Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Zirkulazio sistemako gaixotasunengatiko heriotza tasa % 7,42 handitu da urte batean Euskadin

13.03.2017

Zirkulazio sistemako gaixotasunengatiko heriotza tasa % 7,42 handitu da urte batean Euskadin
  • Estatistikako Institutu Nazionalaren azken erregistroak heriotza-kausa horren gorakada adierazi du: 2014n, 100.000 biztanleko 249,2ko heriotza-tasa gordina zegoen; 2015ean, berriz, 267,7.

 

  • Zirkulazio-aparatuko gaixotasunak bigarren heriotza-kausa dira Euskadin: kasuen % 26,9, tumoreen atzetik bakarrik.

 

  • Bestetik, 2004tik 2014ra, Euskadin miokardio-infartuagatik hil direnen kopurua % 32 gutxitu da.

2004an, zirkulazio-sistemako gaixotasunak Autonomia Erkidegoetako heriotza guztien % 33,30 ziren; hamarkada bat igaro ondoren, berriz, gutxiago dira, hots, % 29,66. Hurrengo heriotza-kausa prebalenteenak, minbiziek eta arnas gaixotasunek, urteetan zehar aldakuntza txikia izan badute ere, intzidentzia bera mantendu dute. Euskadin, zirkulazio-gaixotasunak bigarren heriotza-kausa dira, % 26,9, tumoreen atzetik.

Duela hamar urtez geroztik Euskadin arrisku kardiobaskularra prebenitzeko egiten ari den lanak emaitza onak lortu ditu. Izan ere, 2004an 784 pertsona hil ziren miokardio-infartuagatik eta hamar urte ondoren, 531, hots, % 32,3 gutxiago. Seguru asko, Euskadiko arreta kardiologikoan diharduten profesionalen maila, kalitate eta ahalegin handiari, osasun-sistema eraginkor eta efizienteagoari eta osasun-sisteman esku hartzeko protokoloak –Infartu Kodea eta Iktus Kodea- ezartzeari zor zaie kopuru hori pixkanaka txikiagotzea.

Gorakada Euskadin

Hala ere, adi egon behar dela ohartarazten dute adituek. Horiek horrela, martxoaren 14a arrisku kardiobaskularra prebenitzeko Europako eguna ospatzen denez, Mateo Calvo San Juan IMQ-ko kardiologoak, bi hamarkadez baino gehiagoz arrisku kardiobaskularra prebenitzen diharduenak, hauxe adierazi du: “Estatistikako Institutu Nazionalak eta Euskal Estatistika Erakundeak argitaratu dituzten azken datuen arabera, 2014. eta  2015. urteen artean (azken erregistro eskuragarriak), Euskadin zirkulazio-sistemako gaixotasunengatiko heriotza-kopurua handitu egin da. Termino absolutuetan, 5.388 heriotzatatik 5.788 heriotzatara igaro da urte batean bakarrik, hots, % 7,42ko gehikuntza gertatu da termino absolutuetan (Eustat) eta heriotza-tasa gordinetan 100.000 biztanleko”.

Gaixotasun kardiobasular tipologiaren arabera, “zerebrobaskularrek eragiten dute heriotza gehien, heriotza kardiobaskular guztien % 23, patologia horrek beherazko joaera badu ere (% 5, 2004. urtetik). Bihotz-gutxiegitasuna da hirugarren heriotza-kausa (heriotza kardiobaskular guztien % 15), eta horren atzetik, bihotzeko gaixotasun iskemikoak (% 14) eta miokardioko infartu akutua  (% 14)”, zehaztu du adituak.

Emakumeek, gaixotasun kardiobaskular gehien

Mateo Calvo San Juan doktoreak azaldu duenez, “ez da egia gaixotasun kardiobaskularrak gizonen kontua direnik. Gaixotasun horien heriotza-tasa % 6 handiagoa da emakumeengan gizonengan baino. Horiek horrela, zirkulazio-sistemarekin loturiko gaixotasunek heriotzen % 26,58 (53.581 heriotza guztira) eragin zuten gizonen artean; emakumeen artean, berriz, % 32,84 (63.812 heriotza)”. Dena den, datu horien bilakaera historikoa aztertzen badugu, “ikusten da emakumeek gehien lortu dutela arrisku kardiobaskularragatiko heriotzak gutxitzea: 2004an, emakumeen artean gaixotasun kardiobaskularrengatiko heriotza-tasa % 38,14koa zen eta gizonen artean, % 28,91”.

