztea, hala nola Jokabide Suizida Artatzeko 024 Linea, «Llama a la Vida», 24 orduetan eskuragarria; Euskadiko Itxaropenaren Telefonoa (944 100 94); edo Biziraun (Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea).
Los suicidios descienden en Euskadi un 20% entre 2020 y 2021
Nueve de cada diez personas que se suicidan verbalizan su propósito con anterioridad