Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Udaberria, loaren asaldatzaile

22.03.2018

Udaberria, loaren asaldatzaile

Udaberriak hainbat ondorio izan dezake organismoan, gorputzari dagokionez nahiz gogo-aldarteari eta emozioei dagokienez, eta, nola ez, loari dagokionez.

Udaberriko asteniaren garaia da. Hauek dira horren sintomak: neke orokortua, eguneko logura, motibazioa galtzea, arreta nekez jartzea, zorabioa, suminkortasuna, jangurarik eza eta libidoa txikiagotzea.

Ordu-aldaketagatiko nekea eta gogoaren ondoeza, aldi baterako asaldura da, eta ez du bi aste baino gehiago irauten. Jan-neurri osasungarri, askotariko eta orekatuak, ziklo berriak erregulatzen laguntzen du.

Polenak eragindako alergiak dakarren hanturaren ondorioz, txartoago lo egin dezakegu, suminkorrago eta nekatuago egon gaitezke eta motibazioa gal dezakegu.

Urtaro aldaketak, esaterako, negutik udaberrira igarotzeak, loa asalda dezake, kalitateari nahiz kantitateari dagokienez. Udaberriak hainbat ondorio izan dezake organismoan, gorputzari dagokionez nahiz gogo-aldarteari eta emozioei dagokienez, eta, nola ez, loari dagokionez. Udaberriko asteniaren garaia da, baina, zer da hori? “Ez dugu gaixotasuntzat hartu behar. Ezaugarri-multzoa da, hots, sindromea (sintoma-multzoa), eta, izan ere, urtaro guztietan ager daiteke, baina udaberrian agertu ohi da nabarmenago. Hauek dira ohikoen agertzen diren sintomak: neke orokortua, eguneko logura, motibazioa galtzea, arreta nekez jartzea, zorabioa, suminkortasuna, jangurarik eza eta libidoa txikiagotzea”, azaldu du Rafael Téllez doktoreak, neurofisiologo, psikologo kliniko eta IMQ-ko Virgen Blanca Klinikako Loaren Unitateko adituak.

Eta zein dira udaberriko asteniaren zergatiak? “Hainbat hipotesi mahaigaineratu dira: horietako batzuek garunean beta-endorfinak (“zoriontasunaren hormona”) gutxitu izanarekin lotzen dute, baina ez dago horren gaineko ikerketa eztabaidaezinik”.

Beste azalpen bat izan liteke nekea gertatzen dela “gure gorputzak urtaro berriaren argitasun- eta tenperatura-baldintza berrietara moldatu behar delako, eta horri gehitu behar zaizkio hezetasunean, presio atmosferikoan eta tenperaturan gertatzen diren aldaketak”. Udaberrian tenperatura gora doa pixkanaka, “eta une horretan, oraindik ez dira jantziak aldatu, klima irregularra delako, batez ere, aurten, tenperaturan eta hezetasunean gorabehera handiak izan baitira”, azpimarratu du.

Ordu aldaketa

Inolako zalantzarik gabe, egunotan loari asko eragiten dion beste alderdi bat ordua aldatzea da, ordu bete galtzen baita “eta, ordu bat gutxiago lo egiteaz gain, otorduen, lanaren eta hainbat jardueraren ordutegiak aldatu behar izaten ditugu”.

IMQ-ko Virgen Blanca Klinikako Loaren Unitateko kideak azpimarratu duenez, “umeek eta adinekoek nabaritzen dute gehien ordu aldaketa. Dena den, aldaketa horrek dakartzan nekea eta ondoeza, aldi baterako nahasmendua izan beharko lirateke, ez lukete bi aste baino gehiago iraun beharko. Ordutegi horietara moldatzeko gaitasuna pertsonen araberakoa da”.

Polenak eragindako alergia

Udaberria iristeak, aurretiko beste patologia batzuekin batera, “adierazitako sintoma-multzoa okerragotu lezake, eta adore falta eragin”.

Urtaro horretako patologia ohikoenen artean, polenak eragindako alergia ere nabarmentzeen da. Izan ere, biztanleen % 20-% 25ek du errinitis alergikoa, Alergologia eta Inmunologia Klinikoko Espainiako Sozietatearen (SEAIC) datuen arabera. IMQ-ko adituak azaldu duenez, “polenak eragindako alergiak dakarren hanturaren ondorioz, txartoago lo egin dezakegu, suminkorrago eta nekatuago egon gaitezke eta motibazioa gal dezakegu”.