Gaixotasun-moten arabera, bi sexuengan, “zerebrobaskularrak dira heriotza-kausa ohikoenak, eta infartua, gizonengan, eta bigarren kausa da; emakumeengan, berriz, seigarrena. Bihotz-gutxiegitasunak heriotza gehiago eragiten du emakumeengan, hirugarren kausa baita, eta bosgarrena da gizonen artean”.

IMQ-ko adituak hauxe azpimarratu du: “zirkulazio-aparatuko gaixotasunak bigarren heriotza-kausa dira Euskadin (% 26,9), tumoreen atzetik bakarrik. Estatuko datuekin alderatuz, gaixotasun horietan estatuko heriotza-tasa gordinaren azpitik egotetik tasa horren gainetik (hamarrena) egotera igaro da (267,6, Autonomia Erkidego guztietan; 267,7, Euskal Autonomia Erkidegoan)”.

Hala eta guztiz ere, egia da “gaixotasun kardiobaskular aterosklerosetan, miokardio-infatuan eta zerebrobaskularren intzidentzia ez dela proportzio berean gutxitzen, handitzen baizik, eta hori gertatzen da prebentzio-programek eta arrisku-faktoreak gutxitzeko programek (kolesterol, diabetesa eta tentsio arterialeko mailak kontrolatzea) porrot egin dutelako”. IMQ-ko kardiologoak gogorarazi duenez, “tabakismoan bakarrik horren prebalentiza txikiagotzea lortu da gizonengan, kanpaina inposatzaileei esker. Osasun-hezkuntzari eta osasun kardiobaskularra sustatzeari buruzko kanpainak sustatu beharra dago”, azpimarratu du.

Arrisku-faktoreak

Gaixotasun kardiobaskularrak bihotzetako eta odol-hodietako ondoezak dira, hainbat patologia barne hartzen dituztenak, hala nola, “kardiopatia iskemiko aterosklerosoak eta endekanpenezkoak, gaixotasun zerebrobaskularrak, arteriopatiak aterosklerosoak, tronbosiak eta enboliak”.

Patologia horiek arrisku-faktore batzuek eragiten dituzte. Calvo doktoreak adierazi duenez, “gaixotasun kardiobaskularren bat izateko probabilitate handiago batekin lotzen diren arrisku baskularreko faktoreak eta markatzaileak honela sailkatzen dira: alde batetik, aldatzen ez direnak (arraza, sexua, adina, herentzia) eta, bestetik, aldatzen direnak, hala nola, kolesterol altua, hipertentsio arteriala, diabetesa eta tabakismoa; eta, horiekin lotuta, egoneko bizitza, obesitatea, alkohola, elikatzeko modu kaskarra, estresa, drogak, arrisku psikosozialeko faktoreak edo langabezia, besteak beste”.

Arrisku kardiobaskularra neurtzea

“Nork bere arrisku kardiobaskularra neur dezake, esaterako, kalkulu baliozkotuen bidez, SCORE (Systemic Coronary Risk Estimation) moduko taulen bitartez, datozen 10 urteotan gertaera kardiobaskular hilgarria izateko probabilitatea zehazteko, adina, sexua, kolesterol osoaren mailak, tentsio arterial sistolikoa eta tabakismoa aztertuz”, zehaztu du IMQ-ko adituak.

Arrisku kardiobaskularra txikiagotzea

Arrisku kardiobaskularra txikiago daiteke,“osasun-hezkuntzako eta osasun kolektiboa edo komunitarioa sustatzeko estrategia eta programen bitartez: bizitzeko erak aldatzeko, egoneko bizitza eta gehiegizko pisua baztertzeko, jarduera fisiko erregularra sustatzeko, erretzeko ohiturari utzarazteko eta jan-neurri osasungarria sustatzeko ekimenen bitartez, kolesterol-mailak, tentsio arteriala, diabetesa eta faktore psikosozialak (estresa eta antsietatea) kontrolatzen. Hots, faktore anitzetatik ekitea, erakunde eta herritarren konpromisoarekin”.

