Iradokizunak
23.09.2020
SARS-CoV-2 koronabirus berriak birikei eta arnasbideei masiboki kalte egiteaz gain, beste organo batzuei ere kalte egiten diela erakusten duten zantzu ugari eta gero eta gehiago daude, eta bihotzari, nerbio-sistemari, giltzurrunei eta larruazalari larriki eragin diezaiekeela. Gainera, "pandemia zabaldu den heinean, agerikoa izan da paziente askok hainbat agerpen neurologiko garatzen dituztela”, azpimarratu dute Juan Carlos García-Moncó IMQ-ko neurologoak eta Unidad Neurocirugía Bilbao (UNB) unitateko IMQ-ko neurokirurgialari Enrique Vázquezek.
García-Moncó sendagileak adierazi duenez, “hasieran, arazo neurologikoak jakinarazi ziren arnas arazoak zituzten pazienteen serie orokorretan, eta, ondoren, nahasmendu neurologikoak agertu direla baieztatu duten serieak agertu dira. Horietako batzuk ohiko arazo neurologikoak dira, baina ez larriak, usaimenaren (anosmia) eta dastamenaren (ageusia) nahasmenduak, buruko mina, muskuluetako minak eta zorabioa-ezegonkortasuna barne. Konplikazio horiek COVID-19ak ospitaleratutako pazienteen % 40 inguru ikusten dira”.
Era berean, IMQ-ko neurologoak hau adierazi du: “paziente gutxiagok dituzte konplikazio larriagoak, baina ez hain ohikoak, eta horien artean hauek agertzen dira: entzefalopatia (pazienteen % 8tik % 20ra arteko ehunekoan agertzen den desorientazio- eta nahasmendu-koadroa), sinkope edo lipotimia motako konorte-galera, krisi epileptikoak, nerbio periferikoen afektazioa eta garuneko iktusa”.
Paziente larriek zainketa intentsiboetako unitateetan luzaroan ospitaleratzea behar izan dezakete, "eta horrek, aldi berean, bakartze-arazoak, mugikortasuna galtzea eta abar eragiten ditu, eta sendatzeko denbora behar izan dezakete”.
Erasan neurologikoaren zergatiei buruzko eztabaida
Juan Carlos García-Moncók medikuak adierazi duenez, badago “eztabaida bat, ea konplikazio neurologikoak birusak nerbio-sistema zuzenean infektatzearen ondorio diren edo infekzio horretan maiz gertatzen den erantzun immune eta inflamatorioaren ondorio diren. Horrela, entzefalopatia-koadroak, oro har, odoleko alterazioekin lotzen dira. Alterazio horiek hantura handia erakusten dute, eta garunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen substantziak askatzen dituzte”.
Gaur egun, “birusak garuna zuzenean infektatu izanaren ebidentzia gutxi dago", entzefalitis bezala ezagutzen dena,“baina dagoeneko horren hainbat kasu deskribatu dira”.
IMQ-ko neurologoak onartu du arazo neurologiko larri guzti horiek “arrastoak utz ditzaketela, eta denborak bakarrik esango du zenbateriano diren itzulgarriak, ez baitago iragarpenak egiteko bezain luzea den jarraipen-aldirik. Usaimenaren asaldura aste gutxiren buruan konpon daiteke, paziente batzuen kasuan denbora gehiagoz irauten badu ere”.
Iktusak COVID-19arekin, ohi baino larriagoak
Iktusa duten pazienteek ondorio iraunkorrak izan ditzakete, COVID-19aren infekziorik ez duten beste paziente batzuen antzera. Unidad Neurocirugía Bilbao (UNB) unitateko IMQ-ko neurokirurgialari Enrique Vázquezek adierazi duenez, “infekzio horri loturiko iktusak ohi baino larriagoak direla iruditzen zaigu, hain zuzen ere, gaixotasun horrekin lotzen diren hantura eta koagulazioaren alterazio garrantzitsuengatik. Iktus gehienak arterien buxaduraren (iktus iskemikoak) ondorioz zirkulaziorik ez dagoelako gertatzen dira, baina garuneko odoljarioak ere gertatzen dira (iktus hemorragikoak)”.
Aurreko guztia dela eta, IMQ-ko neurokirurgialariren ustez, garrantzitsua da “sintoma neurologiko horiei guztiei arreta jartzea COVID-19aren susmoa duten pazienteen hasierako ebaluazioan; izan ere, pandemiaren lehen hilabeteetan gutxietsi egin dira eta, batzuetan, eragin handia izan dezakete gaixotasunaren bilakaeran”.
Koronabirusagatik hirugarren infekzioa 20 urtetan
Txinako Wuhan probintzian 2019ko abenduan SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako infekzio-agerraldia hirugarren izurritea izan da XXI. mendean birus-mota horrengatik, eta hurrenez hurren 2012an eta 2002an gertatu ziren SARS (severe acute respiratory syndrome) eta MERS (Middle East respiratory syndrome) infekzioek jotakoen kopurua gainditu zuen.
Grupo IMQ pone en marcha un servicio de apoyo psicológico para ayudar a sus profesionales sanitarios y socio-sanitarios a enfrentar el impacto emocional de la COVID-19