Ikerketa batzuen arabera, “erreakzio alergikoak berak eta hanturazko prozesuek eragina izan lezakete neurotransmisore batzuk –hala nola, serotonia– sortzeko prozesuan. Hori izateko joera dutenengan gertatuko lirateke asaldurok. Halaber, ez dugu ahaztu behar alergiaren kontrako botika batzuek sintoma depresiboak azkartu egiten dituztela”.

Tratamendua

Rafael Téllez doktoreak, neurofisiologo, psikologo kliniko eta IMQ-ko Virgen Blanca Klinikako Loaren Unitateko kideak, adierazi duenez, bizi-aztura osasungarriak izateak berriz kokatzen laguntzen du. “Eguraldi onak orduak luzatzera animatzen badu ere, aholkatzen da loaren eta otorduen ordutegia erregularra izatea. Berora moldatzeko, aholkatzen da gogogabeziari aurre egitea, jarduerak emeki egitea eta ariketa neurritsua egitea, bizigarri moduan. Kirola egitea gomendatzeko modukoa da, baldin eta oso berandu, oheratu aurretik, egiten ez bada, loak hartzea zailagoa delako”.

Era berean, gomendagarria da “eguerditik aurrera bizigarririk eta kafeinadun edaririk ez hartzea; nekatuta bagaude ere, ez da gai suspergarririk hartu behar, zeren eta gauez ez dutelako lo egiten laguntzen. Jan-neurriak orekatua izan behar du –jaki freskoak, urte-sasoikoak, bitamina ugaridunak–, zikloak azkarrago erregula daitezen”.

Jan-neurri osasungarria eta orekatua –barazki, fruta eta zereal ugari–  nahikoa izaten da, baina, batzuetan, komenigarria izaten da bitamina-konplexua hartzea, beti sendagile edo botikari baten aholkupean. Eguna gosari eder batekin hastea eta afari arin batekin amaitzea aholkatzen du IMQ-ko adituak.

Argiaren garrantzia eta urtaroen araberako sindrome depresiboa

Gizakion erloju biologikoa, kanpotik jasotzen ditugun estimuluen arabera ibiltzeko dago programatuta. Argia da oinarrizko elementuetako bat, eta “argirik gehien duen orduetan gertatzen diren aldaketek eragina dute osasunean. Argi gutxiko herrialdeetan, depresioaren intzidentzia handiagoa ohi da. Halaber, pertsona batzuk oso sentikorrak dira eta udazkena iristeak eta argi ordu gutxiago izateak eragin txarra du horiengan: horri “urtaroen araberako sindrome depresiboa” esaten zaio, eta herritarren % 15engan dun eragina –txikia ala handia”, adierazi du IMQ-ko Téllez doktoreak.

Argi denboraldi luze eta motzen artean aldaketa nabarmenak dituzten herrialdeetan, esaterako, Europako iparraldekoetan, prebalentzia are handiagoa da. “Kasu horietan, argi-terapia izan daiteke tratamendurik eraginkorrena: egunero ordu eta erdi ematea argi zuri berezidun lanpara baten aurrean, begietatik 40-50 zentimetroetara. Argiak melatonina –loa eragiten duen hormona– sortzea inhibitzen du, eta, horrela, egoera letargikoa arindu egiten du. Kasu askotan, tratamendu hori nahikoa izaten da”.

Urtaroetan argi orduak handitzean ongizate-sentsazioa handitu ohi da. Argiak organismoa estimulatzen du. Animalia eta landare-espezie askorengan, ugaltzeko behar den bizitasunarekin dago lotuta argia: elikagaiak bilatzea, estaltzea … “Izan ere, argia gure gorputzean gertatzen diren ziklo guztien “sinkronizagailua” da: gure gorputzean gertatzen diren prozesuak orduan jartzen dituen erlojua dagoen garun-aldera (hipotalamoko nukleo suprakiasmatikoa) informazioa bidaltzeaz arduratzen diren zelula espezializatu batzuk daude erretinan. Hainbat aldaketa kimiko sortzen dira,  eta horiek guruin pinealari eragiten diote eta serotonina –“zoriontasunaren hormona” – askatzen da eta melatonina –loaren iraupena eta erritmoa kontrolatzen dituen hormona– gutxiago sortu. Aldaketa horiek guztiak, bizpahiru astetan normalizatu ohi dira”, amaitu du azaltzen Rafael Téllez doktoreak, neurofisiologo, psikologo kliniko eta IMQ-ko Virgen Blanca Klinikako Loaren Unitateko arduradunak.