Erakunde eta herritarren konpromisoa

Calvo doktorearen ustez, “erakunde publikoak, sozietate zientifikoak, botika-industria eta nutrizio-industriak konprometitu behar dira, ikastetxeetan, auzo-elkarteetan eta gaixo kronikoen elkarteetan gaixotasun kardiobaskularraren prebentzioan eta osasun kardiobaskularra sustatzeko jakintza-alor anitzeko politika komunitarioetan sakontzeko, herritarrak berak parte har dezan”, adierazi du IMQ-ko kardiologoak.

“Herritarrak konturatu behar dira beren osasunaz gehiago arduratu behar direla. Guk, osasun-profesional gisa, aholkuak eta tresnak ematen dizkiegu beren buruak zain ditzaten, baina nork bere osasunaz arduratu behar da”, azpimarratu du Calvo medikuak.

Horren ustez, erakunde publikoen eta osasun-sistemaren “betebeharra” da herritarrei jakinaraztea beraiek direla beren gaixotasunaren protagonista nagusia eta “gizabanakoaren eta ingurune osasungarriaren arteko oreka galtzen denean” sortzen dela gaixotasuna oro har.

“Ikastetxeetan jakinarazi behar dugu hori, eta bizi-aztura osasungarriak sustatu, gaixotasun aterosklerosorik gara ez dadin, haurrak txikitatik sentikor bihurtzeko, geroan gaixotasun kardiobaskularren intzidentzia eta prebalentzia txikiagoak izan daitezen”, adierazi du IMQ-ko Calvo doktoreak.

 

ZORTZI ARAU ARRISKU KARDIOBASKULARRA TXIKIAGOTZEKO

1. Arrisku kardiobaskularreko faktore nagusiak kontrolatzea: kolesterola (<200mg/dl), glukosa (< 110 mg/dl), tentsio arteriala (<(140/90 mmHG).

2. Tabakoa. Guztiz kentzea.Lehenago edo beranduago, ondorioak izango ditu erretzeak. Nerabeek kirola egin behar dute, erretzeari ekin ez diezaioten eta bizi-aztura osasungarriak izan ditzaten.

3. Bihotzarentzat osasungarria den elikadura: dieta mediterraneoa. Frutak, barazkiak, ortuariak (5 pieza egunero). Arrainak eta oliba-olioa. Haragi gihartsuak, zerealak eta esneki gaingabetuak. Gutxiago azukre, gatz eta alkohol. Gantz aseak, elikagai prozesatuak, opil industrialak saihestea,  janari izoztuei gatzik ez gehitzea.

4. Jarduera fisikoa. Maiz, gutxienez 150 minutuz astean, 45 minutuko segidetan. Azkar ibiltzea, dantzatzea, korrika egitea, igeri egitea … kolesterola, pisua, diabetesa eta  tentsio arteriala kontrolatzen, tabakoa erretzeari uzten eta egoera emozionala hobetzen laguntzeko.

5. Pisua. Pisua kontrolatzea, adinaren arabera. Gorputz-masaren indize egokia: 20-25 Kg/m2. Obesitatea: >30 mg/m2.

6. Nork bere arrisku kardiobaskularra kalkulatzea. Joan familia-medikuarengana osasun-azterketa egiteko eta familiako aurrekari posibleak aztertzeko. Eskatu aholkua: dieta, ariketak, faktore kaltegarriak.

7. Familiaren aisia naturan egitea sustatzea. Joan naturara: ibilaldiak mendira, aire zabalean jolastu… Gutxitu gailu elektronikoak haurrengan. “Osasuna ez dago platerean, oinetakoan baizik”.

8. Estresa eta antsietatea kontrolatzea. Estresak, kalean eta etxean, bihotzarentzat osasungarria den bizitza izatea eragozten du. “Irribarre egin”.